Alatzne Etxaburua, segalari fina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 14a, 10:53

Joan den hilaren 3an, Emakumezkoen Sega Txapelketa ospatu zen Amasa-Villabonako Arratzain auzoan. Arrate Garin legorretarrak jantzi zuen txapela, eta honen atzetik Alatzne Etxaburua zizurkildarra eta Igaro Balda hernialdearra sailkatu ziren.

Nondik sortu zen Emakumezkoen Sega Txapelketa egiteko ideia?
Lehenago ere Emakumezkoen Sega Txapelketak egin izan dira, baina orain arte saila lehenengo ebakitzen zuenak irabazten zuen, hau da, azkartasunean lehena zenak. Oraingo honetan, ordea, gizonezkoen antzera, pisura jokatu dugu: hau da, 20 minututan nork kilo gehien pilatu. Ekainaren 3ko saioan 12x12 neurriko sei sail zeuden. Sail bakoitza nori zegokion, zozketa bidez erabaki genuen eta nire sailean belar gutxiago zegoen besteenetan baino. Nik sail gehiago ebaki nuen arren, Arratek nik baino 10 kilo gehiago bildu zituen eta irabazi egin zuen.

Gaur egun Euskal Herrian zenbat emakume segalari daude?
Guztira hamabi inguru izango gara eta horietatik 6-7, gipuzkoarrak.

Nondik datorkizu afizioa?
Orain pare bat urtem Zizurkilgo festak zirela eta, herri kirolak antolatzeko garaian sortu zen ideia. Ordura arte Naroa Geresta aritzen zen segan. Festatako giroan zenez, ni ere animatu egin nintzen. Ordura arte sekula segarik hartu gabe nengoen, zer zen ere ez nekien ia. Denetarik probatzea gustatzen zait, baina orain lau urte Tolosatik Zizurkilera bizitzera etorri nintzenean, ez nuen pentsatu ere egingo orain segan ibiliko nintzenik.

Aurrez beste txapelketaren batean parte hartu al duzu?
Lehenengoz, iaz, Zizurkilen ospatu zen Gipuzkoako Txapelketan hartu nuen parte. Hura azkartasunera jokatu genuen, azkarren eta txukunen ebaki zuenak irabazi zuen. Horrez gain, Zaldibiako Almitza Sega Elkarteak antolatutako hainbat probetan ere parte hartu izan dut.

Zer egiten zaizu zailena?
Txukuntasuna, dudarik gabe. Teknika asko eskatzen du eta azkartasuneko probetan oso txukun moztu behar izaten da. Kasu horretan, entrenamendu fisiko handiagoa eskatzen duen arren, nahiago izaten dut pisura lehiatu. Horrez gain, urduritasunak ere asko eragiten dit. Behin lehian hasitakoan oso gustura ibiltzen naiz, baina aurreko egunetan oso urduri egoten naiz. Pentsa, umetan igeriketan eta txirrindularitzan ere ibiltzen nintzen. Entrenamenduetara inor baino gusturago joaten nintzen, pozarren, baina gurasoei ez nien esaten probak noiz nituen ere, oso urduri jartzen nintzelako.

Txapelketa batek aurrez lan handia eskatzen du. Non entrenatzen duzu eta norekin aritzen zara?
Fisikoa entrenatzeko gimnasiora joaten naiz, baina segako entrenamendua orokorrean belazean egiten dut. Sailak Garikoitz Etxeberriak lortzen dizkit eta Joxe Gabilondo teknika erakusten ibiltzen da. Aurten Bixente Mitxelena ere izan da gurekin.  Txapelketetara ere hauekin joaten naiz, batzuek belarra bildu, besteeak arraiztu... Nik belarra ebaki besterik ez dut egiten. Entrenamenduetan denetarik ikasten da eta txapelketetarako ondo etortzen da. Gainera, dauzkadan maisuekin ez daukat kexatzerik.
Bi haurrekin, lanean… erraza egiten al da entrenatzeko denbora hartzea?
Nire gurasoek asko laguntzen didate. Nire senarra ere egunez lanean egoten da eta horrez gain kirolaria ere bada, beraz, eskerrak aiton-amonei.

Beste kirolik egiten al duzu?
Neguan soka-tiran ibiltzen naiz. Irailean hasi nintzen Ibarrako taldean, martxoa bitartean, eta orain segan. Proposamen hau ere afari batean sortu zen. Segan aritzen diren bi neska soka-tiran ere ibiltzen dira eta probatzeko proposamena egin zidaten. Egia esan, ez nuen espero gustatzerik, baina probatu eta gustatu egin zitzaidan.

Zer esango zenieke segan gustura arituko liratekeen emakumeei?
Ez dezatela atzera egin. Sega gustatzen zaiona, ondoan norbait ingurumari horretan mugitzen delako edo noizbait ikusi duelako da. Beraz, hauetan dabilen baten bati esan diezaiela. Niretzat entrenatzeko sailak baldin badaude besteentzat ere egongo dira. Anima daitezela, polita da eta!

Sekula planteatu al duzue Gipuzkoako Txapelketa Euskal Herri mailara zabaltzea?
Ez, baina polita izango litzateke. Hilaren 3ko txapelketa ere zer aterako izan zen eta hirurak oso gustura geratu ginen, beraz, esparru zabalago batean esperimentatzea ere polita izango litzateke.

Eskertza
Nire aldetik, eskerrak eman nahi dizkiet Joxe Gabilondo, Bixente Mitxelena eta Garikoitz Etxeberriari eskaini didaten laguntzagatik. Baita gurasoei eta senarrari ere. Eskerrik asko denei!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!