Larraulgo alkatearekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 13:32

Xabier Mujikak pasa den urteko Udal Gobernuaren balorazioa egin du eta etorkizunerako dituzten helburuak adierazi ditu.

Jada bigarren legealdia beteko duzue gobernuan. Gobernu taldearen eguneroko jarduna errazagoa da horrela ezta?
Aurreko legealditik hona aldaketa izan genuen. Gaur egun, Larraul, 250 biztanletik gorako herria denez, oraingo legealdian bost zinegotzitatik zazpi izatera pasa ginen. Lehen hilabeteak moldaketa lanetan pasa genituen, berriei udaletxeko martxa eta gure lan egiteko modua erakutsiz.

Orain arte Udal taldea herri batzarreko bozketa bidez erabaki izan da. Iaz, ordea, 250 biztanletik gora zaretenez, biztanleek bi alderdietako bati eman behar izan zien boza. Zer moduz joan ziren hauteskundeak eta nola jaso zenuten irabazle izan zinetenaren berria?
Zuk esan bezala, aukeraketa sistema aldatu egin zen. Lehen, pertsonari bozkatzen zitzaion eta oraingo honetan, berriz, alderdiari. Azkenean, ni buru nintzen taldeak irabazi zituen hauteskundeak 4 zinegotzirekin. Herri hauteskundeetan ia %90eko partaidetzarekin garaile izatea gustagarria da; jendearen babesa asko eskertu genuen.

Egoera ekonomiko orokorra zaila izanik, zein da Larraulgo egoera?
Gaur egun, guk dauzkagun diru-sarrerekin gastu arruntetan murrizketa txiki batzuk eginez moldatzen gara, baina ez da inbertsioetarako dirurik geratzen.
Urtebete honetan martxan jarritako ekimenen laburpena egingo al zenuke?
Aurreko legealdian proiektu asko zeuden egiteko, konponketa lanak gehienbat, eta asko eta asko burutu genituen. Hori egin eta gero, legealdi honetan, gure helburuak Plan Orokorra bukatzea, eskola zerbitzuaren jarraipena bermatzea eta balio anitzeko gela martxan jartzea dira. Balio anitzeko gela, adibidez, zintzilik gelditu da espero genuen diru-laguntza mahai gainean geratu delako.

Orain dela gutxi Eskola Txikien festa ospatu duzue Larraulen. Zure ustez, zein paper betetzen du eskolak Larraulen, garrantzitsua al da?
Larraul bezalako herri txiki batean, eskola zerbitzuak herriari bizitza ematen dio. Bertara joaten diren haurrek lotura hartzen dute herriarekin, baita gurasoek ere. Guk, Udaletik, eskola zerbitzua beti defendatu dugu, herriarentzat garrantzitsua delako. Honen harira, Udaletik eskerrak eman nahi dizkiet Eskola Txikien egunean laguntza eman ziguten herritar guztiei.

Plan Orokorra ere martxan duzue. Aparkalekuak, etxebizitzak… egiteko asmoa duzue. Etorkizunera begira, nola ikusten duzu hau?
Plan Orokorra aurreko legealdian hasi genuen. Horretarako, enpresa bat kontratatu genuen eta pixkanaka-pixkanaka azterketak egiten hasi ginen. Gero, hauteskundeak zirela eta, apur bat baztertu egin genuen eta urtebetez geldirik eduki dugu. Aurreko batean, herri bilera batekin martxan jarri genuen prozesua. Gure helburua, herritarren ideiekin Plan Orokor egoki bat egitea da, etorkizuneko Larraul nolakoa izatea nahi dugun pentsatuz. Askok uste du, Plan Orokorrean etxebizitzen proiektuak bakarrik sartzen direla, baina plan orokorra hori baino gehiago da. Bi atal ditu: alde batetik, arauak eta bestetik, proiektuak, hots, herriko trafikoa, jarduera ekonomikoak, etxebizitzak, baserri munduari irtenbideak ematea, eta abar. Trafikoari dagokionez, adibidez, gurasoek arrisku handia ikusten dute herri-gunean, hori dela eta, zebrabide batzuk markatuko ditugu eta seinale egokiak jarriko dira. Plan Orokor on bat egiteak lan handia eskatzen du eta legealdi honetan saiatuko gara amaitzen, baina tramitazioa luzea da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!