Inquitex lantegia ibilbide luzearen amaieran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 8a, 12:26

Inquitex lantegiak likidazio eskaera aurkeztu zuen maiatzaren 11n, Donostiako merkataritzako epaitegian. Zuzendaritzak adierazi duenez ezin izan dio aurre egin hogei milioi euroko zorrari, eta horrek eragin du likidazio eskaera. Langileak erabat kezkatuta daude; jada kale gorrian ikusten dute euren burua, eta lantegiak diru kopuru handia zor die.

Krisi egoerak gogor kolpatu du Gipuzkoako enpresa askotan. Azken aldi honetan bereziki finantzabide ezak itolarrira eraman ditu. Horien artean aurkitzen da Sorabillako Inquitex; banketxeek ez diote behar bezainbat kreditu eskaini eta ezin izan dituzte inbertitzaile berriak erakarri. Elikadurarako plastiko gardena lantzen duen PET lamina eta automoziorako poliester PES fibra isolatzailea ekoizten ditu. 2009tik hona burua altxa ezinik dabiltza, bereziki, Lan Erregulazio Espedientea aurkeztu zuenetik.
Orduan langileek hainbat mobilizazio burutu zituzten, tartean manifestazio jendetsua Andoaingo kaleetan barrena. 2010eko otsailean zuzendaritzak eta langileen ordezkariak hitzarmena adostu zuten: 172 langileetatik 27 kaleratu eta geroztik gainerakoak txandaka langabezian izan dira. Denbora tarte horretan enpresak bost ERE ezberdin aplikatu ditu.
Sorabillako enpresan zuzendaritzak egindako bideragarritasun plangintzaren ondorioz bi filial sortu dira enpresaren baitan: Ekopet PT birziklatzeko gunea eta CERM kogenerazio elektriko gunea.
Etxean bertan birziklapenerako tresneria edukita, ekoizpen kosteak izugarri jaistea lortu dute. Ekoizpenerako lehengaia %90ean berak birziklatutako PETa izan da.
Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen eskutik, gainera, kogenerazioko plantan 2.100.000 euro inbertitu ditu azken urteetan.
Bi filial horiek Inquitexek maiatzean aurkeztu zuen likidazio prozesutik kanpo geratu dira.
Kinka larrian dago orain 57 urte altxa zuten lantegi handia.

Finantzabide ezak ito ditu
Zuzendaritzak eman dituen datuen arabera, Inquitexek ureko 26 milioi fakturatzen ditu, horietatik %65 nazioarteko merkatuan. Datu horiek ikusita, lantegia bideragarria dela ondoriozta daiteke. Zuzendaritzak krisi egoeratik ateratzeko erosle edo inbertsore berriak erakartzeko ez du itxaropenik galdu.

Langileak
oso kezkatuta DAUDE
Bitartean, baina, lantegiko langileen kezka erabatekoa da. Orain aurkeztu den likidaziorako adierazpenaren ondorioz, kalean ikusten dute euren burua. Angel San Jose (LAB), Francisco Javier Fernandez (CCOO) eta Francisco Javier Herrojo Inquitex enpresako hiru langile dira.

Langileak zein egoeratan zaudete likidazio eskaera egin denetik?
Angel San Jose. Nahiz eta 2009az geroztik EREan egon, lanean ari ginen harik eta joan den maiatzean likidazio eskaera heldu den arte.
Eskaera hori egin denetik 30 bat langile baino ez dira lantegian geratu.
Egoera zail horretan geundela, enpresak aste honetan bertan makinariaren zati bat martxan jarri nahi izan du eta horretarako langilegoaren %40 lanean gaude, hiru lan txandatan lan eginez.
Zentzu handirik ez du likidazioa eskatzeak eta langileak hiru lan txandatan aritzeak. Lanean gaude, kobratuko ote dugun jakin gabe.
Ekainaren 8an administratzaile konkurtsalekin bilera daukagu. Iruditzen zaigu ordurako erabakita edukiko dutela lantegiari zein irtenbide eman behar zaion. Bien bitartean, lantegiko lau sindikatuak (LAB, CCOO, ELA eta UGT) ekainaren 11tik aurrera greba mugagabea egiteko deialdia egin dugu.

Zer lortu nahi duzue greba mugagabearekin?
A.S.J.: Langileok beti jarri izan ditugu erraztasunak, zuzendaritzarekin batera egutegiak adostu eta zor zaiguna jasotzen joan gaitezen. Zuzendaritzak, ordea, ordainketarako egutegia ez du bete. Dagoeneko bost hilabetetako soldata zor digute.
Martxoko soldataren ordainketa oso argigarria izan da: Inquitexen hartzekoduna den banketxeak ez zigun aurtengo martxoari zegokion nomina ordaindu nahi; banketxera joan eta arduradunei zera ohartarazi genien: ez baziguten ordaintzen haien izena zabalduko genuela herrian. Presio horri esker kobratu genuen martxoko nomina.   
Azken batean, greba mugagabea egitea da langileoi geratzen zaigu presio bide bakarra. Zor diguten guztia jaso dezagun.

Zer iruditzen zaizue administratzaile konkurtsalek erabakiko dutela?
A.S.J.: Argi dagoena da lantegiak duen zorrarekin ez duela etorkizunik. Badakigu 140 langileok ez dugula tokirik edukiko proiektu berrian, baina jarraitu behar dutenen eta kalean geratu beharko dutenen egoera negoziatu nahiko genuke.
 
F.J.H: Erabakia dena delakoa izanda ere, langileoi berehala jakinarazi diezaguten nahi genuke. Azken urtetan bizi izan dugun ezjakintasunak eta segurtasun ezak langileongan ezinegona, antsietatea eta depresio egoerak besterik ez ditu eragin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!