Erreportari Gaztea: sari banaketa ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 12:20

Jadanik, XV. edizioa du Andoaingo Udalak antolatzen duen Erreportari Gaztea Sariak. Andoaingo eta inguruko herrietako gazteen artean euskaraz idazteko gaitasuna eta kazetaritza zaletasuna pizteko helburuarekin sortu zen. Aurten, inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira, eta epaimahaiak adierazi duenez, lanen kalitateak ere gora egin du.

Hamabost urte pasa dira dagoeneko Andoaingo Udalak lehen aldiz Erreportari Gaztea Saria antolatu zenetik. Baina sari banaketa ekitaldian Andoaingo Udaleko Patxi Baztarrika euskara teknikariak adierazi zuenez, saria inoiz baino indartsuago dago. Aurten, bai aurkeztutako lan kopuruak, bai lanen kalitateak ere, gora egin baitute epaimahaiaren iritziz. Zehazki, 103 ikaslek hartu dute parte aurtengo edizioan eta 53 idazlan aurkeztu dituzte. Gaiei dagokienez, aniztasun handia egon da: teknologia berriak, inmigrazioa, hezkuntza, eutanasia, kirolak eta kirol elkarteak, elikadura, ingurumena, denetariko azpiegiturak, klima aldaketa... izan dira landu dituzten gaietako batzuk.

SARIDUNAK

Ekainaren 21ean, San Juan jaien eta ikasturte amaieraren atarian, egin zen sari banaketa ekitaldia. Aurtengo sarituak honako hauek izan dira:

• Lehen Saria: "XXI. Mendeko kobazuloak" Igor Herrero, Ander Unzalu, Iñigo Martinez.

• Bigarren Saria: "AHT... Luxua ala beharra?" Maialen Diez eta Ana Hernandez.

• Hirugarren Saria: "4 gurpileko oholaren gainean" Josu Zubillaga eta Patxi Suescun.

• Aipamen berezia: "Edonor izan daiteke atzerritar" Olaia Jandula eta Alba Murillo.

Sari banaketaren ostean, sarituekin egoteko aukera izan zuen Aiurrik. Lehen Saria jaso zuten Igor Herrerok, Ander Unzaluk eta Iñigo Martinezek, eta guraso eta lagunek asko lagundu dietela adierazi zuten, erreportajea egiteko beraiengana jo baitzuten. Bada, gainera, irakaslez gogoratzen denik ere, Ander Unzaluk irakasle bati aipamen berezia egin nahi izan zion: "Josu Lekuona irakasleak asko lagundu digu, neurri batean berarengatik ere irabazi dugu". Erreportajearen gaia aukeratzeko euren esperientzia bat kontatzea erabaki zuten, eta lokalak hartu zituzten hizpide. Ikastolarako lan bat bezala hartu zutela adierazi zuten, eta ahalik eta nota onena ateratzeko helburuarekin egin zutela lana. Hala ere, inondik inora ez omen zuten espero lehen saria jasotzea.

Bigarren saria jaso zuten Maialen Diezek eta Ana Hernandezek. Gai polemiko bat jarri nahi zuten mahai gainean, aldeko eta kontrako iritziak jasotzeko, eta AHTari buruz idaztea erabaki zuten. Gertukoez gain, agintariengana, herri plataformengana eta herritar soilengana ere jo zuten datu bilketa egiteko: "Udaletxera deitu genuen alkatearekin hitz egiteko eta aurreko alkatearen ezagun bat ezagutzen genuen. AHTaren aurkako taldearekin internet bidez jarri ginen harremanetan eta azkenik, herri mailan inkesta bat egin genuen." Hauek ere ez zuten espero irabaztea, eta Maialenek adierazi zigunez, ekitaldira joateko gonbidapena jaso zutenean, ez zutela irabazi pentsatu zuten.

Hirugarren saria jaso zuten Josu Zubillagak eta Patxi Suescunek, eta euren zaletasun bat bihurtu zuten erreportajearen gai; skatea. Josu Zubillagak horrela azaldu zigun gai hori aukeratzeko ideia nondik sortu zen: "Nire osabak bultzatu ninduen skatea probatzera, bera gaztetan profesionala izan baitzen. 11 urterekin jaso nuen lehenengo skatea eta 14 urterekin hasi nintzen patinatzen. Niri gaia betidanik gustatu izan zait eta Patxi animatu nuen gai honi buruz idaztera".

Epaimahaiak aipamen berezia egin zion Olaia Jándulak eta Alba Murillok aurkeztutako lanari, eta ordainetan diploma bat jaso zuten. Etorkinei buruz idatzi zuten erreportajea Leizaran institutuko ikasleek, eta euren ikastetxean bertan kokatu zuten. Gaia nolatan aukeratu zuten azaltzerakoan irakaseengandik jasotako bultzada azpimarratu zuten: "iaz kultur aniztasun gehien zuen institututa izateagatik sari bat jaso zuen Leizaranek, eta hortik atera genuen ideia. Irakasleak baietz esan zigun eta gainera, bultzatu egin gintuen horretara, interesgarria izan zitekeela esan zigun".

Ekitaldian, udal agintari, ikasle eta irakaslez gain, gonbidatu berezi bat izan zen; Julian Iantzi telebistako aurkezlea. Kazetaritzan lan egitera animatu zituen han bildu ziren gazteak, "leku eta jende asko ezagutzeko aukera" ematen baitu lanbide horrek eta lanbide horren barruan lan desberdin asko egin daitezkeelako. Horrez gain, "El Conquistador del fin del mundo" saioko aurkezleak euskararen garrantzia azpimarratu zuen, bera "euskararengatik eta euskarari esker" hasi zelako telebistan lanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!