Ikasi bai, ospatu ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 15:05

Iker Lizeagak Batxilergoko Aparteko Saria jaso zuen iaz. 875k ikaslek egindako azterketan 15 onenen artean geratu zen andoaindarra. Orain, Industria Teknologietan Ingenieritza ikasten dihardu, Tecnum-en, Donostiako Ingenieritza Fakultatean. Ikasketetan bezain ondo moldatuko ote da festetan?

Batxilergoko Aparteko Saria jaso zenuen iaz. Betidanik izan al zara ikasle ona?

Iker Lizeaga: Beti saiatu izan naiz ahalik eta emaitzik onenak lortzen, baina ikasten hasten zarenean zaila izaten da hasieratik nahi duzuna lortzea. Norbere buruarengan konfidantza edukiz eta konstantea izanez nahi duzuna lor dezakezu. Hori da niri orain arte gertatu zaidana.

 

Espero al zenuen horrelako sari bat jasotzea?

I.L: Inoiz ez da jakiten zer gerta daiteken. Nik azterketaren berri izan nuen eta ahalik eta ondoen prestatu nuen. Azterketa egin ondoren sentsazio onak izan nituen, baina ez nuen espero izan nuen emaitza.

 

Nolako azterketa izan zen?

I.L: Testu bat euskaraz edo gaztelaniaz komentatu behar genituen, eta gauza bera ingelesez. Horrez gain, modalitateko bi gaien azterketak egin behar genituen.

 

Sanjuanak gerturatzen ari dira... Ikasten bezain ona al zara parrandan?

I.L: Ahalik eta hobekien pasatzen saiatzen naiz, ikasketetan bezala. Nire ustez, lorpen bat eskuratzea bezain garrantzitsua da lorpena ospatzea.

 

Zer duzu gustokoen San Juanetan?

I.L: Orain dela gutxi arte dantzaria izan naiz  eta suaren ondoan dantzatzea oso momentu berezia zen, ederra eta magikoa. Hala ere, oro har, oso ondo pasatzen dut egun guztietan.

 

Eta zer botatzen duzu faltan?

I.L: Nire ustez, festak oso ondo antolatuta daude, ez dut ezer faltan botatzen.

 

Zer botako zenuke sutara?

I.L: Diruaren, gehiegizko boterearen eta berekoikeriaren ahalmenak gure mundu suntsitzen duela jakinda, aurrezki publikoetan eta biztanleen poltsikoetan eskua sartzen duten lapur eta iruzurtiak botako nituzke sutara.

 

San Juanetako zein ekintzatan hartuko duzu parte?

I.L: Aurten ezin izango naiz Sanjuanetan egon, baina hemen egongo banintz nire lehengo dantzako kideak ikustera joango nintzake.

 

Zein musika talde edo abeslari ekarriko zenuke San Juanetara?

I.L: Vendetta, Esne Beltza eta Ken Zazpi ekarriko nituzke, uste dut talde onak direla.

 

Egunez ala gauez ibiltzen zara festetan?

I.L: Ahal dudan neurrian, bietan ibiltzen saiatzen naiz.

 

Zein da zuretzat festetako plan borobila?

I.L: Niretzat plan borobila konpainia onean egotea, musika entzutea, dantzan ibiltzea eta ahalik eta hobekien pasatzea da. Ez dago plan sinpleagorik eta hobeagorik.

 

Zein da festetako konpainiarik onena?

I.L: Lagunak, dudarik gabe. Urtean zehar bakoitzak bere eginbeharrak ditu eta ez da erraza nahi bezain bestetan elkartzea. Festak aukera ezin  hobea dira galdutako denbora ingurukoekin berreskuratzeko.

 

Nor gonbidatuko zenuke San Juanetara?

I.L: Raxoi gonbidatuko nuke. Herritarren artean ea zerbait ikasten duen.

 

Eta zer esango zenioke festa hauetara etortzeko?

I.L: Hemengo festak bezalakorik ez dagoela esango nioke eta pixka bat disfrutatu ondoren, lanari hobeto ekiten zaiola. 

 

Ajeari aurre egiteko erremediorik ba al duzu?

I.L: Aje asko ez dut izan nik, baina esaten dutenez, ura edatea ona da.

 

Herritarrei mezurik utzi nahi diezu?

I.L: Ahal duenari festak aprobetxatzeko aholkatuko nioke, urtean zehar nahiko lan eta borroka egin baitugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!