Sokamuturra San Juan jaietan nahi dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 15:13

Zezenketen harira hainbeste eztabaida sortzen ari den garaian, bada Andoainen sokamuturaren ohitura berreskuratzeko nahia agertzen duena. Herriko bi gazte sinadurak biltzen ari dira. 

Beñat Arizaga eta Aitor Eraso La Salle-Berrozpe ikastetxeko ikasleak dira eta Erreportari Gaztea lehiaketarako sokamuturrari buruzko erreportajea aurkeztu zuten. Zezenketa mota hori, berriz ere, Andoaingo San Juan jaietara itzultzea nahi dute, eta horretarako lanean ari dira. Dagoeneko 500 sinadura bildu dituzte.

Betidanik gogoko izan al duzue sokamuturra?

Beñat Arizaga: Txikitatik ibili izan gara sokamuturraren inguruan, baina Andoainen egiten ez denez, beste herrietara joan behar izaten dugu.

Aitor Eraso: Bai, betidanik gustatu zaigu. Etxekoek eta lagunek zaletasuna pasa digute.

Beste herrietan sokamuturra egiten denean joaten zarete?

Aitor Eraso: Bai, parte hartzen dugu. Hemen inguruko herri askotan egiten da sokamuturra, adibidez, Hernanin, Tolosan eta Lasarten.

Beñat Arizaga: Pixka bat urrutiago ere badago zaletasuna, Azpeitian eta Ordizian esaterako.

Nola jakin zenuten Andoainen sokamuturra egiten zela?

Aitor Eraso: Aiton-amonek ikusi zutenean sokamuturra gustatzen zitzaigula kontatu ziguten Andoainen bertan ere egiten zela, eta zaletasun handia zegoela.

Zergatik utzi zitzaion sokamuturra egiteari?

Beñat Arizaga: Artxiboan esan zigutenez, Andoainen Eusko Jaurlaritzaren arau baten ondorioz kendu zuten.

Aitor Eraso: Izan ere, herriko ohitura zaharra bazen bakarrik mantendu zitekeen sokamuturra, eta ohitura kontsideratzeko urte jakin batzutako ibilbidea eduki behar zuen sokamuturrak herrian. Harrapaketak eta hildakoak ere egon ziren, eta ondorioz aseguruen prezioa igo egin zen.

Arriskutsua al da sokamuturra?

Beñat Arizaga: Sokamuturrean ibiltzen denak badaki nola jokatu behar duen. Gainera, ez da gauza bera festetan sokamuturra goizean edo arratsaldean jartzea.  

Aitor Eraso: Arriskutsua izan daiteke, baina sartzen denaren erantzukizuna da.

Animaliak ez al du sufritzen horrelako ekintzetan?

Aitor Eraso: Ez, ez du sufritzen. Sokarekin lotuta dago, baina bere kontura ibiltzen da.

Sinadurak biltzen aritu zarete, zer esaten dizue jendeak?

Aitor Eraso: Gehienei ez zaie axola. Baina badago 30-40 urte bitarteko jendea, sokamuturra egiten zen garaian zer giro egoten zen gogoratzen duena, eta sokamuturra itzultzeko gogoa dute.

Zer esan dizuete udaletxean?

Beñat Arizaga: Eskaera horri bat egin genuen, baina ez ziguten erantzun.

Aitor Eraso: Eusko Jaurlaritza da gai honetan erabakitzeko eskumena duena, beraz, udalak ezer gutxi egin dezake.

Zuek bezalako gazteen artean zaletasuna al dago?

Beñat Arizaga: Bai, nik uste dut zaletasuna badagoela. Gu beste herrietara joaten garenean gure adineko jendea ikusten dugu.

Aitor Eraso: Gainera, behin sokamuturra jarri ondoren, herrian zaletasuna sor daitekeela uste dugu. Sokamuturra berreskuratuz gero beste herrietako jendea ere etor daiteke.

Zestoan orain gutxi galdeketa bat egin da zezenketen inguruan. Zer iruidituko litzaizueke sokamuturra jartzeko galdeketa bat egitea?

Aitor Eraso: Ondo egongo litzake, baina horrelako galdeketetan politika kontuak sartzen dira eta gauzak nahasten dira.

Sokamuturra eta bestelako zezenketak desberdinak direla esango zenukete?

Aitor Eraso: Bai, desberdina da. Sokamuturra Euskal Herrian sortutako zezenketa berezia da eta animaliak ez du sufritzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!