Emakume Txirrindularien VIII. Sari Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 13:36

Ekainaren 17an, igandean, Irrintzi Txirrindulari elkarteak antolatuta, Zizurkil-Villabonan Emakumeen txirrindularien VIII. lasterketa ospatuko da. Aurtengoa, ordea, Espainiako Koparen barruan sartuko da. Hori dela eta, Aiztondoko Klasikaren moduan, Espainiako emakumezko txirrindularirik onenak izango dira eskualdean. Horren harira, Nerea Bidaurreta txirrindulari ohiak, Izarne Maioz hasi berriak eta Ane Iriarte egungo txirrindulariak hartu dute hitza.

Nerea Bidaurreta, txirrindulari ohia
Nerea Bidaurreta billabonatarra, hamaika urterekin hasi zen txirrindularitzan Irrintzi Txirrindulari Elkartean. Orain, hogeita hamazazpi urterekin, bizikleta gainean egindako sei urteak ekarri ditu gogora.


Zerk bultzatu zintuen txirrindularitzan hastera?
Garai hartan, lau lehengusu ibiltzen ziren bizikletan. Askotan joaten ginen lasterketak ikustera eta bertan sortzen zen giroa asko gustatzen zitzaidan. Lehengusurik zaharrenak ziren eta hauek erreferente izanik, beraiei jarraituz hasi nintzen.

Lasterketaren batean parte hartu al duzu inoiz?
Irrintzi Elkartean hasi nintzen arren, hamabost urtetatik aurrera Tolosara joaten nintzen,  Villabonako taldea desagertu egin zelako. Bertan, Bizkaiko nesken itzulia egiten zuten eta han parte hartu izan dut. Horrez gain, Euskal Herriko txirrindularien federazioak Espainiako txapelketara joateko aukera ematen zuen eta urte batean Kantabriara joan nintzen. Eta astebururo, lasterketak izaten genituen Euskal Herri mailan, batez ere, Nafarroan.

Zergatik utzi zenuen?
Alde batetik, ikasketak bukatu eta lanean hasi nintzelako eta bestetik, entrenamenduak oso zailak egiten zitzaizkidalako. Gainera, 18 urterekin asteburuak ere okupatuta izatean zaila egiten da aurrera jarraitzea. Lagunak ere ateratzen hasiak zeuden eta… Hainbat erabakirengatik utzi egin nuen.

Txirrindulariak ikusten dituzunean ez al zaizu barruko har hori pizten?
Txirrindularitza utzi berritan guztiz baztertu nuen. Orain, bizitza bideratuta dudalarik, berriz ere hasiko nintzateke. Arropak ere erosita dauzkat, baina kosta egiten da.

Zer esango zenieke txirrindularitzan dabiltzan neskei?
Ahal duten gehiena disfruta dezatela. Kirol oso gogorra den arren oso aberatsa da. Bidaiatzea asko gustatzen bazaizu, leku asko ezagutzeko aukera paregabea da. Nik, esaterako, Euskal Herria txirrindularitzari esker ezagutu dut. Esan beharra daukat gaur egun zaila dela, baina ez dezatela etsi, gustatuz gero jarrai dezatela.

Kirol gogorra da… zein alde on eta zein txar aipatuko zenituzke?
Alde onak asko ditu: jende asko ezagutzen da, baita milaka txoko ere, eta bereziki azpimarratuko nukeena nor bere buruaren ezagutza da. Txirrindularitzan, zure buruarekin asko jokatzen duzu. Neskek, gainera, askotan bakarrik entrenatu behar izaten dute eta azkenean, bakardade horretan zure buruarekiko borroka bat sortzen da. Eta honek ere, bere alde txarra dakar: bakardadea.

Kirol gogorra den arren, zure ustez gizartean hori onartuta al dago?
Alderantziz. Gaur egun denak txirrindularitzaren aurka doazela ematen du. Dopingaren aurkako kontrolak egiten dituzte etengabe eta horrek babesleak aurkitzerakoan, zailtasun asko sortzen dizkie taldeei. Txirrindularitzan diru asko behar da, gastuak ere handiak direlako, eta kontrol horiek oztopo handiak dira. Beste kiroletan ere egongo da doping hori hartzen duenik, baina kirol askok dirua mugitzen dutenez, akaso, ez da komeni kontrolik egitea.

Oraindik ere gertutik jarraitzen al duzu txirrindularitza?
Lasterketetara joatea ez zait tokatu eta, egia esan, aspaldian ez dut asko jarraitzen. Utzi eta berehalaxe, anaiarekin batera, begirale moduan hasi nintzen umeekin. Orduan astean bitan entrenatzen genuen eta asteburuetan lasterketetara joaten ginen, baina jada badira 6 urte utzi nuela. Adibidez, Quebrantahuesos-era joan izan naiz, baita Tour-era ere, eta bertan sortzen den giroa izugarri gustatzen zait. Bizikletari dagokionez, aspaldian ez naiz ibili, baina orain gustura hartuko nuke.

Zu ibiltzen zinen garaitik gaurdaino zer aldatu dela esango zenuke?
Kopurua batez ere. Neskei dagokienean, ez dakit, baina mutilen kasuan, badakit asko jaitsi dela. Ni ibiltzen nintzen garaian jende asko mugitzen zen txirrindularitzaren inguruan, baita lehenago ere. Adibidez, gu lasterketetara joaten ginenean autobus oso bat betetzen genuen. Ondoren, begirale ibili nintzen garaian, bi kotxe nahikoa ziren.

Izarne Maioz,  txirrindulari hasi berria
Izarne Maioz asteasuarrak hamabi urte ditu eta dagoeneko badarama urtebete txirrindularitzan. Iazko apirilean hasi omen zen Andoaingo Txirrindulari Eskolan.

Lehenagotik anaia ere ibiltzen omen zen txirrindularitzan eta hau ikusita animatu zen Izarne.
Gustura dabil. Taldean beste bi neska ba omen daude, baina gehienetan neska eta mutil denek batera entrenatzen dute. Izarnek adierazi duenez, “astean bi aldiz entrenatzen dugu eta larunbatero lasterketak izaten ditugu. Ez da erraza ni baino zaharragoak direnekin entrenatzea, baina gustura ibiltzen naiz”.
Lasterketei dagokienez, urtebetean askotan parte hartu du, baina ia beti independenteki, hau da, bere kabuz. Gaur egun, alebinen kategorian lehiatzen du Izarnek eta Ataungo lasterketa  ekarri du gogora: “Asko gustatu zitzaidan, irabazi egin nuen”. Orokorrean, 6-7 kilometro egin behar izaten omen dituzte eta nahiz eta sari banaketan nesken eta mutilen kategoriak banatu, lasterketa denek batera egiten omen dute. Larraitzen du hurrengoa, datorren larunbatean… Ea zer moduz moldatzen den asteasuarra! Hemendik aurrera ere, urte luzez jarraitzeko asmoa azaldu du Izarnek. Gainera, etxekoek ere, gustura dabilela ikusita, animatu egiten omen dute.  Zorte on, Izarne!

Ane Iriarte, txirrindularia
Ane Iriarte billabonatarra, orain dela 4 urte hasi zen txirrindularitzaren munduan murgiltzen. Orain, 17 urterekin, jubenilen kategorian dabil Tolosako Oriako Limousin txirrindulari eskolan.


Ane Iriarte ere, Nerea Bidaurretaren antzera, horrela hasi zen txirrindularitzan, “lehengusuaren lasterketak ikustera joaten ginen; giroa gustatu, eta halaxe hasi nintzen”, adierazi du. Gaur egun,  errepidean eta pistan ibiltzen da. Astean deskantsu egun bat izaten duen arren, egunero ordu eta erdi edo bi orduz entrenatzen omen du Anek. “Entrenamenduak batean hala bestean egin, oso desberdinak izaten dira. Errepidean, gehienean bakarrik egiten ditut eta pistan, berriz, Belodromoan, entrenatzaileekin ibiltzen naiz. Egia esan, erreginaren pare tratatzen naute”, esan du.
Lau urte hauetan hamaika lasterketatan hartu du parte . Pasa den neguan, adibidez, Palman eta Burdeosen ibili da izen handiko jendearekin aurremundialeko proba batean lehian, laugarren postua lortuz. Hilaren 17an, Villabona eta Zizurkilen jokatuko den proban ere parte hartzeko asmoa adierazi du. Ikasketei dagokienez, txirrindularitzarekin uztartzea ez dela erraza esan du, baina erraz moldatzen omen da: “Momentu batzuk estresagarriak diren arren, pazientzia handiarekin eta egunean egunekoa eginez, erraz egiten zaio aurre denari”. Etorkizunera begira ere hainbat proiektu ditu buruan. Joan den astean, esaterako, Madrilen egin den kontzentrazio batean hartu du parte, Europako pistako lasterketetarako hautagai gisa. Bertan, medikuek eta ikuskariek frogak egin dizkiote hautatu aurretik.  Europako pistako lasterketetan parte hartzea helburu du.  Zorte on, Ane!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!