Eskola Txikien Festaren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 15:14

Aurten Eskola Txikien Festa antolatzeko ardura izan duten Larraulgo Guraso Elkarteak eta Udalak,  balorazio ezin hobea egin dute ekimenaz:

Eskola Txikien Festa antolatzen Larraulgo ehun eta berrogeita hamar herritar aritu izana da nabarmendu nahi dugun lehenengo ezaugarririk baikorrena, Festak herritarrak elkartzea eta auzolana sustatu dituelako. Era berean, bereziki eskertu nahi ditugu Festa Egunean antolakuntzan laguntzera etorri ziren bailarako adiskideak, eta Festa egin ahal izateko beren laguntza ekonomikoa eskaini diguten Larraulgo, Asteasuko eta bailarako enpresak.

Pozik gaude oso, Eskola Txikien Festak Larraulgo eskolaren proiektua gizarteratzeko balio izan duelako. Eta XXV. urteurrena izanik, Eskola Txikien mugimendu osoak festa bere sentitu zezan, Gipuzkoako hogeita sei eskola txikietako komunitateek egin duten lana txalotu eta eskertu nahi dugu, ikasturtean zehar eskola txikietako gurasoek, irakasleek, zein Udal ordezkariek hainbat ekimen gauzatu baitituzte, XXV. urteurrena merezi bezala ospatzeko.

Festa amaituta, “Eskola bizia, herri bizia” dokumentalak egingo duen bidearekin itsaropentsu gaude Larraulgo Guraso Elkartea eta Udala. Dokumentala Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak ekoitzi du, eta dokumentalaren egilea Larraul bertako guraso bat izan da, Iñaki Alcalde. Ikus-entzunezko honek eskola txikien benetako balioa gizarteratzeko balioko duela espero dugu, eta irailetik aurrera eskola txiki bakoitzak bere herrian dokumentalaren proiekzioa antolatzea da asmoa, herriko eskola komunitate osoa elkarturik (Udala, gurasoak eta irakasleak). Modu horretan, dokumentalak hiru eragileen arteko elkarrizketa, elkarlana eta aurrera begirako gogoetak eragitea da asmo nagusia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!