Musika eskaintza oparoa San Juan jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 21a, 11:38

Aurten ere musika eskaintza zabala izango da San Juan jaietan. Ekainaren 22tik 25era gauero kontzertuak izango dira Goikoplazan eta Nafarroa plazan. Eskaintza zabala da, gustu guztiak asetzeko modukoa: rock doinuak, trikitixa, erromeriak, diskoteka, ska, doinu kubatarrak... Andoaingo taldeek ere parte hartze nabarmena izango dute.

Ikusmina sortu ohi dute Sanjuanetako kontzertuek. Aurreko astean aurreratu genuenez Laket, La Jodedera, Joseba Tapia, Xutik, La Pulqueria, Ingo al deu?, Gozo Gozo, Zea Mays, R, Gora Gora Kids eta Gaztejai diskoteka izango dira aurten San Juan jaiak musikaz bustitzeko arduradunak. Horra talde bakoitzari buruzko aipamen txiki bat:

Laket

Maitane Ayerza, Aiora Urdangarin, Zigor Segarna, Jon Mari Beasain eta Iñigo Muñozek osatzen duten erromeria taldea da. 2005an trikitixa eta pandero lehiaketak utzi eta erromeriatan jotzen hasi ziren. Ordutik, Euskal Herri osoan zehar ibili dira, herri askotako festak alaitzen.

La Jodedera

Duela urte eta erdi inguru sortu zen erritmo kubatarrak eta euskaldunak batzen dituen taldea. Bi euskaldun eta bi kubatarrek osatzen dute taldea, tartean Jon Oiartzun Andoaingo musikaria. Musika freskoa, atsegina, naturala eta forma akustikoan egiten dute. Abestien letra batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz dituzte eta bertsioak ere egiten dituzte. Kalean abestea dute gogoko eta jadanik disko bat grabatu dute.

Joseba Tapia

Aski ezaguna da Joseba Tapia Euskal Herriko musikagintzan. Leturia panderojolearekin urte mordoa igaro ondoren, 1998 bakarkako ibilbideari ekin zion. "Apoaren edertasuna", "Quebec", "Agur Intxorta maite" eta "Real politik" diskoen ostean, 2010ean kaleratu zuen "Eta tira eta tunba", Bigarren Gerra Karlista ardatz duena. "Agur Intxorta maiten" Gerra Zibileko bertsoekin egin zuen bezala, oraingoan karlistek eta liberalek utzitako bertsoak musikatu ditu lasartearrak. 

Xutik

Iparraldetik datoz Xutik taldeko kideak. Zpeiz Mukaki taldea osatzen zuten eta proiektu berriak sortzeko zuten gogoaren ondorio da Xutik. Beren lehenengo lanarekin etorriko dira Andoainera, Mukaki Zpirit. Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek kolaboraatu dute lan honetan, Xabi Solanok, Eñaut Elorrietak, Amets Arzallusek... Beren musika eta hitzek gaur egungo pasibotasuna uxatu nahi dutela diote. EZARRI XUTIK TA MUGITU!

La Pulqueria

Valentzian sortu zen La Pulqueria 2000. urtean. Hainbat estilo nahasten dituzte, hard rock, ska eta rantxerak, esaterako.  2004an kaleratu zuten euren lehen lana; "Corridos de amor". 2010ean diskografiarekin lan egiteari utzi eta beren kaxa egindako lana argitaratu zuten; "Fast Cuisine". Sukalde lana eurek egin eta entzuleek bere etxean dastatzeko ideian oinarritzen da. Lan horretako abestiak plataforma digitalean bakarrik eskurragarri jartzea erabaki zuten, iTunes, Spotify edo beren webgunean adibidez.

Ingo al deu?

Andoaindarrak aski ezagunak dira dagoeneko herrian, eta baita kanpoan ere. Umorea eta giro ona ardatz hartuta, beste taldeen bertsioz, abesti propioz eta  "Danza Kuduro", "Ai se eu te pego" bezalako kanta ezagunen euskarazko bertsioz osatutako errepertorio zabala dute. Gainera, Aitor Arruti, Antton Arruti, Ion Beloki, Imanol Iribarren eta Jon Eskuderoren eskutik "Tzanpionza" Finlandia saioko parodiari egin dien kanta berria entzun ahal izango da.

Gozo Gozo

Andoaindarrak hauek ere. Maialen Santa Kruz, Ezkide Oteiza, Leire Esnaola, Lorea Soto, Aimar Urruzuno eta Mikel Urdangarin dira Gozo Gozo 2010ean sortu zutenak. Beñat Azaldegi tolosarra batu zitzaien ondoren. Erromeria talde honek ere Euskal Herriko txoko askotan jo izan du.

Zea Mays

1997an sortu zuten Zea Mays Aiora Renteriak, Ruben Gonzalezek, Asier Basabek eta Iñaki Imazek, Bilbon. 1997an 7 kantuz osaturiko maketa grabatu eta Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuten. Bilboko pop-rock lehiaketan talde euskaldun onenaren saria irabazi zuten 1998an. Ibilbide luzea dute dagoeneko eta sei disko kalean. Europan ere ibili dira, Alemanian eta Holandan kasu. "Negua joan da ta" edo "Elektrizitatea" bezalako abesti ezagunak entzun ahal izango dira euren eskutik.

R

90eko hamarkadaren erdialdean sortu zen R taldea, Andoainen. Rock musika egiten du Asierrek, Roberrek eta Iñigok osatzen duten hirukoteak. Taldearen ibilbidea lasaia izan da. 2002 urtean 10 kantaz osatutako maketa argitaratu zuten. 2003an Metak disketxearekin lan egin zuten, "Hedatuz" diskoa kaleratzeko eta azkenik, "Uneak" lana kaleratu zuten 2009an, Bonborenea Tolosako gaztetxearen laguntzaz.

Gora Gora Kids

Xabier Sagardiak, Igor Astigarragak, Koldo Almandozek eta Arkaitz Villarrek sortu zuten Gora Gora Kids 2008an. Rock and Roll doinuak lantzen dituzte, garage eta surf estiloak uztartuz. Argitaratu berri duten "Horror Songs" laneko abestiak entzun ahal izango dira Nafarroa plazan.

Gaztejai Diskoteka

Nemux produkzioen eskutik, denetariko musika entzun ahal izango da diskofestan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!