Tolosaldeako baserri-paisaiek gordetzen dituzten altxorrak agerian jartzeko asmoz Tolomendik sustatu duen proiektuaren esparruan herritarrei zuzendutako lehen partaidetza saioa ospatu zen ekainaren 13an Villabonan. Hurrengo saioa ekainaren 27an ospatuko da, toki berean, eta saio batetik bestera doazen bi asteetan partaideek ariketa txiki bat egingo dute, haien ustez baliotsuak diren eskualdeko hainbat txokori buruz fitxa labur bat betez.
Lehenengo saioa partaideek paisaiari buruz zuten kontzeptua batera jartzen hasi zen, eta eskualdeko paisaiei buruzko datu orokor batzuk aztertu ondoren, herritarren partaidetza errazteko asmoz sortu den fitxa aurkeztu zen. Ondoren, gerturatu zen pertsona bakoitzak Tolosaldeako zein toki bisitatzeko asmoa zuen adierazi zuen, eta ekainaren 27an berriro elkar ikustekotan geratu ziren.
Lehen saiora etorri ahal izan ez zuen inork proiektu honetan parte hartu nahi izanez gero, Tolomendiren web orrian (www.tolomendi.net), blogean (tolomendi.blogspot.com) eta facebookeko orrian (www.facebook.com/Tolomendi) informazioa du eskura.