Urnietako lehen futbol taldea igoeraren bila, larunbat honetan 18:00tan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 15:07

Larunbatean arratsaldeko 18:00retan Urnietako zelaian buruz burukoaren itzulerako partida jokatuko da Urnieta eta Ikasberri taldeen artean. Igoera jokoan da.

Inkesta lau jokalariekin:

INKESTA
  1. Joanekoan 0-0. Zer nolakoa izan zen partida? Itzulerako partida nolakoa izango dela uste duzu?
  2. Emaitza asmatzera ausartzen al zara?
  3. Igoera lortuz gero, zer egiteko prest zaude?

Gorka Pardavila
  1. Zaila izango da, hangoa oso berdindua izan zen. Haiek ere onak dira. Hemengoa bide beretik joango da, oso parekatua. Jokoa indartsua izango da, tartean urduritasun askorekin. Zaila izango da baina etxean jokatzen dugula ikusita, aurrera aterako dugula uste dut. Kanpoko golak balio bikoitza du, beraz, irabaztea da balio digun emaitza bakarra.
  2. 2-0.
  3. Ilea margotu, entrenatzailea dutxan sartu,... oraindik ez dut ezer pentsatu baina zerbait bururatuko zaigu. Igoera lortzen badugu afaria daukagu, kriston parranda botako dugu. Bederatzi hilabete daramagu honetan, dagoeneko hankak hazi-hazi eginda dauzkagu. Larunbatean igotzen bagara lehenik afizioarekin ospatuko dugu. Jende asko etorri da azken partidatan eta asko eskertzen da. Lehenik haiekin ospatuko dugu eta gero gure artean. Ziur egon.

Iker Lizarralde
  1. Hango zelaia eta baloia kaskar samarrak ziren. Gure zelaian  eta gure zaletuen aurrean irabazteko aukera gehiago ditugula uste dugu. Aurkariak gol bat sartzen badu berdinketak ez digu balio; argi dugu irabazi beharra dugula. Orain bi urte penaltyetan mailari eutsi genion, baina ez dugu horrelako esperientziarik berriro bizi nahi. Aurten abuztutik zoragarri entrenatzen ari gara, taldea oso ona da eta berriro ere galdutako maila berreskuratu behar dugu. Gaitasuna badugu. Eta nik neronek, gorputzak ahal badu behintzat, jarraitzeko asmoa daukat.
  2. 3-0.
  3. Bidea luzea izan da eta amaitzeko gogoa dugu. Afaria egingo dugu eta gure artean ospatzen dugu. Zaletuak gurekin batera ospatzea gonbidatuko nituzke.

Nestor Orozko
  1. Taldea ondo dago, lehiatzeko gogo biziz. Irabazi beharra dago igoera eskuratzeko. Badakigu haien gol batek min asko egingo digula, baina gure zelaian denboraldi osoan partida bakarra galdu dugu. Konfidantza askorekin gaude. Haientzat zelai hau handiagoa da, eta lurra leunagoa da. Guk abantaila dugula esango nuke.
  2. 1-0.
  3. Larunbat horretan festa handia egingo dugu. Momentuz ez zaigu ezer bururatu baina zerbait egingo dugu, talde honetan ero asko dago.

Mikel MIRANDA
  1. Partida gogorra izan zen, gogor jokatzen zuten. Zelaia ere ez zen beste munduko ezer. Emaitza ona da guretzat, ez goaz galtzen eta etxean jokatzea gure alde dago. Haien golak min asko egingo liguke. Kontu handiarekin atera behar dugu, gutxienez lehen zatian eta bigarrenaren hasieran. Erraz atera genezakeela uste dut.
  2. 2-1.
  3. Ospatuko dugu, hori ziur. Gauean parranda egingo dugu eta ondoren iksuiko dugu, baten bat errekara bota edo...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!