Alderdien adierazpenak aurrekontua onartu aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 14:59

Bildu, PSE eta EAJ alderdiek Udal aurrekontuen harira iritzia gertu zuten plenoaren aurretik.

Ostegun honetan Udal batzarraldi aretoan urteko aurrekontu proposamena eztabaidagai izango da. Bozkatzeko garaia iritsi aurretik Andoainen ordezkaritza handiena duten hiru alderdiek dagoeneko iritzia agertu dute. EAJ-PNVk aurrekontuaren alde egingo zuela iragarri eta ordu gutxira, PSE-EEk gogor kritikatu zuen jeltzaleen aldeko jarrera hori. Bilduk herritarren alde egin duela adierazi du.

Aurrekontu arduratsuak direlakoan EAJk aldeko botoa emango duela iragarri zuen. Haren ondoren, PSE-EEk jeltzaleei Andoaingo egoeraren erantzule eta errudun bilakatuko zirela leporatu zien. Eta zein da Udal gobernu taldearen iritzia? Asteazken eguerdian gobernu taldeko lau kidek agerraldia egin zuten hedabideen aurrean. Ana Carrere alkatea eta Ainara Rodriguez alkate-ordea izan ziren bozeramaile lanetan aritu zirenak.
Ana Carrerek plenoaren garrantziaz ohartarazi nahi zuen, “garrantzitsua izango da udal honen garapen eta etorkizunarentzat, aintzat harturik 2012. ekitaldiko aurrekontu orokorraren proposamena bozketara jarriko dela. Baita onartu ere; izan ere, EAJ alderdiarekin azken asteetan izandako hartu-emanak tarteko, kontsentsu batetara iritsi eta planteamendua adostea lortu dugulako”.
Bilduk martxoan ekin zion aurrekontu proposamena lantzeari. Udal ordezkaritza lortu duten eta lortu ez duten alderdiekin, batetik. Eta herritarrekin, bestetik. Azken honen adierazgarri, Basteron egin zuten agerraldi jendetsua.
Alkateak oposizioko PSE-EE eta PP alderdia kritikatu zituen, “PSE eta PP alderdiek erakutsitakoa erabat harrituta utzi gaitu, jarrera guztiz arduragabea, indiferentea, azaldu baitute aurrekontu proposamena aurkeztu genienetik. Gaur da eguna non, nahiz eta proposamenari ezezkoa bozkatuko diotela jakin, ez dugun horretarako arrazoirik ez argudiorik ezagutzen. Jarrera erabat axolagabea iruditzen zaigu”.
Ainara Rodriguez alkate-ordeak aurrekontuaren xehetasunak aurreratu zituen, “egoera ekonomiko hobean bestelako aurrekontu batzuk aurkeztuko genituzke ziur aski, baina errealitatetik eta  koherentziatik egiten diren aurrekontu batzuk dira. Premisa bakar eta nagusi baten pean egin ditugu: pertsonengan inbertitzea.
Estatuetatik inposatzen dizkiguten neurrigabeko murrizketen gainetik, inoiz baino beharrezkoagoa da justizia sozialetan oinarritutako gizarte eredu bati heltzea, zerbitzu publikoak bermatzean eta indartzean oinarritzen dena eta herritarra sistemaren beraren erdigunean kokatzen duena, bere eskubide guztien jabe. Diru kontuak onartuta, helburua herrigintzan jarraitzea izango da, beti ere, udal honen sostengu diren herritarrak zutabe izanda”.
Azken orduko ezustekorik ez badago, Udal aurrekontuak  Bilduren eta EAJren baiezkoarekin onartuko dira.

PSE-EE kritika gogorra alderdi jeltzaleari

Estanis Amutxastegi buru duen alderdi sozialistak alderdi abertzaleen arteko adostasuna ez du begi onez ikusi, eta jeltzaileei Andoaingo egoera kaskarraren “erantzule” direla leporatu die. Hedabideetara bidalitako prentsa oharrean zera dio Andoaingo PSE-EEk: “Akordioa nola gauzatu den erabat harrituta gaude. Hilabete luzez EAJ erabat asaldatzen zen Bilduren Udal gobernu taldearen jokabidearekin, baina orain ikusi da kritika, salaketa eta haserre horiek antzerki huts izan direla”.
Aurrekontuek ildo politikoa eta urte oso bateko jarduerak definitzen dituztela uste dutenez, jeltzaleen jokabidearekin kezkatuta daude, “beste behin andoaindarren beharren gainetik hauteskundeetan gehiago pentsatzen ari dira”.
Amutxastegik oharrean zera ohartarazten zuen, “Bilduren Udal gobernu taldeak aldeko botoak sobera izango ditu aurrekontuak EAJren babesarekin onartuz gero”. Sozialistaren ustez, ordea, Andoain herriak herrikideen arazoei irtenbidea emango dien kudeaketa eta aurrekontu ezberdinak behar ditu”. Aurrekontuaren onarpenarekin, arazoak okerrera egingo duela dio. Eta okertze horren “erantzulea eta errududun zuzena EAJ izango da”.

EAJ-PNV aurrekontua babesteko arrazoiak

EAJ ko kideek, Bilduren Udal gobernu taldeak aurrekontu proposamena egin orduko, “andoaindarrentzat eta herriarentzat mesedegarri izan zitezkeen, eta gobernu taldearen proposamenean kontutan hartzen ez ziren partida zein inbertsioak bertan sartzeko ahalegina egin dugu. Ekarpen berri horiek, andoaindarren behar eta eskaerei erantzuna ematen diete, eta bide batez, bizi dugun egoera ekonomikora egokitzen dira.
Gobernu taldearekin hainbat bilera egin ondoren, guk egindako ekarpen gehienak kontuan hartu dira eta aurrekontu proposamenean barneratu dira; horregatik EAJko udal taldeak eta Bilduko gobernu taldeak 2012. urteko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko akordioa lotu dugu”.
Aurrekontuan barneratu direnen artean, hauexek EAJk beretzat hartzen dituenak: “Udal eraikinen birmoldaketa, Irigoienazpikoa hizkuntza ez-hegemonikoen proiektuaren alde apostu garbia egitea, Bertxingo zentraleko instalakuntzak eraberritzea, bostgarren edukiontzia abian jartzeko partida bat adostea, herriko landa eremuetako bideen hobekuntza nahiz argiteria, errepideak e.a.”
EAJk aurrekontu arduratsuak direla deritzo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!