Amaia Zubeldia, Sagardogile elkarteko turismo teknikari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 13:29

Sagardoa ezagutarazi eta bere kultur balioa sustatzeko lanean dihardu Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak. Amaia Zubeldia andoaindarra bertan ari da lanean, turismo teknikari gisa.

Zer da Sagardogile elkartea eta zein da bere helburu nagusia?
1977an sortu zen ofizialki elkartea, sagardoa sustatu, sektorearen interesak defendatu  eta sagardogileei beste hainbat zerbitzu eskaintzeko; aholkularitza, laguntza eskaerak, promozioa, arlo ezberdinen inguruko ikastaroak, ikerkuntza eta garapena etab. Gaur egun, berrogeita hamar kide ditu elkarteak eta bide berriak jorratzen hasiak gara. Orain arte, txotx garaian irekitzen ziren sagardotegi gehienak, baina, geroz eta gehiago urte osora begira jarrita daude, neurri batean turismoari begirako eskaintza berria prestatzen ari garelako. Euskal Herrian gastronomiari lotutako turismoak indar handia du eta horren barnean, baita enoturismoak ere. Ardoarekin eta txakolinarekin egiten den bezala, sagardoarekin ere eskaintza turistikoa antolatu nahi dugu. Duela urtebete inguru hasi gara eskaintza horri forma ematen.

Nola ari zarete bideratzen turismoari lotutako ekimen berria?
Sagardotegietako arduradunek aipatu zuten apustu hori egiteko beharra; aurrerapauso bat eman nahi izan dute. Bide horretan, kanpotik datozen bisitariei ez ezik, bertakoei zuzendutako eskaintza izatea ere garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Horretarako, turismo saila sortu dugu elkartean eta dagoeneko, ekitaldi ezberdinak antolatzen ari gara. Sagardotegietara bisitaldi gidatuak egiten hasi berriak gara, materiala prestatzen, instalazioak egokitzen eta dastaketa gidatuak ere egiten ditugu. Horrek guztiak, egokitzapen prozesuan murgiltzea eskatuko die sagardotegiei; instalakuntzak moldatu, hizkuntzak ikasi... Gauza ezberdinak antolatzeko aukera asko eskaintzen du sektoreak; bai sagarrak eta sagardoak berak, baita sagardotegiek ere. Esaterako, oraindik ere tolare zaharrak nolakoak ziren ikus daiteke sagardotegi askotan. Lagunartean, bikotean, etxekoekin..., egun-pasa edo asteburu-pasa politak egiteko aukera zabala eskaintzen dute eta hori da antolatu nahi duguna. Uda honetan jarriko dira martxan turismoari lotutako zenbait ekimen eta aurrera begira, beste asko abian jartzea espero dugu.
Eskoletara ere zuzentzen ari gara, sagardoaren inguruko kultura ume eta gazteen artean zabaltzen hasteko.

Gipuzkoan kosta egiten al zaigu gure produktuen balioa saltzea?
Hala iruditzen zait niri. Joera hori hausteko ahalegin handia egiten ari gara.  Sagardoaren onurarako, sektore pribatua eta publikoa elkarlanean hastea da helburua eta herritarrak parte sentitzea.
Eta produktuari berari dagokionez, azpimarratu nahi dugu produktu natural bat dugula, sagarraren onura asko berekin dituena, eta gure historia eta kulturaren parte handi bat berekin daramana.
Adibidez, gaur egun, taberna eta jatetxe gehienetan ez dute sagardo kartarik eskaintzen eta elkarteak buelta eman nahi dio egoera horri; sagardoak duen balioa eta garrantzia kontuan hartua izan dadila.

Teknologia berriak ere baliatzen dituzue...
Bai, komunikazio baliabide berriak erabiltzen hasiak gara. Elkarteak lehendik ere bazuen bere webgunea eta duela gutxi, sagardo salmentarako beste gune bat zabaldu dugu: www.sagardo.com eta www.sidranatural.com helbideetan. Hamabi botilako kutxetan egiten da salmenta, eta bezeroari etxeraino eramaten zaio erositakoa. Hemendik kanpora bizi diren bezeroei begira sortutako zerbitzua da gehienbat. Erosleak zein sagardo nahi duen aukera dezake eta etxean jasoko du 48 orduko epean. Gainera, sare sozialetan bagaude eta telefono mugikorretarako aplikazio ezberdinetan ere sartu gara.
Horrez gain, Sagardonat aldizkaria ere kaleratzen dugu, sektorean izan diren berri nagusiak bildu eta sagardo mundu eta ostalaritza munduari jakinarazteko.

Dastaketa gidatuak aipatu dituzu. Nolakoak dira?
Ardoarekin edo txakolinarekin egiten den bezala egin daiteke sagardoarekin ere. Sagardoaren kultura jendartean zabaltzea da helburu nagusia. Esaterako, sagardoa hotzegia edaten dugu askotan eta horrek ez digu uzten sagardoaz ondo gozatzen. Sagardo mota ezberdinak ere badaude, eta jende askok ez daki bereizten. Hori guztia azaltzeko antolatzen dira dastaketa gidatuak.
Aditu batek sagardo bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak ematen ditu; kolorea, zaporea, usaina..., sagar motak... Sagardogile elkarteko teknikari bat eta enologo bat izaten dira azalpen horiek guztiak ematen. Elkarte gastronomikoetan, herrietako plazetan edota sagardo egunetan egin izan ditugu, eta jendeak gustura hartzen ditu. Gauza berria da eta harrera ona izaten dute. Sagardo egun eta azoketan hamabost minutuko dastaketa azkarrak ere egiten ditugu ezaugarri nagusienak errepasatuz. Elkarteetan egiten diren saioak, berriz, sakonagoak izaten dira.

Nolako pisua du sagardoak gure kulturan?
Historikoki garrantzi handia izan du; gure kultur izaeraren zati garrantzitsua da. Bisita gidatuekin hori guztia jakinarazi nahi diogu jendeari; sagardoa nola egiten den, antzina Euskal gizartean izan zuen garrantzia, historia.... Jende gehienak ez du hori guztia ezagutzen eta guk aukera hori landu nahi dugu.

Hemendik kanpoko sagardogileekin harremanik ba al duzue?
Bai. Adibidez, Asturiasko sagardogile batzurekin egin izan dugu ikastaroren bat, Frantziako sagardozaleekin ere elkartu izan gara, eta Alemaniatik etorritako zenbait aditurekin dastaketa gidaturen bat ere bai. Aberasgarria da beste tokietan egiten dena ezagutzea.

Zein da elkarteko kide izateko baldintza nagusia?
Sagardo ekoizlea izatea eta sagardo naturala egitea. Sagardo hori merkaturatu egiten dute elkarteko kideek, bai txotx denboraldian, baita botiletan ere.

Mugimendu ezberdinak bizitu ditugu azken urteotan sagardoaren inguruan...
Bai egia da azken aldian mugimendu asko dagoela, beste zenbait sektoretan bezalaxe, seguru asko etorkizuna erabakitzeko garaiak direlako. Gure elkartearen barruan proiektu asko ari dira martxan jartzen, esaterako turismoarena, sagardo egunekin elkarlana..., garrantzitsua den beste proiektu bat Eusko Label sagardoarena izan da: Gipuzkoako 16 sagardotegi ari dira Eusko Label sagardoa egiten, Bizkaiako 8 eta Arabako sagardotegi batekin, %100 bertako sagarrarekin eginda eta HAZI fundazioak zertifikatuta...
Krisialdiak eragin handia izan al du sagardotegietan?
Beste sektoreetan bezalaxe, sagardo munduan ere eragin du. Adibidez, asko nabaritu dena da, jendea asteburuetan ateratzen dela gehienbat eta hori nabarmena da sagardotegietan ere. Gaur egun astez jende gutxiago mugitzen da eta asteburuetan gehiago.

Nola ikusten duzu Gipuzkoako sagardoaren etorkizuna?
Elkarteak garrantzi handia ematen dio bertako sagarra mantendu eta sustatzeari. Garai batean zeuden sagar motak aztertzen jarraitu, berreskuratu eta indartzea da elkartearen helburuetako bat, eta prozesu guztiaren hobekuntza: istalazio... Horrez gain, eta turismoa eta bisitariari lotuta, lan handia dago egiteko. Azoketan parte hartzen hasiak gara eta kanpora begira ere lanean ari gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!