Xochilt-Acalt elkartea 1991ean sortu zen, Larreynaga-Malpaisilloko udalerrian, nekazalguneetan emakumeek jasaten duten bazterkeriari aurre egiteko. Hain justu, egunotan emakume horien garapen integrala deskribatzen duen dokumentala herriz herri aurkezten ari dira, “Xochilt Acalt, un sueño hecho realidad” izenburua duena eta Arantxa Gurmendi egile duena. Gaur egun, 85 pertsonek egiten dute lan erakunde horrek dituen sail ezberdinetan, eta 600 emakume gazteei laguntzen die hezkuntza arloan. Hain zuzen ere, bigarren hezkuntza ikas dezaten laguntza ematen diete, gero, goi mailako ikasketak edo unibertsitateko ikasketaekin jarrai dezaten. Mertxe Brosak hitzarmenaren ekitaldian azpimarratu zuen bezala, “emakumeen bizitza duinaren eta burujabetasunaren alde jarduten du elkarteak”.
Urte asko darama elkarteak asmo horrekin eta begi bistakoak dira emaitzak: “Abian jarritako prozesu ideologiko horretan parte hartu duten makina bat emakumek hainbat lanbidetan jarduten dute gaur egun: gizarte zerbitzuetan, albaitaritzan, medikuntzan, nekazal tekniken garapenean, etab”. Brosaren esanetan, “emakume horiek etxean geratzea eta haurrak edukitzea beste biderik ez zuten iraganean, baina orain, eman zaien laguntza akademikoari esker, burujabe egin dira; bizitzako hainbat ate ireki zaizkie. Hitz gutxitan mundu ikuskera erabat aldatu zaie”. Are gehiago, erakundea osatzen dugun 85 pertsonetatik gehienak heziketa prozesu horretatik igarotakoak dira.
Bestalde, Miren Agirreurreta gizarte zerbitzuetako zinegotziak hiru arrazoi azaldu zituen Xochilt Acalt erakundea diruz laguntzeko: Lehenbizi, “emakumeen formakuntza bultzatzen du, menpeko egoeratik irteten eta lan merkatuan sartzen laguntzeko asmoz. Bigarrengoa, egitasmoa formakuntza jaso duten emakumeek gizarteari ekarpena egiteko bideratuta dago egitasmoa.
Hirugarrengo arrazoia azaltzerakoan, Mertxe Brosa bera aipatu zuen Agirreurretak: “bere ibilbidea bermea da
guretzat, eta badakigu andoaindarron dirua era zuzenean eta gardentasunez erabiliko dela”.
BROSAREKIN SOLASEAN
Mertxe Brosa Xochil Acalt erakundeko sortzaileetakoa eta zuzendaria da egun; bere bizitzaren erdia eskaini dio erakundeari.
Urtero etorri ohi zara Andoainera, Santa Krutz jaiekin batera…
Mertxe Brosa: Santakrutzak dira nire jai nagusiak eta aitzakia horrekin hurbiltzen naiz jaioterrira, egun batzuk bertan igarotzera. Asko gozatzen dut, izan ere, ni bezala herritik kanpo bizi diren lagun askorekin egoteko modua izaten dut. Tarteka, 40 urtez ikusi gabeko adiskideekin egiten dut topo. Jaiak igaro ondoren, Andoaingo Udalarekin eta beste zenbait erakunde laguntzaileekin egin behar diren gestioak egin, eta berehala joaten naiz Nikaraguara.
Zenbat urte daramatzazu Nikaraguan, kooperante gisa?
M.B.: 30 urte denera. Lehenbiziko 10 urteak Komite Internazionalistetako eta Mugarik Gabe elkarteko ordezkari gisa, eta azken 20 urteak Xochilt Acalt erakundearekin.
Ez al duzu herriminik sentitzen?
M.B. Bai, baina urteroko bisitek sentimendu hori arintzen laguntzen didate. Euskal Herriko mendi ibilaldiak nituen gogoko, eta horixe botatzen dut faltan; Nikaraguan klima oso beroa da eta segituan geratzen zara leher eginda, mendirako gogorik gabe. Dena den, esan beharra daukat hango bizimodura egina nagoela erabat.
Berriro hona itzultzeko ideia ez duzu aztertu, hortaz…
M.B. Ez. Hango egoera ezagutzeak hantxe borrokan jarraitzera bultzatu nau 30 urtez, eta horrela jarraitzeko asmo sendoa daukat. Nikaraguan beti ohitu gara behean egotera, daukagun gutxiarekin moldatzera, hemen zuek ez bezala.