Galder Azkue Amasa-Villabonako alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 15a, 13:24

Eskalatzaile oro bezala paretak igotzera ohituta egon arren, alkate izateko aukeraren aurrean bertigoa sentitu zuen. Ez zuen, ordea, atzera egin; herriaren alde lan egiteko erronka hartu eta burubelarri dihardu horretan.

Azkar igaro al da agintaldiaren lehen urtea alkatearen paperean dagoenarentzat?
Egunerokoan eguna ez da hain azkar pasatzen, baina atzera begira jarri eta urtea pasa dela ikusteak... Lehen eguna atzo izan balitz bezala gogoratzen dut.
Abiadan joan da, bai. Nahiz eta, esan bezala, egunerokoa oso intentsoa izan.

Eta nola ikusten duzu zure burua Udal instituzioaren gidaritzan?
Herritar soila naiz, gurea ere ez da herri handia, herri ertaina da. Zerrendaburu izatea proposatu zidatenean bertigoa sentitu nuen hasieran, baina bestalde, herriaren alde lan egiteko aukera zela ikusi nuen. Bertakoa izanik, erronka handia zen.
Urtea igarota, udalgintza barrendik ezagututa beste gauza bat da. Kanpotik erabaki bat hartzea erraza dela dirudi, baina udalgintzan ekimen bat aurrera ateratzea asko kostatzen da.
Eroso nago baina arduraren zama hori bizkar gainean daramat. Udaletxetik arazo askori egin behar zaio aurre, batzuk nahiko potoloak.

Zama hori, kezka hori, asteburuetan ere burua udaletxeko arazoetan murgilduta izateko adinakoa al da?
Ez pentsa. Alde horretatik ez naiz gaizki moldatzen. Afizioak baditut, bi haur txiki ere bai. Berezkoa dut etxera joan, beste zerbaitetan hasi eta nagoen horretan burubelarri kontzentratzea.
Nolanahi ere, egun batzuetan udaletxetik arazoren bat burutik kendu ezinik atera naiz eta arazo horri bueltaka oheratu naiz.

Esango al zeniguke alkate zarenetik entzun duzun esaldi ederrena eta zatarrena zein izan diren?

Zatarrenetik hasiko naiz. Gure ideiak edo egiteko modua inposatzen ari garela entzun behar izan dut. Hori entzutea ez dut batere gogoko.
Gogokoena, berriz, herrian ilusioa berriro piztu dela, sartu garenon aldetik gauzak egiteko grina eta gogoa erakusten ari garelako.

Eta zer da politika Galder Azkuerentzat?
Orain gutxi norbaiti entzundakoa, politika teknika ona dela. Teknikoki ondo jantzita egon behar da erabaki on bat hartzeko. Gero, ideologia edo norberaren iritziaren inguruko mundu hori dago.
Udaletxean aritzeko teknikak izugarrizko garrantzia du, kalera begirako kudeaketa egiten delako. Ideologiak  zerga politikaren edota gizarte mailako politikaren aurrean du pisua.

Zure kasuan, Bilduko alkate gehienekin alderatuta, abantaila handia izan zenuen ANVren lekukoa jaso zenuelako...
Aurreko galderarekin lotuta dator erantzuna. 2007-2011 agintaldian ezker abertzalea egon zen udaletxean. Udalgintzaren kudeaketa ona erakutsi zuten, teknikoki ondo lan egin baitzuten.
Udaletxera sartu ginenean hemengo teknikariak gure sintonian zeuden. Eta gainera ideologikoki hori bideratu zutenek lehen eskuko informazioa gure esku utzi zuten. Egitasmo nagusienen nondik norakoak jasota, gure murgilketa nabarmen erraztu zen. Zortedun izan gara alor horretan.

Xehetasun teknikoetan sartu gabe, zein da Amasa-Villabonako Udalaren egoera ekonomikoa?

Orekatua. Hitz bakarra aukeratu beharko banu, oreka litzateke. Zorionez, aurreko Udal agintariek zetorrena aurreikusi zuten. Zuhurtzia handiz jokatu zuten politika ekonomikoari dagokionez.
Gure kontuak orekatuta daude. Inbertsiorako ahalmenik ez dugu, hori aitortu beharra dago. Baina gastu arruntari eta zerbitzu arruntei aurre egiteko gaitasuna badugu behintzat, zorpetzera jo gabe. Gaur gaurkoz, ez da gutxi.

Inguruko herriekin alderatuta, egoera hobean zaudete, beraz.
Konparazioetan ez nuke sartu nahi. Ekonomia, ogasuna... Kudeatzea ez da batere erraza. Zenbakiak paperean oso txukun jar daitezke. Baina atalez atal, zerbitzuz zerbitzu, aztertzen hasi eta paperean adierazten den hori ezerezean gera daiteke.
Zorpetu gabe, garrantzitsua da gastu arruntei eta zerbitzuei eustea. Hori betetzen ez duen udala gaizki dabil.

Agintaldiaren lehen urtean hartu dituzuen erabakietatik zein aipatuko zenuke bereziki?
Komunikazioan eta parte hartzean egindako esfortzua aipatuko nuke, lehenik. Komunikazio enpresa bat kontratatu dugu. Bestalde, Udal aurrekontuen aurkezpenerako bilerak egin ditugu. Batzorde parte hartzaileak martxan jarri ditugu, parte hartzearen inguruan hausnarketa eta eztabaida asko eginez. Indar handia jarri dugu horretan.
Gertutasuna, gardentasuna, informazio trukaketa... horiek gure ardatzak dira.
Bestalde, bolo-bolo dabilen hondakinen kudeaketa aipatuko nuke. Horretan ere indar berezia egiten ari gara, bide onean gaudela ziurtasun osoa dugulako. Aurreko legegintzaldietan Gipuzkoako herritarren zati handi bat ordezkaritzarik gabe egon da, gai honen inguruan zuzenean eragiteko aukerarik gabe. Eta orain gure gain dago eragiteko ardura.
Gure programan argi eta garbi adierazi genuen ez genuela erraustegirik nahi. Ez hemen, ez inguruan. Hori esatearekin batera Zero Zabor politikak martxan jarriko genituela adierazi genuen. Lehen pausua bilketa sistema aldatzea da: Konbentzituta gaude hemendik urte batzuetara, behin ezarri eta gero eta atzera begira jartzen garenean, bide onean gaudela ikusiko dugula. Gaika bildu beharra dago, askoz gehiago birziklatu behar dugu. Ez dugu hala egiten, eta horrek esan nahi du akats sistematikoa dagoela. Horretan gabiltza, izugarrizko eztabaida sortu da! Esango nuke gehienak ezjakintasunetik abiatzen direla, baina jakinaren gainean egonik ere, kritiko direnak egongo dira, noski, eta hori errespetagarria da.
Alderdi politiko klasiko eta handiak zaborren gaia Bildu hankaz gora jartzeko baliatzen ari dira. Koherentzia falta handia erakusten ari dira. PSE erraustegiaren defendatzaile sutsua da, eta Espainian nahiz Europan oso alderantzizko politika bultzatzen ari da. Xede bakarra Bilduri egurra ematea dela dirudi.

Hedabideetan eta goi mailako politikan eztabaida hor dago. Herriz herri, ordea, inguru hauetan aztoramena sortu da hainbat udalerrik elkarrekin atez atekoa iragarri zenutenetik. Iragarpen hori egin aurretik, herriz herri pedagogiarik egin ez izana ez al da zuen aldetik akats bat izan?
Bai, arrazoia ematen dizut. Ikusita, gainera, askorentzat hamarkadatako ohitura aldaketa ekarriko duela. Herritarren zati handi batek ez du birziklatzen. Datuek hori diote, nahiz eta galdera eginez gero kontrakoa erantzun.
Birziklatzen dugunontzat, ordea, aldaketa ez da hainbestekoa izango. Gurean jarraituko dugu, birziklaketan sakonduz.
Baldar ibili ginela aitortu behar dugu, egia da. Baina badu bere azalpena. Gipuzkoa mailako joko politikoan Foru Aldundiak erabaki batzuk hartu behar zituen, horietako bat, erraustegia geraraztea. Udalerri batzuek urrats bat eman genuen aurrera, Aldundia hankamotz ez geratzeko asmoarekin. Eskutik joan gara. Horrek politikoki desgastea ekarriko du, baina gure gain hartzeko prest gaude.
Sistema berria martxan jartzeko denbora badugu, eta denbora horretan lan egiteko prest gaude. Dagoeneko hainbat bilera egin ditugu. Herritarrak lasai egon daitezela, ez dugu aldaketarik egingo aldez aurretik informatu gabe.

Gehiengo osoa duzue. Zure ikuspegitik zein da oposizioaren jokabidea?
Agintaldia, orohar hartuta, oposiziorik ez balego bezala igarotzen ari da. Batzordeak deitzen ditugu eta eztabaidarik ez dago ia. Etorri, eseri, entzun eta martxa egiten dute.
Maila pertsonalean, oso ondo, inongo arazorik ez. Oso harreman ona dugu. Baina oposizioak ez du oposiziorik egiten, gaur gaurkoz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!