Eskuderok ez du umorea galdu, lesio larria izanik ere

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 21a, 11:27

Herriarteko pilota txapelketako azken partidan min hartu zuen eta zortzi hilabeterako belauneko lesio larria du Jon Eskuderok. Sanjuantetan ez da egongo beraz, Mikel Goñiren aurkako partida ikusgarrian. Ingo al deu? taldearekin kontzertuak emateari ere utzi beharko dio. Umorea behintzat ez du galdu

Herriarteko txapelketako azken kanporaketan min hartu eta frontoia utzi behar izan zuen Jon Eskuderok. Belauneko lesio larriaren ondorioz, zortzi hilabete geldirik egon beharko du. Eskudero ez da ordea, geldirik egotekoa.

Lehenik eta behin, herriarteko pilota txapelketako azken partidan min hartu zenuen. Zer moduz zaude?

Korrika nindoala gorputza alde batera joan zitzaidan eta belauna bestera. Momentuan "krak" bat entzun nuen eta berehala konturatu nintzen zerbait larria nuela. Aldageletara jaitsi nintzenean hiru aldiz zorabiatu nintzen, minaren minez. Traumatologoak esan zidan belauneko lotailu gurutzatua hautsia nuela. Zortzi hilabete beharko ditut berriz kirola egiteko. Kirofanoei eta orratzei sekulako beldurra diet eta orain horri aurre egin beharko diot. Momentuan mundua erori zitzaidan gainera.

Frontoian zaleak altxa eta zure izena oihukatu zutenean mina goxatu al zitzaizun?

Orain hasi naiz momentu horren inguruan hausnartzen. Gertatu zenean, buruan mina eta kezka nituen. Ez nuen bizi izan gustatuko litzaidaken bezala. Burumakur irten nitzen frontoitik, bi lagunei bizkarretik helduta, baina benetan eskertuta nago.

Ez zara egongo Sanjuanetako partidan Goñiren aurka...

Ez Goñiren kontrako partidan, ez Behobia-Donostian −asko entrenatzen ari nintzen−, ezta parrandetan ere. Goñiren kontrako partidarako sekulako ilusioa nuen. Gainera herriarteko kanporaketa eta Goñiren aurkakoa nire azken partidak izango zirela esaten nenbilen. Arantza hori geratu zait.

Oholtzaren gainean ikusi ahal izango zaitugu ordea...

Bai, oholtza gainean egongo naiz. Ostiralean hartu nuen min eta larunbatean kontzertua jo genuen. Asteburu honetan ere bi kontzertu izan ditugu, eta bietan egon naiz. Sanjuanetan ere azalduko naiz. Hortik aurrera ordea, geratu egin beharko dut, irailera arte behintzat, operatu egingo bainaute. Gero, Ingo al deu? desagertzen ez bada behintzat −eta ez da desagertuko−, oholtzara itzuliko naiz.  

Zer sentitzen da Sanjuanetako larunbatean jotzean?

Iaz, larunbatean jo genuen Esne Beltzaren aurretik. Oso berezia izan zen guretzat egun hura. Aurten, gainera, azkenak izango gara eta plaza beteta egongo da. Beti pentsatzen dut "behar den bezala erantzungo al dugu?". Baina leku askotatik deitzen digute, eta zer edo zer ondo egiten dugula sinesten hasita nago.

Herrian edo kanpoan jotzea, zer duzu nahiago?

Kontzertu bat aukeratu beharko banu aurtengo Santakrutzetakoa aukeratuko nuke; gaindiezina. Bestalde, herrian jotzeak lan askoz gutxiago eskatzen du eta zerbait berezia du. Esaerak dioen bezala "Etxean bezala inon ez".

Non joko zenuke Ingo al deu?-ekin?

Belokirekin askotan komentatu izan dut zein izango ote den Gipuzkoako plazarik onena eta Ibarra dela esaten dugu. Nafarroakoa aldiz, Lesakako Sanferminak. Ibarran pasa den asteburuan jo genuen  eta oso gustura aritu ginen. Orain, Lesakan jotzeko erronka jarri diogu gure buruari.

Ze kantari edo talde ekarriko zenuke San Juan jaietara?

Niri ez zait kanpoko taldeak ekartzea gustatzen. Rantxerak hemengotzat jotzen ditut, jada integratuta daude hemen. Baina nahiago dut Pantxoa eta Peio edo Benito Lertxundiren gisako kantariak lasai eserita ikusi. Horrez gain, gustura Ska-P ekarriko nuke. Orain, beraien kantak ikasten hasi gara Ingo al deu?-en kontzertuetan jotzeko.

Eta parrandara, nor gonbidatuko zenuke?

Aita. Umorea du eta beti kantatzen ibiltzen da, baina inoiz ez dut parrandarik egin berarekin. Beti gaztetako kontuak kontatzen ditu, baina gustura ikusiko nuke nola moldatzen den parrandan.

Herrian nahiko ezaguna zara, baina askok ez dute jakingo Berrian eta Info7n lan egiten duzula...

Info7n lanean baino gehiago pilota aditu moduan nabil, astelehenetan komentatzen ditut astebukaerako partidak. Neskalagunarekin eztabaidak edukitzen nituen igande arratsaldetan beti pelota partidak ikusi nahi nituelako, eta orain badut aitzakia. Berrian ere oso gustura nago, "Kirolak" sailean, kirola baita niri gehien gustatzen zaidana. Gainera, curriculum polita osatzen ari naiz. Lisboan, Bukaresten eta Madrilen egon nitzen. Emaitzak ez dira onak izan baina nire lana txukun bete dudala uste dut.

Urte ona tokatu zaizu Athletic-en albisteak idazteko, ezta?

Bai, bai. Realarekin ez dago horrelako aukerarik. Ni Athletic zalea naiz txikitatik eta asko ari naiz disfrutatzen. Aurtengoa urte ona izan da, baina hobeak etorriko dira.  

Lagun errealzaleak edukiko dituzu. Zer esaten dizute?

Bai, asko ditut. Ez didate ezer esaten, ni hasten naiz eta azalpenak ematen. Gainera, aditu paperean jartzen naiz eta denak isilarazten ditut. Beraiek hitzez esaten dutena nik sailkapena erakutsiz frogatzen dut. Hala ere, aitortu behar dut Realeko bazkide naizela.

Lesioak utziko al dizu orain arteko erritmoan bizitzen?

Ez, eta horrek izorratu nau gehien. Nik agenda beteta edukitzen dut, eta lesioak erabat mugatzen nau, janzteko ere laguntza behar baitut. Espero dut lesioak beste zerbait erakustea, geldirik egoten eta sendagileei diedan beldurra kentzen. Gainera, kiloak ere oso erraz hartzen ditut, eta horrek ere kezkatzen nau. Gabonetako sendatuko naiz gainera; berriz ere jaten hasteko garairako. Ondoren, sagardotegi denboraldia eta herriko festak etorriko dira. Euskal Herrian ezin da dietarik egin, borondate handia behar da.

Hala ere, batzuetan eskertzen da ez jotzea ere. Iazko uda ondoren esaten genuen gure bizitzei pare bat urte kenduko genizkiela. Izugarrizko erritmoan ibili ginen. Ni askotan goizeko seietan oheratu eta zortzietan lanera joaten nintzen. Baina esaten den moduan, "a quien algo quiere, algo le cuesta". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!