Andoaingo gazteria mugitu zuten Olinpiapopularrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 5a, 14:11

Andoainek ezagutu duen herri ekimen irudimentsuenetakoak 25 urte bete ditu aurten. Antolaketa lanetan jardun zuten Josetxo Oiartzun, Jon Huizi eta Pello Oriak azaldu dituzte haren ezaugarriak.
Argazkiak

Azalduko al zenukete zer izan ziren Olinpiapopularrak?
Josetxo Oiartzun:
Herriko kuadrilen arteko olinpiada herrikoiak izan ziren, eta hainbat joko eta kirol prestatu ohi ziren horretarako. 1987ko urtarrilean hasi ziren kalean egin zen desfilearekin eta patinen lasterketa arrakastatsuarekin, eta 1992an egin zen azken aldiz. Bitarte horretan, lortu zen ehundaka gazte, eta ez hain gazte, herri ekimen baten inguruan biltzea astero astero. Ideologia, adin, auzo… ezberdinetako jendea elkartu ginen. Denetariko probak izaten ziren, serioak eta barregarriak, eta herrian egundoko saltsa eragin zuten, parte hartzaileak ez ezik herriko makina ikusle erakartzen zituelako.   

Nolako harrera izan zenuten herrian?
Jon Huizi:
Egundokoa, parte hartzaileen aldetik; esaterako, 32 koadrila bildu ziren aurreneko urtean, eta 36 bigarrengoan. Inaugurazio eguna, 1987ko urtarrilaren 17koa, gogoratu besterik ez dago: ehunka parte hartzailez osatutako desfilea (nor bere pankartarekin) egin zen Andoaingo kaleetan, eta ondorengo patinete probak Kale Nagusia jendez gainezka jartzea lortu zuen.

Zenbateraino bultzatzen zen lehia?
J.O.:
Jokoak eta kirolak tartekatzen ziren eta puntuaketa sistema ezartzen zen. Proba bakoitzean denek irabazi nahi izaten zuten noski, baina han ez zen nagusitzen benetako lehia; izatekotan ere, “pike” sanoa sortzen zen. Egia esan, jendea asteburua ondo pasatzera joaten zen, koadrilak kuadrilekin elkartzera… Kirolak eta proba xelebreak ez ezik barre franko ere egiten zen, eta behin probak bukatuta, zerbezak elkarrekin hartzera joaten ginen denok.

Kontatzeko pasadizoak izango dituzue…
Pello Oria:
Koadrila bakoitzak mordoa edukiko du gordeta oroitzapenean. Antolatzaile bezala, niri burura etortzen zaidana ziklismo proba batean pasa genuen estuasuna da. Probak Aduna eta Zizurkildik pasa behar zuen, eta irteera emateko unean bertan, Zizurkilgo udaltzain batek hotsegin zigun guardia zibilek Adunako zubian kontrola jarri zutela adieraziz. Haiek kontrola noiz kenduko zain egon ginen denok puska batean. Egin kontu baimenik ere ez genuela eskatu…  

1987an egin zenuten lehen deialdi publikoan, Andoain herri hila zela zenioten…
P.O.: 
Kultur eta kirol mailan nahiko motel zegoen herria, egia esanda. Kultur politikarik ez zegoen, eta Andoaingo herriak apenas eskaintzen zion ezer gazte bati aisialdi kontuetan. Euskaldunaren futbol partidak, Arrate azpiko noizean behingo berbenak…, eta ezer gutxi gehiago! Herritik itzulia eman, eta hauxe izaten zen ohiko estanpa: gazte jende saila eserita Banco Gipuzcoano aurreko, Oria ibai bazterreko edo Goikoplazako koskatan.
Hutsik zegoen Zumea kaleko eraikuntza okupatu eta han Gaztetxea sortzeak 1984-1985ean, egundoko bizitasuna ekarri zion gazte jendeari, sektore handi bati behintzat. Testuinguru horretan, Gaztetxean bertan mugitzen ginen kide batzuren burutazioa izan zen Olinpiapopularrak sortzea.
J.H.: Kontzertuak ziren nagusi Gaztetxea abiatu berri hartan, eta pentsatu genuen zerbait gehiago egin behar zela: herriko gazteria gauza ludiko baten eskutik dinamizatzea. Bide batez, lortu genuen Gaztetxea kalera ateratzea, bertan inoiz sartu ez ziren gazteengana iristea. Izan ere, herrian bazegoen Gaztetxea gaizki ikusten zuenik, gogor kritikatzen zuenik. Hura dena ezjakintasunagatik zela iruditzen zitzaigun.
P.O.: Aitortu beharra dago gaztetxe inguruko gazteak ez ginela denak berdinak pentsamenduan zein funtzionamenduan. Barne ika-mikak gertatzen ziren ekimenak, barne arauak… zehazterako garaian. Izan ere, iritzi aniztasuna zegoen gaztetxeak bete behar zuen funtzioaren gainean: gazteak egoteko lekua besterik ez zuela izan behar zioten batzuek, kontzertuen gunea besteek, kultur ekitaldiak eta kirolak antolatzeko gunea harako haiek…

Gaztetxea gaizki ikusten zutela zenbaitek, aipatu duzue…
J.O.:
Gaztetxeen errealitatea gauza berritzailea zen orduan ez bakarrik herrian, baita Euskal Herri osoan ere. Eta ohi denez, errezeloak sortzen dira ezagutzen ez diren dinamikekin, gehiago eraikuntza okupatu duten gazteekiko. Kontzertuetara joandako zenbaitek tarteka eduki ohi zuten jarrerek ere ez zioten onik egiten Gaztetxearen irudiari…
J.H.: Patxi Irigoras alkate zuen Udala mesfidati agertu zen hasieratik gurekin, etxe okupatzaileak izateaz gain ez ginelako euren harikoak. Gertatu zen, hala ere, eskemak apurtu egin zitzaizkiela agudo, ikusi zutenean astebururo hirurehun gazte baino gehiagok herriko kaleak hartu eta kirola egitera jartzen zela. Ez zuten hainbesteko arrakastarik espero. Horrez gain, Onpiapopularretarako diru eskaera herriko ikastetxeetako kirol elkartearen (ODEA) eskutik egin genuen, gure ekimena kirol jarduera zen heinean, eta horrek ere zerbait lagundu zigun. Olinpiadek herrian eragindako errealitatea barneratzea beste erremediorik ez zitzaien geratu, hortaz.

Zergatik amaitu ziren 1992an?
J.O.:
Lan handia suposatzen zuen bere antolaketak. Atzetik ez zetorren erreleborik, eta bostgarren urtera nekatu samar iritsi ginen. Parte hartzeari dagokionez ere, jaisten joan zen urtez urte: aurreneko ediziotik parte hartzen ari ziren taldeak “zahartzen” ari ziren eta gehiago kostatzen zitzaien jokoan sartzea; gazteak ere ia-ia bultzaka eraman behar izaten ziren. Azken batean, bazirudien olinpiapopularrak grazia eta freskotasuna galtzen joan zirela urteen poderioz.
P.O.: 1992an bukatu, eta handik gutxira Kitto Gazte Kultur Elkartea saiatu zen berreskuratzen. Bizpahiru edizio burutu zirela uste dut, baina ez zuen lehengo arrakasta eduki. Iruditzen zait bestelako garaiak bizi zirela; gazteen ohiturak, mentalitatea, jarrerak, gizartearen kultur eskaintzak… aldatzen joan zirela. Gu zori onekoak izan ginen, garai aproposa egokitu zitzaigulako. Gaur egun berriro antolatuko balira, ez lukete orduko erantzuna lortuko, ez partehartzaileen ezta ikusleen aldetik ere. Aisialdirako alternatiba gehiago eskaintzen ditu gaur egungo gizarteak.

Aurtengo Santa Krutzetan pregoia egitea egokitu zaizue…
P.O.:
Oso hunkigarria gertatu zen. 1990eko play back-ko showa errepikatzea erabaki genuen: Jon Fredy Mercuryren larruan sartu zen eta ni neu Montserrat Caballerenean. 25 urte pasa direnez beldur ginen ikusleen artean gehienak gazteak izatea, eta beraz, zertan genbiltzan ez ulertzea eta gureari graziarik ez ikustea. Baina ezusteko atsegina jaso genuen; beteranoenek aurreko egunetan Olinpiapopularren aldeko kanpaina egin zutela, nik uste. Kontua da ondorengo egunetan, kaleetan topo egin eta jende ugarik zoriondu gintuela.
J.H.: Esan beharra dago Goikoplazan egin ziren hiru play back saioek egundoko arrakasta lortu zutela. Orduantxe hasi zen zabaltzen play backaren istorioa, eta oso ikuskizun erakargarria gertatzen zen herriko ezagunak oholtza gainean dantzan eta kantari ikustea. Taldeak prestaketa berezia egiten zuten ondo entsaiatuz.  

Parte hartzaileak
32 taldek hartu zuten parte aurreneko edizioan, 1987an: Xiroko Lagunak, Bixby Potxintxi´s, Puzkerrak, Kaxeroideak, Jeremias Taldea, Beti Asarre, Kikiss, Astokirtenak, Flipis, M.B.P.K.L., La Txispa de la Vida, Elbarriak, Komando Sagardua, Txilborrak, Potrojorrak, Peña Garikano, Txingurritxuta, Berdin-berdin, Iepa Joxepa, Zuhaitz, Azkenputz, K.M.E., Pelotok, Maltzurrak, Erreta, Burruntzaliak, Zintzarri, G.S.K., Flutxos, Ninguno, Baldarrak eta Kaxueleroak.
Youtuben zenbait kirol eta joko ikusi litezke “Olinpiapopularrak” idatzita (pisu jaurtiketa, zaku karrera, triatoi patata, triatloi itsua, sokatira…).   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!