Rikardo Arregi sariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 13:07

Rikardo Arregi kazetaritza sariaren ekitaldi nagusia burutuko da larunbat honetan Bastero kulturguneko erakusketa gunean, goizeko 11:30etan hasita.

Aurtengo edizioan ohorezko aipamena eskainiko diote Mattin Larzabal jaunari. Epaimahaiak aipamen berezia egin nahi dio ere ETB1n udaberrira bitarte eskaini zuten Sautrela literatura saioari.

Aipamen horiez gain, antolatzaileek aurreratu dutenez, ekitaldian Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” gogoan hartuko da.

Egunean bertan aditzera emango dira, bestalde, urtero banatzen dituzten hiru sari nagusiak: Sari nagusia, Epaimahaiaren sari berezia eta Kazetari berria saria.

Kike Amonarriz izango da aurtengo sari banaketa ekitaldiko aurkezlea. Ana Carrere alkateak emango dio hasiera ekitaldiari eta azken hitzak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell andrearenak izango dira.  Epaimahaikideek ere zuzenean parte hartuko dute sari-banaketan: Lorea Agirre, Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Ainara Mendiola, Joxe Rojas, Ainara Rodríguez eta Patxi Baztarrika.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!