Berrialaguna eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 14a, 11:07

Berria egunkariak laguntza eskatzeko kanpaina jarri du abian. Kanpaina horren harira, Berrialaguna eguna ospatuko da Asteasun, ekainaren 16an.

Egunkaria jasaten ari den egoera ekonomiko zailak bultzatu ditu Berriako kideak kanpaina martxan jartzera. “Zure ziztada behar dugu” lelopean, jendearen babesa eta bultzada eskatzen dute. Jose Anjel Aldai da kanpainaren koordinatzailea eta hark eman ditu egitasmoaren inguruko azalpen nagusiak: “Egoera kezkagarria da. Berriak galerak izan ditu azken hiru urteetan eta aurten, galera handiagoak aurreikusten dira. Bi arrazoi nagusi daude egoera horri azalpena emateko: batetik, hedabideen krisi orokorra. Papera gero eta gutxiago kontsumitzen da eta internet bidezko prentsa asko ari da hazten. Internet doan da eta ezin da iraun hor lan eginez bakarrik. Bestetik, krisi ekonomiko orokorrak ere gogor eragin digu; publizitate galera izan da eta laguntza publikoak ere jaisten ari dira”.

Berrialagunen beharra
Egoera horren inguruko berri ematea da kanpainaren helburu nagusietako bat: “Euskaltzaleak jakin behar du zertan garen eta zernolako arriskuan dagoen denon laguntzaz, lanaz eta diruz indarrean jarri zen proiektu hau. Gogoeta hau egin, eta diruz ere laguntzeko milaka lagunen konpromisoa bilatzen dugu”. Horretarako, Berrialaguna egiteko aukera eskaintzen diete herritarrei. Dirulaguntza baten truke, Berrialagun txartela, egunkaria PDFan doan jasotzeko aukera, hainbat produktuetan deskontuak edota Berria Taldearen inguruko informazioa jasotzeko aukera eskaintzen dituzte.
Kanpaina kalera hurbildu eta jendearengana iristeko, jai egun ezberdinak antolatu dituzte, eta ekainaren 16an, Asteasun egingo dute Berrialaguna eguna. Arratsaldeko 18:30etan hasita, ekitaldi ezberdinak izango dira gozagarri. Horien artean, eskolako haurrek osatutako abesbatzaren emanaldia azpimarratu behar da.

Haur abesbatza berria
Ikasturte honetan sortu da abesbatza eta hogeita hiru haur ari dira bertan. Isabel Mantecon dute zuzendari, Donostiako Orfeoi Txikiko zuzendaria ere badena. Gogotsu ari dira asteasuar gazteak eta larunbatekoa izango dute jendaurreko lehen emanaldi handia. Jai xume eta polita izango da larunbatean Asteasun ospatuko dena. Herriko kultur eragileen parte hartze zabala izango da.

Egitaraua
Asteasu
Ekainak 16, larunbata
18:30.    Trikitixa eta alboka kalejira. Juan Tapiaren trikitixa eskolako kideak eta Jon Garmendiaren alboka eskolako kideak arituko dira. 
19:00.    Emanaldi nagusia Apretone etxe aurrean. BERRIAko ordezkari batek ongi-etorri hitzak egingo ditu. Ondoren, Pello Errota eskolako haur abesbatzak saio berezia eskainiko du. Andoaingo Udal Musika Eskolako bandak ere emanaldia eskainiko du.
20:30.    Festaren jarraipena plazan. Parrillan egindako sardina-jana eta edariak. Toka txapelketa (BERRIAko produktu-sortak izango dira irabazleentzat)
22:00.    Otarraren zozketa. Herritarrek emandako produktuekin osatutako otar ederraren zozketa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!