Andoain-Berrobi Herriartekoan, ostiral honetan Arraten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 8a, 11:48

Andoain taldeak herrikideen animoak beharko ditu Berrobi talde indartsua mendean hartzeko.

ANDOAIN–BERROBI
Ekainak 8, ostirala. 21:00, Arrate:

Berrobik finalera gerturatzeko aukera hori gutxitan izango duenez, dena emango du Andoainen aurkako kanporaketan.
Berrobiko pilotarien artean, nagusien mailan, Iñigo Altuna profesional ohia nabarmendu behar da. Diotenez, aste hauetan izugarri jokatzen ari da.
Final laurdenetako joanekoan, Arrate pilotalekua bete eta tanteoan aldea ateratzea funtsezkoa izango da, Berrobin estuasunik ez igarotzeko. Zaletuen artean giroa sortzeko, lehenik eta behin, kalejira irtengo da Lanbroatik, iluntzeko 20:00tan hasita.
Ordubete beranduago hasiko da lehia. Animo Andoain!

 

ZALDIBI 1-2 ANDOAIN
Itzulikoa, kronika
Zaldibi 22-20 Andoain
Kadeteak. Etxeko partidan 7-22 galdu eta gero, Zaldibira kezka horrekin joan ziren. Etxetik urrun, ordea, oso ondo aritu ziren. 22-20 galdu zuten, oso maila ona emanda eta irabazteko aukera askorekin. Emaitza horrekin kanporaketa bideratuta geratu zela esan zitekeen.

Zaldibi 15-22 Andoain
Jubenilak. 5-0 galtzen hasi ziren pilota bizi batekin. Andoaindarrek gustuko pilota atera, motelagoa, eta 15-5 irabazten jarri ziren. Partida bideratu zuten, 22-15 irabaziz.
Zaldibi 18-22 Andoain
Nagusiak. 14 tanto eginda nahikoa zen final laurdenetara sailkatzeko. Arraten garaile irten eta gero erraza zirudien, baina kosta egin zitzaien partidan sartzea. Hala ere partida irabaztea lortu zuten.

Andoni Alvarez taldeko arduradunak dioenez, “4-2 irabazi dugu talde on baten aurka. Zaldibiak talde asko kanporatzeko gaitasuna badu”. Andoainek egin du, ordea, aurrera. Dagoeneko zortzi onenen artean daude eta asteburu honetan bertan Arrate pilotalekuan Berrobi taldea hartuko dute.
Berrobi herri txikia izanik, aurtengo Herriartekoan talde sendoa osatzeko gai izan da. Izan ere, Oiartzun talde indartsua lehiatik kanpo utzi du. Zaletuen artean ere Berrobik ez du Oiartzungo taldeak adina izen. Hala ere, andoaindarrek Arratera gogotik animatzera joan beharko dute, Andoainek txapelketan aurrera egitea nahi badute. Gaueko 21:00etan hasiko da lehia.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!