Amuarrain eguna igande honetan Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 7a, 13:12

Ekainaren 10ean ospatuko da Zumea plazan Amuarrain Eguna. Festa antolatzen den hirugarren urtea da dagoeneko, eta jaialdiak gure herriarekin hain lotura estua duen arrain hau izango du ardatz. Leitzarango Uraren Interpretazio Zentroak eta Arrantza Eskolak antolatuta, hainbat ekintza egingo dira egun osoan zehar: Leitzaran bailaran zehar ibilaldiak, amuarrain pintxo-potea, arrantza ikastaroak, musika eta giro bikaina.

Egitaraua:

Hasteko, oinez ibiltzea gustuko dutenek Leitzaran bailaran barna 3 orduko ibilaldi arautua egiteko aukera izango dute. Antolatzaileek "500 eskailerak" igoko direla ohartarazi dute. Horretaz gain, ibilaldian parte hartzen dutenen artean mendiko bizikleta bat zozketatuko da.

Bestalde, Amuarrain Egunaren barnean Arrantza eguna ere ospatuko da Leitzaran ibaian. Hilgabeko arrantza egiteko aukera izango dute 7 eta 14 urte bitarteko haurrek goizeko 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Ekintza honen amaieran parte hartzaile guztiek sari bana jasoko dute.

Leitzaran bailaran ez ezik, Andoaingo hirigunean ere ospatuko da Amuarrain Eguna. Horretarako, amuarrain pintxo-pote zirkuitua antolatu da. Buruntza, Olloki, Hiru, Trañerum, Irunberri, Leizaran, Gaztelutxo, Iragus, Danena, Txalaka eta Txitibar taberna eta jatetxeek hartuko dute parte zirkuitu honetan. Eguerdiko 12:00ak eta 14:00 bitartean eskainiko dituzte amuarraina osagai nagusi izango duten pintxoak.

Eguerdiko 13:30tan sari banaketa izango da. Ibilaldi arautuan parte hartu dutenen artean mendiko bizikleta bat zozketatuko da eta Arrantza Egunean parte hartu duten guztiek saria jasoko dute. Baina horretaz gain, Lorez apainduriko balkoi eta leihoen lehiaketako eta "Leitzaran" haurrentzako margo lehiaketako irabazleek ere euren sariak jasoko dituzte.

OHARRA: Ibilaldi arautuan eta Arrantza Egunean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik deitu beharko dute 635 728 173 edo 943 30 50 11 telefonoetara, goizeko 9:00ak eta 10:00ak bitartean.

 

 

 

 

 

 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!