Zientziak ez du zertan aspergarria izan behar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 8a, 12:21

Ane, Koldo, Maite, Andoni eta Mikel La Salle-Berrozpe ikastetxeko ikasleak dira eta Iñigo Amenabar irakaslearekin batera First Lego League zientzia txapelketan parte hartu dute.
Aurtengo gaia elikagaien segurtasuna da, eta andoaindar hauek Bantute sortu dute; elikagai txarrak identifikatzen dituen tresna.

Zientzia lehiaketa honetan Espainiako hirugarren postua lortu zuten eta orain Alemaniako Mannheim hirian jokatuko den Europako txapelketa dute begiz jota.

Nola jakin zenuten lehiaketa honen berri?
Iñigo Amenabar: La Salleko ikasleek lehiaketa honetan parte hartzen duten hirugarren urtea da. Orain dela hiru urte Innobasquekoek azaldu ziguten proiektua. Urte hartan ere Europako Txapelketara iritsi ziren ikasleak, eta Istanbulera joan ziren. Iaz, Espainiako txapelketara iritsi ziren.

Zuei zerk erakarri zintuzten?
Koldo Antolinez: Iaz Maite eta Andoni lehiaketan aritu zirela bagenekien, eta aurtengo kurtsoaren hasieran proposatu zigutenean baietz esan genuen.

Zertan datza zuen proiektuak?
Maite Couto: Proiektu zientifikoa aurrera eramateko elikaduraren segurtasunaren inguruan arazo bat bilatu eta horri konponbide bat aurkitu behar zaio. Ikusi genuen janari asko zaborretara botatzen dela oraindik jangarri dagoenean, edo alderantziz, txartutako janari asko jan egiten dela. Horri konponbidea bilatzeko sortu genuen Bantute, zirkuitu elektriko baten bidez janaria txarra edo ona dagoen jakiteko aukera ematen duen tresna.

Lehiaketan zuen proiektua modu berezi batean aurkezten duzuela jakin dugu…
M.C.: Bai. Beti saiatzen gara gure proiektuak era erakargarri batean aurkezten. Iaz, musikal bat egin genuen eta aurten “Erase una vez...” saioko pertsonaiak hartuta antzerki moduko bat egiten dugu. Zientziak ez duela zertan aspergarria izan erakutsi nahi dugu.

I.A.: Konturatu ginen talde guztiek aurkezpen berdina egiten zutela. Orduan, guk bereziak izatea erabaki genuen. Azken finean, horrek ere, berrikuntzak, puntuatzen du lehiaketan.

Euskadi mailako txapelketan euskaraz egin zenuten aurkezpena, Espainiakoan gazteleraz, eta orain, Europako txapelketan, ingelesez egitea tokatuko zaizue. Zailtasun gehigarri bat al da?
Andoni Alonso: Proiektu osoa ingelesera pasatzea eta ikastea lan bat gehiago da. Gainera, ingelesez aurkezpena egiterakoan freskotasuna galduko dugu, hizkuntza eta kultura desberdinak direlako. Ingelesez adieraztea zailagoa den arren saiatuko gara aurre egiten.

Mikel Rodriguez: Aurkezpena ingelesez ikas genezake, baina ondoren epaimahaiak galdera batzuk egiten ditu. Galdera horiek ulertu eta ingelesez erantzuten jakitea zailagoa da.

Zer gustatu zaie epaimahaikideei zuen proiektutik?
A.A.: Batez ere, aurkezpenetan izaten dugun naturaltasuna eta arazoen aurrean inprobisatzeko izan dugun gaitasuna.

Ane Imaz: Aurkezpenaren ondorengo galderetan guztiok erantzuten jakin izana gustatu zaie, proiektuaren nondik norakoak kontrolatzen ditugula erakutsi izan diegu.

I.A.: Proiektu zientifikoa ere gustatu zaie. Azken finean, Arzak, Argiñano etab.-ekin bildu dira. Euskadiko eta Espainiako txapelketetako epaileek ezagutzen zituzten pertsona horiek. Enpresekin eta adituekin harremana izatea asko baloratu zuten. Europako txapelketan arazo hori dugu, hemen pertsona ospetsuak diren arren, Europan ez dakigu ezagutuko dituzten.

David de Jorge, Arzak, Argiñano, enpresa eta erakundeetako ordezkariak... Aditu askorekin bildu zarete, zer esan zizueten zuen proiektuari buruz?
A.A.: Proiektua aurkeztu diegun sukaldari gehienei gustatu zaie, David de Jorgeri izan ezik. Nahiko kritikoa izan zen, baina gerora lagundu egin digu proiektua hobetzen.
Maite: GAUTENAkoekin ere egon ginen. Haiek esan ziguten pertsona ezinduentzat argi baten arabera elikagai bat txarra edo ona dagoen identifikatzea errazagoa dela, usaina, testura edo zaporearen bitartez baino.

Zer itxaropen duzue Europako txapelketari begira?
M.C.: Badakigu zaila izango dela, mundu guztiko jendea baitoa, eta oso maila altua egongo da.

I.A.: Bai, izan ere, nahiz eta Europako Txapelketa izan, mundu guztiko ikasleak joango dira, Japoniakoak, Txinakoak... Munduko Txapelketara estatu bakoitzean lehenengo egin dutenak bakarrik joaten dira, eta bigarren edo hirugarren postuan geratu direnak Europako txapelketara joaten dira. Beraz, posible da, Japoniako bigarren sailkatua Europako txapelketara joatea.

M.R.: Euskadiko eta Espainiako txapelketetara postu on bat lor genezakeela sinetsita joan ginen, bagenekielako proiektu ona genuela. Orain berriz, badakigu maila oso altua dela eta ondo pasatzeko helburuarekin goaz.

Sariren bat lortzeko aukera ikusten duzue?
I.A.: Nik uste dut sariren bat lor genezakeela. Hiru dira sari garrantzitsuenak, lehenengo hiru postu absolutuak dira balioa dutenak. Baina gero, talde lanari, robotaren diseinuari, gazteenei, entrenatzaile onenari...  sariak ematen dizkiete. Entrenatzaile onenarena ez digute inoiz ematen...

M.C.: Guk badakigu onena dela, ez dugu saririk behar!

Alemaniara joateko diru-laguntzaren bat jaso al duzue?
I.A.: Ez dute laguntzarik ematen hara joateko. Gainera, bultzatzen dute ikasleak euren bidaia ordaintzeko gai izatea, diru-laguntzak eskatuz. Lan egin behar izan dugu babesleak lortzeko eta eskerrak eman nahi genizkieke, Kutxari, Ikorri, Angulas Aguinagari, AMPAri, eta Spri-ri. Euren laguntzarik gabe ezingo genuke Alemaniara joan.

M.C.: Diru gehiago lortzeko ere crowdfunding sistema bat jarri genuen martxan goteo.org/project/bantute webgunean. Bertan edozein pertsonak laguntza emateko aukera zuen, eta haiei ere gure esker ona adierazi nahiko genieke.

Etorkizunean zientziaren bidea jarraitzeko asmoa duzue?
I.A.: A ze galdera! Dena gustatzen zaie, ez dakite zer ikasi!

M.C.: Niri ikerketaren munduak erakartzen nau.

Andoni eta Mikel: Ingeniaritzaren bat ikasiko dugula nahiko argi daukagu.


Ekainaren 6tik 9ra Alemaniako Mannheim hirian izango den Europako txapelketan zorte onena opa diegu Andoaingo ikasleei!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!