Eneko Huizi kaletxikitarra Txikitxua atzo, Kandido gaur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 12:11

Eneko Huizi (Andoain, 1978) Kaletxiki auzoan jaio zen. Han igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa, eta bertan bizi da egun, zenbait urte kanpoan egin eta gero. Beti eduki ditu gogoan auzoko jaiak, eta aurten pregoia irakurtzen duen Kandido pertsonaiaren paperean sartuko da. Une horren bezperan, hauexek Huiziren adierazpenak.

Nola animatu zinen Kandido izatea?

Eneko Huizi. Orain laupabost urte ere proposatu zidaten, baina ezin izan nuen lana zela eta. Gogoz geratu nintzen orduan. Aurten, Ramon Zalakain jai batzordeko kidea etorri zitzaidanean, ez nuen zalantzarik eduki. Ohore bat da niretzat jaiak auzora ekarri eta pregoia irakurtzen duen pertsonaiarena egitea. Gainera, nire aita ere Kandido izan zen orain zortzi urte, eta asko maite dugu ekitaldi hori familian.

Gaztea nintzenean Txikitxu bezala atera nintzen, eta badakit zein polita den ekitaldi hori. Gogoan daukat nola hasi zen Kandido eta bere Txikitxuen ohitura orain urte mordoska: Mirentxu, Rakel, Nekane, Dani eta horiek antolatu zuten dena, eta bigarren urtetik aurrera, orduan haur eta gazte ginenok gustura asko hasi ginen bertan parte hartzen!

Berezia da zuretzat ekitaldi hori, beraz…

Eneko Huizi: Errotutako ohitura bihurtu da, eta Kaletxikiko ikonotzat har dezakegu gaur egun. Kaletxikitarrok gure-gurea sentitzen dugun usadioa da, non komitiba Goikoplazatik abiatuta aldapan behera jaisten den, zapi berdea zintzilikatze den, pregoia irakurtze den… 

Egia esan, Kaletxiki auzo txikia da, baina jaiei dagokionez auzotarrak beti saiatu izan dira gauza berriak eta besteengandik ezberdinak egiten, gogoa eta irudimena erabiliz betiere. Normalki asmatu egin izan dute, nire iritziz.

Gainerakoan, nola bizitzen dituzu Kaletxikiko jaiak?

E.H.: Hamar urte kanpoan bizi izan naiz, eta ez ditut nahi bezain gertu eduki. Hala ere, oso oroitzapen onak ekartzen dizkit. Modu pertsonalean atzera begira jartzen zarenean, eta unerik gozoenak gogora ekartzen dituzunean, orduan konturatzen zara zenbait egoerek zenbateko garrantzia edo eragina eduki izan duten zure bizitzan. Alde horretatik, Kaletxikiko jaiek niregan errotuta dagoen oroitzapena osatzen dute.

Bizipen zehatz horietako zenbait aipatuko al zenituzke?

E.H.:  Haurra nintzela, esaterako, oso gogoko nituen gauean askatzen zituzten zezenak ikustea. Kale erdian zezena askatuta jokatu ohi zen futbol partida mitiko haietako batean ere parte hartutakoa naiz, 13 urterekin. Hurrengo urtean, danborradan atera nintzen lehenbiziko aldiz. Nahiz eta urtetan utzita eduki, orain bi urte berriro heldu nion danborradari, nire aitak parte hartzen zuela 25 urte betetzen zirela eta.

Txosnan edo sagardo lehiaketetan zerbitzatzea ere tokatu izan zait zenbait urtetan, eta beraz, Kaletxikiko jaiak modu ezberdinetan bizi izan ditudala esan daiteke.

Gazteentzat jaiak erakargarriak direla esango al zenuke?

E.H.: Programari begiratuz gero, esaterako, larunbateko rock kontzertua gazte sentitzen den edonorentzat behar du izan erakargarria. 

Aitortuko dut gure gazte garaietan, behin 02:00etan dantzaldia bukatuta, Lasarteko San Pedroetara abiatzen ginela. Hala ere, topikoa da, baina ondo pasatzeko norberak jai girorako gorputza edukitzea da oinarrizkoena, zauden tokian zeudela ere. Zu gustura bazaude, hortik aurrera ingurukoak ere kutsatu egingo dituzu.

Zer esanez gonbidatuko zenuke Andoaingo edonor Kaletxikira jaitsi dadin asteburuan?

E.H.: Gozatzeko moduko jai giroa izaten dela, eta oso jende jatorra aurkituko duela bertan. Jai batzordeak egundoko ahalegina jartzen du antolaketan, eta auzotarrek ere bere-bereak sentitzen dituzte jaiak, ekitaldi guztietan parte hartuz.

Kaletxiki errepublika independientea dela esan izan da beti, eta ez da gezurra. Apalak dira bere jaiak, baina badute xarma berezia, eta bertara hurbiltzen den kanpotar hori ez da damutuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!