Dario Arteta, Zizurkilen bizi den kolonbiarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 14a, 10:59

Psikologia eta Zuzenbide ikasketak amaituta, doktore tesia egitera Euskal Herrira etorri zen Dario Arteta kolonbiarra. Bederatzi urte darama hemen, eta bertako sentitzen da dagoeneko.

Donostia izan zen Darioren lehendabiziko bizilekua: “Ez nekien Euskal Herria bazenik ere. Donostiako etxe batean jarri nintzen bizitzen eta ez nuen ezer ulertzen hango etxekoandreak ‘hau ez da España’ esaten zidanean. Denborarekin, hemengo errealitatea ezagutzen hasi nintzen. Hizkuntza eta ohitura ezberdinak dauzkazuela ikusi nuen eta laster ulertu nuen emakume hark esaten zidana”.

Abizen euskalduna
Euskal jatorriko abizena du Dariok eta hori ere, hona etorri baino aste batzuk lehenago jakin zuen: “Kontsulatura joan nintzen hona etortzeko baimena eskatzera eta hango kontsulak esan zidan nire abizena euskalduna zela. Hona etorritakoan Arteta herrira joatea gomendatu zidan eta halaxe egin nuen. Nafarroako herri txiki polita da Arteta; hantxe dago nire abizenaren jatorria”.
Euskal Herrian egindako lehen hilabeteak zailak egin zitzaizkion Dariori: “Kosta egiten da ohitura berrietara moldatzen. Kolonbian oso ohikoa da bizilagunen etxean sartu atera ibiltzea eta hemen, askoz ere gehiago gordetzen da etxeko intimitatea. Umorea ere oso ezberdina da eta horren ondorioz gaizki ulerturen bat edo beste izan nuen lehen hilabetetan. Gainontzean, oso alderdi positiboak ere badira hemen: emandako hitzaren balioa, jendearen zintzotasuna, kalean lasai ibiltzeko aukera, etab.”.

Zizurkil, bizitoki
Donostian eta Oiartzunen urtebete egin ondoren, Zizurkilen jarri zuen bere bizitokia Dario Artetak. “Lagun onak egin ditut hemen. Lau urteko semea dut, eta eskolako beste haurren gurasoekin oso harreman ona daukat. Euskara hitz egiten ez badut ere, ia dena ulertzen dut eta ez dut inongo trabarik izan lagunak egiterako orduan. Oposaketetara aurkezteko bidea zaildu dit euskara ez menderatzeak, hori bai”.

Bloga eta pintura
Euskal Herrira iristean, bere bizipenen berri emateko blog bat idazten hasi zen: “Bisitatutako herriak, ezagututako ohiturak..., hori guztia jende gehiagorekin banatu nahi nuen eta bloga zabaldu nuen. Bizipen politak izan nituen hona etorritakoan; sagardotegietako giroa izugarri gustatu zitzaidan eta bizitzan lehen aldiz ikusi nuen elurra. Hunkitu egin nintzen elurra nola erortzen den ikustean, deskriba ezina da sorrarazten duen sentsazioa. Denboralditxo batean aritu nintzen bloga idazten, baina uztea erabaki nuen. Orain, pinturak betetzen du nire aisialdiko zatirik garrantzitsuena. Margotzeak lasaitu egiten nau eta oso gustura aritzen naiz”.

Herrimina
Bi urtez behin joaten da etxekoei bisita egitera. “Etxekoak, senideak eta lagunak ikusteko gogoz izaten naiz. Horixe da herritik kanpora bizitzearen alderik gogorrena. Hala ere, denborak asko baretzen du herrimin hori, zure lotura emozionalak bizileku berrira egokitzen hasten direlako. Horrez gain, internet sareak asko errazten dit Kolonbiako lagun eta senideekin harremanetan jartzea”, azaldu du Dariok.

Etorkinen zakua
Darioren irribarrea desagertu egiten da etorkin hitza aipatu orduko. “Bere herritik ateratzen den pertsona bakoitzak arrazoi eta helmuga ezberdinak ditu. Batzuek pobreziatik aldendu eta bizimodu duinagoa nahi dute, beste batzuek bizi kalitate hobea bilatzen dute, arazo politiko eta gerrateetatik ihesi ateratzen dira asko bere herrietatik. Nire kasuan, Kolonbian egindako unibertsitate ikasketak osatzera etorri nintzen. Ohikoa da, ordea, etorkin guztiak zaku berean sartzea eta horrek min egiten du. Denak zaku berean sartu gabe, pertsona bakoitza ezagutu behar da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!