Pili Legarra Asteasuko alkatearen lehen urtea agintean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:37

“Historiara pasatzeko inongo asmorik gabe”, Asteasuko Udalaren ardura bere gain hartu zuela urtea beteko da laster. Gogotsu eta erantzukizunez ari da lanean.

Urtebete alkatetzan. Pentsatzen dut irabazle jakitun izan zineten une horiek memorian ondo gordetzen direla. Nola oroitzen duzu igande gaua?
Bada, oroimen ona dut, zeren gure emaitzak oso onak izan ziren, espero baino hobeak. Poza, beraz, zetorkigun ardura ere burutik pasatu zitzaidan momentu horretan, baina hainbat jenderen ilusioa eta jasotako babesa ikusita aurrerantzeko lana gogoarekin hartzeko animoak eman zizkidan.

Pozez igarotako une haietatik erantzukizunera. Zenbat denbora eman zenuten gobernu taldean eguneroko jardunean sartzeko?
Kargu hartzeko eguna iritsi bitarte denbora izan genuen udal batzordeen osaketaz hitz egiteko, eta behin eguna hori iritsi zen unetik hasi ginen ia lanean. Izan ere, Asteasuko festak gainean genituen eta horien antolaketa eta lan banaketan murgildu ginen ia erabat.

Udaletxean langile modura metatu zenuen esperientzia lagungarri izango zen, ezta?
Noski, nik abantaila hori banuen; Udal langilea izan naiz azken 25 urtean eta hori oso lagungarria izan da niretzat. Leku ezagun batean nengoen, lankideekin harreman ona nuen, eta talde giroa ere, oso ona; hori guztia lagungarri izan da zerotik ez abiatzeko. Udala oso ondo ezagutzen nuen hasiera hasieratik eta banekien zer nuen aurrean.

Agintaldi luze baten ondoren agintzea ez da erraza izango. Nola utzi zuen Udala Amenabarrek, zuen iritziz?

Ez da erraza inoiz, ardura handiko eginkizuna da eta dedikazio handia eskatzen du. Bestalde, orain bizitzea tokatu zaigun egoera ekonomikoa ez da batere lagungarria. Beste momentu batzuk dira, oso ezberdinak aurrekoekin konparatuta, eta horrek gauzak asko zailtzen ditu, ezin dira konparatu ere.
Beste Udal askoren antzera guk ere zorrak ditugu eta horri aurre egin behar zaio. Hori erronka handia da.
Aurrekoen lana baloratzea ez zait egokia iruditzen, errespetu handiarekin ikusten baitut alkatearen kargua.

Eta noruntz bideratu nahi duzue zuek?
Gure Udal programan hainbat gauza hartu genituen kontutan: herriaren egoera ondo ezagutzea, ingurumenarekiko begirunea izatea, kultur giroa sustatzea, gazteei etxebizitza duinak eskuratzeko aukera eskaintzea, hezkuntzaren gaia aztertzea, inguruko herriekin hainbat ekimen aurrera eramateko proposamenak jorratzea etab. Lan asko, baina merezi dutenak. Orain ez gaude adreiluaren garaian eta udalek herritarrenganako zerbitzu eskaintzak landu eta hobetzeko garaia dela uste dut nik.
Behetik abiatu erabakiak hartzeko, eta ez alderantziz. Ez dut inongo asmorik ez desiorik ere historiara pasatzeko. Lan txukuna egitearekin konforme sentituko naiz.

Zertan desberdintzen da haren eta zure agintzeko modua?
Udala ulertzeko era ezberdina izatea nahi nuke; herritarrak udaletxera ohituraz zuzentzea gustatuko litzaidake; beraiek dira garrantzitsuak, eta ez Udalean daudenak. Kudeaketa txukun bat egitea ezinbestekoa da niretzat.

Egoera ekonomiko orokorra zaila izanik, Asteasuko egoera zein da? Kezkagarria al da?
Zenbakiak ikusita baiezkoa esan behar da; hainbat mailegu ditugu gainean eta horiei aurre egin behar zaie nahita nahiez. Gastua asko ari gara kontrolatzen, desbideratzerik egon ez dadin; daukaguna baino gehiago ezin dela gastatu uste dut nik, zeren bestela, itzul ezinezko bide batean sartzeko arriskuan gaude. Ditugun zorrak gutxitzea da gure helburuetako bat.

Urtebeteko agintean martxan jarritako ekimenen laburpena egingo al zeniguke? Zein da bereziki harro zaudena edo gogoko duzuna?
Askotan aipatu izan dut, gure herriko diagnostiko sakon bat egitea oso beharrezkoa ikusten genuela, benetako norabidea zein izan behar duen jakiteko, eta horretan ari gara irailetik. Datu bilketa egin dugu eta oraintxe bertan horiek prozesatzen ari gara. Hortik informazio asko jasoko dugu eta oso lagungarria izango zaigu, hor agertuko baitira herritarrek sumatzen dituzten gabeziak eta nahiak.
Gazteek duten etxebizitza beharra aztertzen ere denbora daramagu; hor ere datu bilketa egina dugu eta horren arabera proiektu bat lantzen ari gara. Gauza hauek denbora behar izaten dute, hirigintza alorreko hainbat erabaki izapidetu behar direlako. Oraintxe bertan horretan murgilduta gabiltza.
Bestalde, kultur giroa sustatu nahian, herrian kultur talde sendo bat eratzeko lanetan gabiltza. Horretarako hainbat bilera egin dira eta Elhuyar taldearen aholkularitza jasotzen ari gara. Gure nahia herritarrak jardueren antolatzaile eta bultzatzaile izatea da, ez soilik Udalak antolatzen dituen gauzen kontsumitzaile. Parte sentitzea oso beharrezkoa jotzen dugu.
Arlo ekonomikoan ere hainbat plangintza ditugu, zorrak gutxitzeko lehenago esan dizudan moduan. Horretarako udal aurrekontuak oso errealak egin ditugu, benetan bermatuta ditugun diru sarreren arabera antolatuta.
Hezkuntzan ere abian dugu ikerketa, jakiteko gure umeek zer egiten duten eta norantz jotzen dute behin derrigorrezko ikasketak amaitu ondoren. Hor ere badago zer egina, horretarako bailara izaera eman zaio proiektuari, eta inguruko herriekin lanean hasi gara.
Ingurumenarekiko, berriz, pil-pilean dagoen zaborren gaia aztertzea tokatzen zaigu. Izan ere, Tolosaldeako Mankomunitatean gaude eta eskualde osorako azterketa bat martxan dago. Zaborra gutxitzearen aldeko filosofiarekin bat egiten dugu eta horri jarraituz, bilketa sistema jorratzeko partaidetza plangintza bat jarriko dugu abian, profesionalen laguntzarekin;  herritarrek parte hartu behar dute, modu arduratsu batean jokatzeko. Informazioa izatea eta sentsibilizazioa jorratzea beharrezkoa deritzogu.
Euskal Herriko bakebidean laguntzen ere gure ahalegintxoak egiten ditugu, bide  hori babesten duten mozio eta ekitaldiak bultzatu ditugu: Asteasun ere bat egin eta Euskal Herri osorako konponbidea bultzatu nahi dugu.
Eta hauekin batera egunerokotasunean sortzen diren beste hainbat gauzei ere aurre egin behar zaie. Herritarrak bere inguruan sumatzen dituzten beharrei buruzko eskaerak luzatzen ari zaizkio udalari eta pixkanaka denei, ahal den neurrian, erantzuna ematen ari gara. Horretarako, herriko auzoekin bilerak antolatu genituen eta hor azaldu ziren eskaerak hartu ditugu abiapuntu gisa.

Eskualde mailan edo inguruko herriekin batera elkarlana areagotzen ari zarete. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Bilerak egiten hasi gara, oso beharrezkoa baita bailara moduan funtzionatzea; hainbat gauza jorratu daitezke modu amankomunean eta horretan ari gara; adibide gisa lehen aipatu dizudan hezkuntzaren gaia oraintxe bertan dugu mahai gainean.

Azkenik, gobernu kideen zein oposizioko kideen inguruan balorazio txikia egingo al zeniguke?
Eroso sentitzen naiz orain arte; egia da ez dela berdina agintzen egotea edo oposiziotik aritzea, gauzak ezberdin ikusten baitira, baina tira, oraingoz ez dugu une larririk pasa eta espero dut horrela jarraitzea. Errespetuzko posturak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Azken finean, herri txikia da gurea eta ez luke hain zaila izan behar gauzak objetiboki ikustea eta baloratzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!