San Millan eskolak ehun urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:44

1912ko irailean zabaldu zuten Zizurkilgo San Millan eskola. Mendeurrena gogoan, ospakizun bereziak prestatu dituzte ekainerako.

Ikasle eta irakasleentzako baldintza hobeak lortu asmoz eraiki zuten Zizurkil goiko San Millan eskola. Ordura arte, elizaren ondoko egoitza batean ematen zituzten eskolak. Baldintza kaxkarrak zirela eta, Udalak eraikin berria egiteko erabakia hartu zuen eta eraikin hura bera da gaur egun erabiltzen dena.
Iragan hura gogoan izanda, etorkizunera begira jarrita daude San Millan eskolakoak. Gurasoak, irakasleak, ikasleak eta Udala, buru-belarri ari dira lanean mendeurrena behar bezala ospatzeko.

Jaia antolatzeko batzordea
Ikasturte hasieran ekin zioten antolaketa lanari. Batzorde berezia sortu, eta ideia ezberdinei gorputza ematen hasi ziren. Patxi Puerta zuzendaria, Lourdes Legarra eta Mamen Hilario gurasoak, Leire Zubeldia zinegotziak osatu dute batzorde berezi hori. Ekitaldi nagusiak ekainean izango badira ere, ikasturte osoan zehar, mendeurrena izan dute ahotan: “Ikasturteko lehen hiruhilekoan zenbait ikasle ohiren bisita izan genuen eskolan. Haien eskola garaia nolakoa izan zen azaldu zieten ikasleei eta oso interesgarria izan zen guztiontzat”, azaldu du.

Argazki erakusketa
Ospakizunen harira, eskolako erretratu zahar eta berriekin osatutako erakusketa ere jarriko dute. “Erretratu zaharrak eskatuz, deialdia zabaldu genien herritarrei. Zortzi pertsonaz osatutako taldea ari da lanean. Erretratu zaharrak bildu eta bertan ageri direnen izen-abizenak lortu dituzte. Iriarte etxean jarriko dira ikusgai argazki horiek guztiak”, azaldu du Patxik.
Garai bateko jolasen saioa ere antolatu dute. Mamen Hilario gurasoak eman du ekimen horren inguruko berri: “Batzordeko bilera batean aipatu genuen polita litzatekeela umeekin batera garai bateko jolasetan aritzea. Maite Legarra eta Pello Garin herritarrek hartu dute eskolara etorri eta umeei erakusteko ardura. Umeek asko gozatuko dutela iruditzen zaigu”.

Irakasle eta ikasle ohiak
Ekainaren 10a hunkigarria izango da eskola osatzen duten guztientzat. Garai bateko irakasleak gonbidatu dituzte. Hala azaldu du Patxi Puertas zuzendariak: “Delia Lopez, Carmelo Urra, Angela Sesmilo..., etortzeko asmoa dutela azaldu dute. Pozik hartu zuten gure deia. Esaterako, Delia Lopez Corellan bizi da, baina ez zuen zalantzarik egin; bizitzan behin bakarrik gertatzen den zerbait da...”
Ikasle ohiak ere espero dituzte San Millanen: “Belaunaldi ezberdinetako ikasleak etorriko dela uste dugu. Laurogeita hamar urtetik gorako emakume batek gerturatzeko asmoa duela esan digute. Eskolako plaka bistaratu ondoren, elkarrekin bazkalduko dugu guztiok, eta kontu zaharrak berritzeko aukera paregabea izango dugu”, azaldu du Patxik.

Egitaraua
Ekainak 4, astelehena
  • 19:00 Iriarte Kultur etxea. Eskolako argazkien erakusketa,  garai bateko eskolaren inguruko mahai-ingurua.

Ekainak 8, ostirala
  • Pello Mari Otaño eta Jesusen Bihotza ikastetxeetako ikasleen bisita. Elkarrekin hamaiketakoa egin ondoren, oinez itzuliko dira euren ikastetxeetara.

Ekainak 10, igandea
  • 11:15 argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoaren emanaldia, Zimiterioan. Eskolako ikasleek emanaldia eskainiko diete gerturatutako guztiei.
  • 12:00 Kalejira Zimiteriotik eskolara, Loatzo Musika eskolako txistulariek lagunduta.
  • Eskolan, mendeurrena gogoan duen plaka ikusgai jarriko da. Eskolako ikasleek dantza egingo dute.
  • Ondoren, eskolatik plazara itzuliko da jai giroa, Loatzo Musika eskolako haizezko trenen bandarekin. Trikitilariek alaituko dute plazako giroa.
  • 14:00 Bazkaria pilotalekuan.
  • Arratsaldean Gugaz taldearen emanaldia.

Erakusketa
Ekainaren 4tik 10era.
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Igandean, 10:00etatik 14:00etara. Ordutegi honetatik kanpora, norbaitek erakusketa ikusi nahi balu, eskolara joan beharko luke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!