Txorimaloa, Ameztoyri gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 14a, 11:09

Vicente Ameztoy gogora ekartzeko arte lana sortuko du Jon Iñaki Ormazabal herritarrak, “Etxe-ondotik” erakusketak iraun bitartean.  Bertatik igarotzen dena arte lanaren
sortze prozesuaren lekuko izango da.

Inpultsoz eta emozioz “garotzen” ari den ekintza da, Jon Iñaki Ormazabal egiten ari den eskultura. Orain arte lan guztiak tailerrean egin izan ditu, eta gero galerietara eraman, baina era horretara, jende arruntak ez du ikusten eskulturaren prozesua zein den. Horregatik, “Etxe-ondotik” erakusketak iraun bitartean, Ormazabal eskultura kalean landuz joango da, denen bistan.
Herritarrei gonbita egin nahi die gainera bertan parte hartu eta ekarpenak egin ditzaten. “Natxok, adibidez, garo bat margotu behar du, nik eskultura egingo dut, eta nire semeek Leitzarango harri baten gainean pintatuko dute:  edozeinek parte har dezake beraz”, azaldu du.
Txorimaloa izeneko eskultura hau Ameztoyk gustuko zituen materialekin egingo da, hots, naturarekin erlazionatutako materialekin. “Gaur egun, birziklapena modan dagoen honetan, material birziklatuak erabiltzea pentsatu dugu. Lantzen ari naizen egur hau, adibidez, Asteasuko Ikilisagasti baserriko tolarearen zati bat da, 400 urte dituen haritza hain zuzen”, esan du Ormazabalek.
Ameztoy  laguna omen zuen Ormazabalek: “Nik eta nire generaziokoek harreman estua genuen Bixenterekin. Kalean asko ibiltzen zen, baita Gaztetxean ere, eta gazteekin erraz konektatzen zuen”. Horrez gain, Ameztoyren bidez ezagutu omen zuen Ormazabalek Arteleku, artea eta kultura garaikideko zentroa. Erremellurin lanean aritzen zenean ere bisitan joaten omen ziren Ormazabal eta konpainia. Oso bisita magikoak izaten zirela azpimarratu du.

Ideia
Eskulturaren izena eta gainean eramango dituen materialen ideia nagusiak Julio Medem-en “Behiak” filmetik hartu ditu Ormazabalek; Ameztoyk pelikula horretan parte hartu baitzuen. Horrez gain, Amavi aldizkariko azala ikusi zutenean zerbait egin behar zutela pentsatuta, elkartu eta afariren batean gauzatu omen zuten ideia.

Prozesua
Datozen asteetan, Ormazabal eskultura landuz joango da: lehenik, sopletearekin su eman, egur ustela erre dadin; ondoren, garbitu, lijatu eta, azkenik, margotu egingo omen du. Gainera, jendeak egindako ekarpenak eskulturan bertan txertatuz joango da. “Natxok margotuko duen garoa adibidez, eskulturaren gainean joango da, eta hemen daukadan sega ere  sartuko dut”, azaldu du Ormazabalek. Amaitutakoan Etxe-ondora edo Aran errekara eramango dutela adierazi du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!