Klikmetroak, On egiteko beste era bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 8a, 11:58

2011an Azpeitiako Ikasberri ikastolak Kilometroak jaiera berrikuntza bat ekarri zuen. Nahi duenari Kilometroetako zirkuituko metro bat eskuratzeko aukera luzatzen dio Klikmetroak izeneko egitasmoak. Iaz, zirkuituak zituen 6500 metroak modu birtual honetan egin zituzten.  Aurten ibilbideak 6700 metro ditu eta zirkuituari bi itzuli egiteko erronka erdietsi nahi du Aita Larramendi ikastolak.

Klikmetroak egitasmoaren helburua erabiltzaile bakoitzak Kilometroetako zirkuituko metro bat era birtual batean egitea da. Erabiltzaileek hartutako metro bakoitzeko babesleek dirua jarriko dute Kilometroak festaren alde. Metro bat eskuratzeko izen abizenak, argazki bat eta mezu bat bidali behar dira. On egin lelopean ospatuko da 2012ko Kilometroak festa eta teknologia berrien erabilpena sustatzeko helburuarekin bat egiten du ekimenak.
Metro bat eskuratzeko bide desberdinak daude: www.klikmetroak.com webgunean sartuz, Facebook eta Twitter bidez, edo telefono mugikorraren bidez. Azken hau da Aita Larramendi Ikastolak ekarri duen berrikuntza. Android Smartphone edo Tablet bidez metro bat eskuratzeko urratsak hauek dira:
1.    Klikmetroak aplikazioa deskargatu,  play.google.com webgunetik edo www.klikmetroak.com webgunetik. Doako aplikazioa da.
2.    Aplikazioan agertzen den   irudian klikatu eta norberaren datuak sartu, hau da, izen abizenak, argazkia eta mezua.
3.    Bidali eta bakoitzeren metroa eta babeslea zein diren azaltzen du aplikazioak.

Ordenagailuz metroa eskuratzea nahiago bada, bi aukera ditu erabiltzaileak. Webguneko formularioa betetzea edo Facebook eta Twitter bidez egitea. Era berean, Klikmetroen webgunera sartzeko modu bat baino gehiago dago. Kilometroen webgune ofizialetik edo www.berria.info gunean ere lotura bat eskaintzen da.  
Erabiltzaile bakoitzak metro bat egin dezake soilik, e-posta, Facebook eta Twitter kontu bakoitzetik metro bat bakarrik onartuko baita. Izan ere, helburua, ahalik eta pertsona gehienen parte hartzearekin ahalik eta metro gehien egitea da.
Babesleei dagokienez, erabiltzaileek hartutako metro bakoitzari babesle bat atxikiko zaio, ausaz. Babesle hauek Kilometroak festa diruz lagundu nahi duten edozein enpresa, erakunde, talde edo norbanako dira. Horrela, babesle horiek era berritzaile batean euren marka interneten zabaltzea lortuko dute.
HAINBAT METRO,
BESTE HAINBESTE MEZU
Oraingoz,  1293 metro egin dira zirkuitu birtual horretan, hau da, 1293 pertsonek bidali dute euren mezua, eta metro baten jabe egin dira. Era askotako mezuak ikus daitezke erabiltzaileek utzitakoen artean. Askok, 1990eko Kilometroetako protagonista dute oraindik ere gogoan, 1064.metroaren jabe den Nerea Eyrek bezala: "Gora kilometroak!!! Oso ondo pasatu eta ea zorte ona duzuen eguraldiarekin. Muxu handi bat guztiontzat"
Bada buruari pare bat buelta eman eta mezu bereziak utzi dituena ere, 941. metroaren jabe den Maribel Garcia esaterako: "Poliklik poliklik egin ezazue zuen klik. ANIMO!"
Teknologia berrien laguntzaz distantziak laburtu egiten dira, eta horren erakusgarri ere bada Klikmetroak. Herri eta herrialde askotatik bidali dituzte mezuak erabiltzaileek. Deba, Irura, Eibar, Oiartzun, Zornotza, Hernani, Bidani, Oñati, Elgoibar, Bilbo, Azpeitia... Eta baita nazioartetik ere. 965.  metroa Iurgi Altunarena da, eta Txinatik bidali zuen bere mezua: "Txinatik beste kilometro bat!! Urriaren 7an bertan izango gara". Arantxa Gomendiok 837. metroa eskuratu zuen eta Londresen dagoenez ezin izango du urriaren 7an Andoainen egon: "Aupa eta animo Kilometro horretan. Hor egotea pila bat gustatuko litzaidake baina Londresen bizi naizenez... dena galduko dut". Brasildik bidali zuen bere mezua Axier Etxezarreta 496. metroaren jabeak: "Brasildik bultzada bat eman nahian pausoa luzea izan dadin".
Pertsona eta talde ezagunek ere bat egin dute ekimen honekin eta metro bat eskuratu dute. Besteak beste, Berriako zuzendaria Martxelo Otamendi 1000. metroaren jabe da, Andoaingo alkate Ana Carrererena da 300. metroa eta etxeko txikienen artean hain ezagunak diren Irrien Lagunak taldeak 315. metroa eskuratu zuen.
Aiurrik ere bat egin du egitasmo honekin eta 499. metroaren jabe egin gara. Hona emen gure mezua: “Aiurri, eskualdeko nortasun hitzak. Pausoz pauso, metroz metro, aurrera beti!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!