Gaztañaga San Juan jaietan denboraldiari ekin aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 21a, 11:45

Realarekin zuen kontratua beste bi urtez berritu du Jon Gaztañagak. Gustura dago aurten egindako denboraldiarekin. Futbolari dagokionez, oporretan da eta San Juan jaietan atseden txiki bat hartu eta gozatzea du helburu, uztailerako, berriz ere, futbolean jokatzeko prest egon beharko baitu. Lehen taldea gertu egonik, andoaindarrak aukerak baliatzea desio du.

Hasiera batean martxa hartzea kosta bazitzaien ere, denboraldi ona egin du Realaren bigarren taldeak, Sansek. Bigarren itzuli oso ona egin ostean, mailari eustea lortu dute. Jon Gaztañaga andoaindarrak 38 partidatatik 30 inguru jokatu ditu, eta gustura dago egindako lanarekin. Oraintsu bi urterako sinatu du kontratua.

Realarekin zenuen kontratua berritu duzu. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Orain beste bi urte jarraitzeko sinatu dut. Bi urte horiek, hasiera batean, Sansen jokatzeko dira. Lehen taldera igotzeko aukera ematen badidate aprobetxatu beharko dut, eta bestela Sansen jokatzen jarraitu.

Eta Realarena?

Reala ondo dabil nire ustez. Azkeneko urteetan geroz eta denboraldi hobeak egiten ari direla uste dut. Esango nuke igoeraren urteaz geroztik hobera doazela. Orain, lehen mailan mantentzea da lehen helburua eta behin hori lortuta, sailkapenean ahal den posturik onenean geratzen saiatu beharko dira.

Aurre-denboraldia lehen taldearekin egingo al duzu?

Ez. Aurre-denboraldia Sanserekin egingo dudala esan didate. Egin izan dut lehen taldearekin, baina ez osorik, orain dela bi urte hilabete bat egon bainintzen beraiekin. Baina aurten ez dut aukera hori izango.

Aukera ona izango da lehen mailako jokalariekin entrenatzea ezta?

Bai, noski. Harrobian gaudenon helburua lehen taldera igotzea da. Beraiekin entrenatzen dudan bakoitzean dena ematen saiatzen naiz, ea horrela beraiekin partidaren bat jokatzeko aukera sortzen den.

Azken aldian Zubietatik jokalari asko igotzen ari dira lehen taldera. Horrek itxaropena sortzen al du harrobiko jokalariengan?

Bai. Azken finean orain igotzen ari direnek gurekin jokatu dute txikitatik. Beraiek gora doazela ikusteak, guk bide bera egiteko aukera gertuago ikustea ekartzen du. 

Zein jokalariren aurka jokatzea gustatuko litzaizuke? Zergatik?

Lehen mailako edozeinen aurka jokatuko nuke gustura, baina ez dut bereziki inoren aurka jokatzeko gogorik. Hala ere, beti fijatu izan naiz Xabi Alonsoren jokoan.

Eta zein jokalarirekin egingo zenuke parranda?

Nire taldeko edozeinekin.

Futbolariek parrandazale fama dute. Zure kasuan betetzen al da topikoa?

Normalean hala izaten da, fama hori dugu. Niri ere gustatzen zait parranda pixka bat egitea. Hori bai, beti partida eta gero. Partida aurretik zintzo ibiltzea besterik ez dago. 

Sanjuanetan zein ekitalditan ikusiko zaitugu?

Ahal den guztietan azaltzen saiatuko naiz. Herriko festetan beti bueltaka ibiltzen gara.

Egunez ala gauez?

Egunez eta gauez, 24 orduz.

Zer botatzen duzu faltan Sanjuanetan?

Ez dut ezer botatzen faltan, ni beti gustura ibiltzen naiz.

Ze musika talde edo abeslari ekarriko zenuke San Juanetara?

Ez dut talde bat bereziki gustuko. Musika mota guztiak gustatzen zaizkit niri.

Aurreko urteetan Kontzejupeko txapelketan parte hartu izan duzu. Aurten ere bai?

Ez, aurten ez dut jokatuko. Uztailean futbolean jokatzeko prest egon beharko dut eta lesionatzeko arriskua beti hor dago. Ahal den neurrian, arrisku horiek guztiak sahiestu behar ditut.

Zein da zuretzat festetako plan borobila?

Lagunekin afaldu eta parranda on bat botatzea da niretzako planik onena.

Eta konpainia onena?

Kuadrilakoak, dudarik gabe.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!