Ikasle ohien topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:54

Elena Laizek hogeita bost urte egin zituen San Millan eskolako irakasle lanetan. Bertan izan zuen bere bizilekua eta garai hartako oroitzapen goxoak ditu.

Ikasle ohi askorekin harremana izaten jarraitu du Elena Laizek eta urteurrenaren harira, ekitaldi berezia antolatzeko ekimena izan du. Elenaren ikasle izandakoak biltzeko deia egin eta lehen bilera hartatik, zenbait ideia sortu zen. Hala azaldu du Aizpea Argaia ikasle ohiak: “Hogeita bost bat pertsona elkartu ginen lehen bilera hartan. Poz handia eman zigun Elena ikusteak eta bera ere pozik agertu zen. Eskolan bertan, gure ikasle garaiko argazkiak eta bideoak bazirela esan zigun, eta zerbait egitea pentsatu genuen. Bi taldetan banatu ginen, batzuk argazkiz osatutako ikusentzunezko bat prestatzeko eta beste batzuek bideoak lantzeko. Elkarrekin egoteko aitzakia polita izan da eta gustura aritu gara”.

Argazkiak eta bideoak
Ekainaren 8an, ostiralarekin, eskolan bertan emango dituzte bideo eta argazki montaiak. “Arratsaldeko 19:30etan bilduko gara eskolan. Bertan izango da Elena ere. Emanaldiaren ondoren, zerbait jan eta kontu zaharrak berritzeko tartea izango dugu”.
1976tik 2000 urtera bitarte eskolan aritutako ikasle ohiak bilduko dira Elenaren ekimenari esker: “Zenbait belaunalditako argazki gutxixeago badago ere, guztien irudiak sartzen saiatu gara. Iñauterietan ateratako argazkiak, Gabonetako kantu-eskekoak, irteerak…, gure eskola garaiak gogoratzeko ekimen polita izango da”.

Sentimenduak, paperera
Bideo eta argazki emanaldiez gain, argitalpen txiki bat ere prestatzen ari dira ikasle ohiak. “Elenak galdetegi bat pasa zigun bere ikasle izandakoei. Erantzun esanguratsu eta politenak argitalpen batean bilduko ditugu. Guretzat oso polita izango da argitalpen hori gorde ahal izatea. Eskolan ere aleren bat edo beste gordeko dugu”, azaldu du Aizpeak. Elena Laiz irakasle oso maitea dute zizurkildarrek: “Berak irakasle gogorra izan zenaren ustea du, eta behin baino gehiagotan esan izan digu hori. Gure ustez, oso irakasle goxoa zen, maitakorra. Horren seinale da bere deialdira gerturatu garen ikasle ohi kopurua”.

Erretratu zaharrak
San Millan eskolako erretratu zaharren bilketa egin dute azken hilabeteotan. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitaratutako “Beterri-Aiztondoko erretratu zaharrak” liburuan ikus daitezke zenbait. Irudikoa, 1922an eskola aurrean ateratako argazkia da. Larramendi Bazkunak Zizurkilgo Karidade enea etxean duen egoitzan aurki daiteke liburua salgai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!