Komunikazio tresna hauetan bi zati nagusi landu dira. Alde batetik, argitalpenak eta bestetik, webgunea. Argitalpenei dagokienez, lehendik zegoen “Zer Ote? gida” mantendu egin dute. Eskuorri hau, etxe guztietara iristen da eta bertan, Udalak eta herriko elkarteek antolaturiko ekitaldien berri ematen da. Horrez gain, gai sakonagoak biltzen dituen Plazaberri izeneko aldizkaria sortu dute. Aldizkari hau hiru hilabetean behin argitaratzen da, urtaro aldaketekin batera eta bertan, Udala egiten ari dena jakinarazteaz gain, herritarrek, eta bereziki herriko elkarteek, beren txokoa dute. Gastu ekonomikoak murriztu asmoz, Plazaberriko informazioa komunikazio eta parte hartze batzordeko zenbait kazetari zizurkildarrek lantzen du, bolondres gisa.
Webguneari dagokionez, aurrekoak informazioa igotzea asko zailtzen zuela eta diseinu aldetik oso zurruna zela ikusirik, aukera desberdinak aztertu ondoren, erabat berritzea erabaki zuten. Hori horrela, kode irekiko sisteman landutako webgunea (www.zizurkil.com) sortu dute, lau helburu ardatz izanik: diseinua, herritarrei informatzeko eta parte hartzeko aukera gehiago emango zizkien atari bat sortzea, informazioa igotzea erraztea eta Zizurkilgo Udalaren atari guztiak bildu eta gune erreferentziala sortzea.
Jada, berrikuntzak eginda daude eta orain tresna horiek indartsu eta bizirik mantentzea da Udalaren helburua.