"Disco Death" su artifizialak baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 15:18

Su artifizialak geldirik ikusi beharrean, mugituz eta bertatik bertara ikusteko aukera izango da ekainaren 26an.

Su-artifizialak geldirik ikusi beharrean, mugituz eta bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izango da San Juan jaietako azken egunean, ekainaren 26ean. "Disco Death" piroteknia eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna 22:30tan Juanita Alkain plazan hasi  eta Goikoplazan amaituko da.

Urtero izaten da Sanjuanetako egitarauan berrikuntzaren bat eta aurten Herrialde Katalanetatik datorkigu, "Disco Death" piroteknia eta antzerkia batzen dituen ikuskizunarekin. 9 aktore herriko kaleetan zehar ibiliko dira, musika, sua, antzerkia eta herritarren parte hartzearekin euren istorioa eraikiz. Euskal Herrian lehen ere egonak dira, Leikeitioko kale antzerki jaialdialdian egon baitziren.

Andoaingo kaleak antzoki erraldoi bihurtuko dira "Disco Death" ikuskizuna iristen denean. Antzezlanean kontatzen den istorioa XIV. mendeko "Heriotzaren Dantzan" oinarritua dago. Segaren Damak herritarren lista pasatzen du eta gizarteko pertsonaia garrantzitsuenak falta direla ohartzen da, Eliza, Kapitala, Politikoa eta Militarra, hain zuzen ere. Herritarren laguntzaz iheslarien bilaketa hasten du, kalejira baten bitartez. Kalejiran, offeko ahots batek, Heriotzaren Damak, iheslariei dei egiten die.

"Disco Death" ikuskizunak Correfocs su-artifizialen teknika erabiltzen du bere antzezlana ikusgarriagoa bilakatzeko. Herrialde Katalanetan oso ezaguna da piroteknia teknika hori, eta XII. mendetik egiten den “Ball de diables” delakoan du jatorria. XX. mendean pirotekniak indar gehiago hartu zuen, gaur egungo Correfocsera iritsi harte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!