Josu Amilibia Adunako alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 13:37

Urtarrilaren 24an hartu zuen Josu Amilibiak Adunako alkatetza. Gogotsu ekin die erantzukizun eta ardura berriei.

Hauteskunde prozesu berezia izan zenuten Adunan. Nola bizitu zenituzten egun haiek?
Herriko hautes-zerrendarik ez zen aurkeztu, ez independenteez osaturikoa ezta Bildu alderdikoa ere.  Horrenbestez, PPk bakarrik aurkeztu zuen zerrenda. Kanpoko jendeak herriko agintea hartzeko aukera zuela ikusita, herri mugimenduak botu zuriaren aldeko apustua egin zuen. Adunarren erantzuna izugarria izan zen; ia 300 botu zuri lortu ziren eta PPren aukera hori saihestea lortu zen. Hala ere, beste hausnarketa bat ere ekarri zuten hauteskundeek, izan ere, ohi baino jende gehiagok eman baitzion botua PP alderdiari. Hamabi botu lortu zituzten eta hamabost nahikoak zituzten udaletxea eskuratzeko. Zenbait herritarrek Udalarekin edo herriarekin zuen haserrea adierazi zuen, ziurrenik. Beraiek jakingo dute zer lortu nahi zuten…

Nolakoa izan zen legealdiaren hasiera?
Udala egoera berezian geratu zen. Foru Aldundiarekin zenbait bilera egin genuen irtenbide ezberdinak aztertzeko. Funtziotan jarraitzea zen aukeretako bat eta horren alde egin genuen. Udaleko zenbait kidek zortzi urte zeraman lanean eta aldaketa premia sentitzen zuten. Horrenbestez, erabaki garrantzitsu bat hartu genuen: ordura arte alkate izandako Arantza Aburuza alkateorde jarri, eta ni alkate. Urtarrilaren 24an hartu nuen kargua.

Adunan lanaldi osoz ari den lehendabiziko alkatea zara. Zer dela eta hartu zenuten erabaki hori?
Adunak bostehun biztanle inguru ditu, baina oso gai potoloak hartzen ditu bere baitan; industrigune handia dugu eta ingurugiroarekin lotutako gai garrantzitsuak ere etorri zaizkigu: AHT, minak, araztegia..., Lan administratibo handia eskatzen du horrek guztiak eta Udalaren aurrekontuak ere ez du zerikusirik gure tamainako herriek izaten dutenarekin. Hauteskunde ondorengo egoera ere berezia zen. Hori guztia zaku batean sartuta, alkatea lanegun osoz Udalean aritzeko erabakiaren alde egin genuen.

Urtarrilean hartu zenuen alkatetza. Zer moduz lehen hilabete hauek?
Herrian ditugun mina kutsatuen gaiak, esaterako, lan handia ekarri digu. Mina horiek ondo itxi eta betelanak egiteko proiektua lehendik ere bazen, baina kasualitatez, AHTaren lanekin bat egin du. Trenaren lanetatik aterako den lur eta materiale guztia minetara bideratzea izan da gure helburu nagusia hilabete hauetan. Modu horretan, bi arazo konponduko genituzke; minak ondo itxita geratzea, eta trenaren eraginez herriko zenbait sailetan betelan handiak egitea. Sail askoren arteko adostasuna behar zen eta bilera eta lanordu asko eskatu ditu. Gure asmoa kolokan izan da behin baino gehiagotan, baina orain, ia ziur esan dezakegu minak ixteko lanak hastear daudela.

Zeintzuk dira eskuartean dituzuen beste gai nagusiak?
Hondakinen inguruko arazoa aztertzeari ordu asko eskaini dizkiogu eta prozesu horren ondorioz, hilabete honen erdialdean lehen konpostagailu komunitarioa jarriko dugu herrian, froga modura. Haur parkearen alboko lursailean jarriko dugu lehendabizikoa eta denbora gutxi barru, Amalkor kalean ezarriko da bigarrena. Erriberako industrigunea, araztegia, Billabonaruntz jeisten den karreteraren zabaltzea eta espaloi-bidegorria egitea herritarrak gora eta behera segurtasunez ibil daitezen, gazteentzako eta umeentzako lokal bana martxan jartzea..., horiek guztiak ere eskuartean ditugu.

Eskualde mailako “Bailaran” ekimena martxan da. Zertan datza?
Agenda 21 ekintza planaren berrikuspena egitea tokatzen zaigu aurten,  eta bailarako beste zenbait herri ere egoera berean zegoela ikusita, gure herriko ekintza planaz gain, gai nagusiak elkarrekin aztertu eta ekintza plan bateratu moduko bat lantzeko erabakia hartu genuen. Duela gutxi hasi ginen lehendabiziko bilerak egiten; hezkuntzaren inguruan. Uda ondoren, beste zenbait arlo lantzen hasiko gara; baserrien etorkizuna, hondakinak, azpiegituren egoeraren diagnostikoa eta beharrak..., etab. Herri bakoitzak bere aldetik bakarrik lan egin beharrean, gai zehatz batzuetan ikuspegi orokorragoa izatea da helburua; zerbitzuak modu iraunkor eta eraginkor batean eskaini ahal izatea. Hala ere honen berri Irailetik aurrera izengo dute bailarako herritarrek.   

Zeintzuk izango dira Adunako Udaleko gai nagusiak datozen hiru urteotan?
AHTko lanek nahikoa buruhauste ekarriko dute; gainean egon beharreko gaia izango da. Horrez gain, Aduna Zero Zabor herri bihurtzeko pausoak emango ditugu.  Hirigintzari dagokionez, Adunatik Villabona aldera jaisten den errepidea zabaltzeko lanak egingo ditu Foru Aldundiak, eta Udalak, espaloi mistoa eraikiko du, oinezkoei edota bizikletei  lasai ibiltzeko aukera emateko.

Etxebizitza berririk egitea aurreikusten al duzue?
Bai, Kamio inguruan etxebizitza tasatuak egiteko proiektua dago. Hemendik urtebetera gutxi gora behera zabalduko dugu izena emateko epea. Lehen fasean balio tasatuko zortzi etxebizitza egingo dira eta aurrerago, beste hamar.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!