Hiru belaunaldi, San Millan eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:59

Portxeta baserriko Juanita Beldarrain amonak, Bixente Iraola aitak eta Haritz Iraola bilobak, hiruek ezagutu dituzte San Millan eskolako ikasgelak. Eskolan izandako bizipenen berri eman dute hiruek.

1948an, sei urte zituela hasi zen eskolan Portxeta baserriko Juanita Beldarrain: “Paula Montoya izan genuen irakasle. Emakume ona zen, ogi pusketa. Erdara hutsean aritzen zen eta nola edo hala ulertzen genion. Garai hartan, neskak ikasgela batean, eta mutilak beste batean aritzen ginen, bananduta. Irakurtzen, idazten, matematika…, denetarik ikasten genuen, baita dotrina ere. Apaiza etortzen zen eskolara, dotrina erakustera. Gainerakoan, nahiko eroso egoten ginen eskolan, negurako, egurrezko berogailu handi batzuk genituen, eta ez genuen batere hotzik pasatzen”.

Bihurrikeriak eta zigorrak
Bixente, Juanitaren semea, bost urterekin hasi zen eskolara joaten: “Egia esateko, ez genuen gauza gehiegirik ikasi. Ikastea ez zitzaidan asko gustatzen. Jolasgarai asko eta asko pasa nituen zigortuta, ikasi beharrekoa ikasi ez nuelako. Arratsaldetan ere, ia egunero uzten ninduen irakasleak zigortuta. Beti koadrila bera izaten ginen zigortuta geratu beharra izaten genuenak”. Ordu haiek, bihurrikeriaren bat edo beste egiteko baliatzen zituzten Bixentek eta bere lagunek: “Gelan genuen mapa handia leihoan jarri eta diapositibak ikusten aritzen ginen. Gure gurasoen garaian beldur eta errespetu handia zieten irakasleei, baina gure garaian gauzak lasaitzen hasiak ziren eta gaixtakeriaren bat edo beste egitera ausartzen ginen”.
Carmelo Urra zen Bixenteren irakasle: “Genio biziko gizona zen eta zaplazteko bat baino gehiago banatzen zuen. Erdaraz ematen zituen ikasgai guztiak eta halamoduz moldatzen ginen gu. Dotrina ematera herriko apaiza etortzen zen eta hura euskaraz ikasten genuen”.

Neskak eta mutilak, banatuta
Bixentek ere ezagutu zituen neskak eta mutilak gela banatan aritzen ziren garaiak: “Eskolan hasi nintzenean, gela ezberdinetan banatuta geunden. Bosgarren mailara iritsitakoan amaitu zen neska eta mutilen arteko banaketa. Aldaketa handia izan zen hura. Mailetan banatuta aritu ginen aurrerantzean, harik eta hamalau urterekin eskola amaitu genuen arte. Ikasle mordoxka bat ginen garai hartan. Gure ondoren, ume gutxiagoko belaunaldi batzuk egokitu ziren”. Eskolatik atera, eta etxeko lanetan lagundu behar izaten zuten Juanitak eta bere ahizpa Maritxuk: “Bi urteren aldea dugu bi ahizpok. Arratsaldean eskolatik atera eta etxera etortzen ginen, lanak egiten laguntzera. Baserrian beti egoten zen zer eginik: belarretan lagundu, behien lanak egin, baratzea… Etxean lan asko zegoenean, eskolara joan gabe geratzen ginen. Horrelaxekoa izan zen gure eskolako garaia; ahal zenean bakarrik joaten ginen. Nik ez nuen ikasterik izan, eta pena dut. Horregatik, gure bilobei horretan saiatzeko esan izan diet beti”.

Eskola bizitoki
Irakasleak eskolan bertan bizi ziren garai batean, goiko solairuan. Hala azaldu du Bixentek: “Maistra udaletxe aldeko etxebizitzan bizi zen eta maisua ,beste aldean. Carmelo Urra irakaslea bere emaztearekin bizi zen han. Nire amaren irakaslea berriz, Paula Montoya, ezkongabea zen. Nik ere ezagutu nuen hura eskolan bizi zen garaia eta gogoan dut nola katu mordoxka izaten zuen etxean”.
Haritz Iraolak oso bestelako eskola ezagutu du: “Hiru urterekin hasi nintzen eskolan. Eraikina zahartuta zegoen eta bi ikasgela bakarrik zeuden. Nire adin bereko bost ume ginen eta guztira, berrogeita hamar inguru. Eskolan hasi eta berehala egin zituzten eraberritze lanak. Irakasle ezberdin asko izan genuen eta horrez gain, ordenagailuak, ingeleseko klaseak, musika…, aitak eta amonak ezagutu zuten eskolarekin konparatuz gero, oso ezberdina zen gurea”.

Ekainaren 10eko ospakizunak
Haritzek ez du zalantzarik egiten eta ekainaren 10eko ospakizunetan parte hartzeko asmoa azaldu du. Elena Laiz irakasle ohiaren ikasle izandakoek, argazki eta bideo emanaldia prestatu dute eta ekimen horretan hartu du parte.
Bixente Iraola ere bazkarira joateko asmotan da. “Carmelo irakaslea etortzekoa dela esan didate eta hura ikustea bitxia egingo zait. Irakasle gogorra zen”.
Juanitak oraindik ez du erabaki bazkarira joan edo ez: “Gazteentzako gauzak dira horiek. Hala ere, pilotalekuan bazkaldu eta kontu batzuk esaten egotea ez da aukera txarra”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!