Kilometroak kantuaren eta bideoaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 12:17

DenOna herri ekimenak sortu du aurtengo Kilometroetako kanta, adin eta motibazio desberdinetako herritarrez osatutako taldeak. Ska eta kubatar erritmoak lantzen ditu eta publiko guztiengana iristea du helburu, ikastolaren proiektuarekin adin guztietako jendeak egiten duelako bat. Lehen hogeita lau orduetan bideoak hiru mila bisitatik gora jaso zuen internet sarean.

Aurreko ostiralean, ekainaren 22an, Kilometroak festaren kanta eta bideoklipa aurkeztu zituzten Basteron. Arantxa Idigoras Ikastolako zuzendariak, Arkaitz Lasa Kilometroak jaiaren koordinatzaileak eta Ariane Kamio DenOna ekimenaren sustatzaileak egin zuten prentsaurrekoa.

Arkaitz Lasak adierazi zuenez, Kilometroetako kanta hautatzeko prozesuan herritarren partaidetzari garrantzia eman zitzaion hasieratik. "Proposamen ezberdinak jasotzeko deialdi ireki bat zabaldu genuen, baina indargunea Andoainen jarriz, bertan musikari eta talde ugari ditugulako. Kilometroak antolatzeko helburu batzuk jarri genituen; horien artean, jaia herritarren parte hartzearekin egitea. Helburu horrekin bete betean bat egiten zuelako eta Ikastolak komunikatu nahi zuenarekin bat datorrelako aukeratu genuen proiektu hau."

Ariane Kamiok azaldu zuen DenOna egitasmoaren jatorria. Elkarlana eta auzolana oinarri dituen taldea ez dela musika talde bat azpimarratu zuen, herritar talde bat baizik. "Ikastolen mugimendua txikitasunetik eta euskararen alde egiteko helburuarekin sortu zen, eta guk ere, txikitasun horretatik, Euskal Herri osora eta euskaltzale ororengana zabaldu nahi dugu kanta. Denona izatea nahi genuen, hortik dator DenOna izena".

Abestiari dagokionez, ska eta kubatar erritmoak lantzen ditu eta publiko guztiengana iristea izan dute helburu, Kamiok adierazi zuenez. "Ikastolaren proektuarekin adin guztietako jendeak egiten du bat eta guk ere, horren aldeko apostua egin nahi izan dugu".

Bideoklipa

Arkaitz Lasak eman zituen aurkezpenaz geroztik bolo-bolo dabilen bideoklipari buruzko azalpenak. "Andoain beste gauza askoren artean Leitzaranengatik da ezaguna eta Leitzaranekin bizikleta lotzen dute askok. Horregatik bideoklipeko irudi guztietan patinak, bizikletak, moto txikiak, patineteak... erabiliz, parte hartzaileak mugimenduan ageri dira".

Parte hartzaile horiek norbanakoak eta herriko eragile desberdinetakoak dira, adin eta talde desberdinetakoak. Arkaitz Lasak eskerrak eman nahi izan zizkien guztiei, baita irudien muntaketaz arduratu den Pixel etxeari ere.

Hedapena

Arkaitz Lasak "ON egin" logoan ageri diren uhinak izan zituen hizpide azkenik. Uhin horiek guztiengana iristeko nahia adierazten dute eta horregatik, abestiaren eta bideokliparen hedapenari ekingo diote aurrerantzean.

"Andoaingo herritarren esku uzteaz gain, Euskal Herri osoko edozein taldek bere egitea nahiko genuke. Herritarrengandik sortutako kanta da eta herritarren bidez zabaltzeko asmoa dugu" adierazi zuen Ariane Kamiok.

Horretarako, kanta eta bideoaz gain, instrumentu ezberdinekin eta musika bandarekin jotzeko partiturak jarri dituzte eskuragarri kilometroak.net webgunean, nahi duenak jetsi, jo eta abes dezan.

 

Kilometroak 2012 kantuaren aurkezpen kontzertua

Aurreko ostiralean goizeko hamaiketan hedabideen aurrean kantua aurkeztu zutenerako, bideoklipa ikusgai zegoen Internet sarean. Andoaindar askok lehen aldiz Nafarroa plazan entzun ahal izan zuen baina ordurako internet bidez hainbat bider ikusi zuten. Lehen 24 orduetan bideoklipak 3.000 bisitalditik gora izan zuen. Kantuak sortu zuen ikusminaren adierazgarri da kopuru hura. Nafarroa plazan Kilometroak kantua eskaintzeko Porrotx izan zuten gonbidatu nagusi.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!