Langarda auzia argitzeko adostasun politikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 14:51

Urnietan azken hamarkadan Langardako etxebizitzen eraikuntza  eta urbanizazioa hamaika arazo eta kexaren sorburu izan da. Agintaldi berrian auziari konponbidea emango diotela dirudi. Saiakera behintzat egin nahi dute, ordezkaritza politikoa duten hiru alderdiren borondate politikoa hori baita. Azken Udal batzarraldian hainbat neurri hartu zituzten.

Kronika:

Bozeramaileen batzar bat eta buruz buruko beste hainbat bileren ondoren, Langarda auziaren harira proposamen zehatza onartu zuten maiatzeko Udal batzarraldian, aurreko astean burutu zena. Mikel Pagola alkateak irakurri zuen hiru alderdiren adostasuna lortu zuen erabakia. Adostutakoa urgentziazko prozeduraz sartu zuten batzarraldira, aztergaien zerrendan PSE-EEk eta Bilduk elkarrekin aurkeztutako mozioa ordezkatzera zetorrena.

Agintaldiaren lehen urtea betetzear dagoela, oposizioko bi alderdiek Langardaren auzia behingoz konpontzeko saiakerari heldu nahi zioten. Batzarraldian esan zirenak entzun eta gero, Langardaren auzia bideratzeko interpretazio ezberdinak sortu ziren hiru alderdiren artean. Bilduk eta PSE-EEk ulertu zuten EAJ auzia luzatu nahian zebilela, eta horren aurrean ez ohiko udal batzarraldia deitzeko erabakia hartu zuten. Udal gobernu taldea (EAJ) azkar mugitu zen, udal batzarraldira hiru alderdiren artean adosteko proposamena aurkeztuz.

Gauzak horrela, hiru alderdiek Langarda auziari konponbidea emateko borondate osoa erakutsi nahi izan zuten.

BILDURENTZAT LEHENDAKARITZA
Hitzartutakoaren arabera, ordezkari politikoek bi hilabeteko epean irtenbidea ematen hasi beharko diote Langarda auziari. Jarraipen batzordea sortu dute eta Bilduko Xabier Yurramendi izango da lehendakaria. EAJk eta Bilduk bina ordezkari izango dituzte bertan, eta PSE-EEk bakarra.
Langarda auziari buruz jarraipen batzordeak bi hilabete hauetan egindako lana uztailaren 31ko Udal batzarraldiko hizpide nagusi izango da.

ADOSTUTAKO PROPOSAMENA

  1. 2011ko maiatzaren 6an, Udal honek construcciones Amenabar S.A.ren kontra hasitako administrazio espedienteari ofizialki iraungitze data jartzea eta jakinaraztea.
  2. Langarda auzoan dauden hirigintza hutsegiteak presazko izaeraz eta lehentasunez konpontzeko gaia landuko duen batzorde berezi bat eratzea.
  • – Besteak beste, batzorde honek,  Udalak bere esku dituen legezko, administrazioko eta teknikarien txosten guztiak eskura izango ditu (urbanizazio-proiektuak, proiektu horiek gauzatzeko proiektuak, obren jarraipen txostena, obra amaierako ziurtagiriak, FCCren txostena, VAUM M-ren txostena, ASTIVren txostena).
  • – Hirigintza hutsegite hauek egindako kalte eta ondorioen zenbatekoa zehazten duten finantza-txostenak eskatuko ditu. Aurkeztu daitezkeen irtenbide teknikoen finantza-txostenak ere eskatu ahal izango ditu.
  • – Urbanizazioan orokorrean, lursailetan, urharguneetan, lur-metaketetan, urbanizazio amaieran dauden hirigintza hutsegiteak konpontzeko aurkez daitezkeen proposamen edo irtenbide teknikoak ikertuko ditu.
  • – Azkenik, uztailaren 31 baino lehen Udalak ondorioak proposatuko ditu, Langarda auzoan dauden hirigintza hutsegiteen arduradun tekniko guztien aurrean administrazio espediente berria hasteko.

ALDE: EAJ + BILDU + PSE

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!