Garapen agentzia helburu, ekonomia eta enplegua sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 14:53

Aurreko asteartean eskualdeko sei alkateek hitzarmena sinatu zuten Andoainen.

Egoera ekonomikoa zailari aurre egiten laguntzeko garapen agentziaren funtzioak beteko lituzkeen erakundea aldarrikatzera etorri ziren maiatzaren 29ko agerraldian. Sustapen ekonomiko eta enplegurako eskualde mailako lankidetza protokolo orokorra sinatu zuten, funtsean lan mundua eta enplegua sustatzea helburu duena.
Ana Carrere Andoaingo alkateak egin zituen bozeramaile lanak, “Donostialdea izenaz ezagutzen den eskualdean gauden aipatutako Udal ordezkarion iritziz, udalerrien arteko lankidetzarako gaur egungo esparrua ez dator bat gure beharrekin”. Enplegua eta ekonomia garatzeko tresna egokirik ez dutela salatu zuen, “ez daukagu tresna propio eta egokirik eskualde mailako egitasmoak koordinatzeko eta elkarlan eraginkorra egiteko”.
Gipuzkoan lankidetza hori bideratzeko garapen agentziak sortu ohi dira, baina Buruntzaldekoa da agentziarik edo erakunderik ez duen bakarrenetakoa. Une zail hauetan elkarlanean aritzea inoiz baino garrantzitsuago dela diote, “eskualde mailan aritzeak enpresekin, prestakuntza guneekin eta gizarte nahiz ekonomia arloko beste eragileekin era bateratuan lan egiteko aukera ematen du”.
Eskualde mailako garapen agentziaren alde agertu dira, beraz, Buruntzaldeko udalak.
Ana Carrerek Andoaingo Udal batzarraldi aretoan hartu zituen gainerako alkateak. Hauexek, hurrenez hurren: Urnietako Mikel Pagola, Lasarte-Oriako Pablo Barrio, Usurbilgo Mertxe Aizpurua, Hernaniko Luis Intxauspe eta Astigarragako Andoni Gartzia.

Elkarrekin eta eskualde mailan aritzearen abantalaiak hauexek lirateke eskualdeko Udal ordezkarientzat: Koordinazio eta lankidetzari esker udalerri bakoitzaren gaitasunak eta baliabideak hobeto aprobetxatuko lirateke, administrazio burokrazia gutxituko litzakete, giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatu ahal izango lirateke eta ekintzen batasuna bermatuko litzateke, interferentziak eta gatazkak saihestuz.
Eskualde mailan sinatu duten protokoloaren bidez jarraipen batzordea eratuko dute. Udal bakoitzak izendatutako ordezkari politiko batez osatua egongo da. Zeregina hau izango da: lurraldeko diagnostikoari eta enplegu nahiz sustapen ekonomikoko planei dagokienez egin beharreko ekintzak aztertzea, eta bakoitzak bere udalari jakinaraztea.
Jarraipen batzordeak batzorde tekniko baten laguntza izango du. Batzorde tekniko hori eskualde mailako lankidetza protokolo hori izenpetu duten udaletako sustapen ekonomiko eta enplegu arloko edo gai horretaz arduratzen den bestelako arloren bateko Udal teknikariek osatuta egongo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!