Ekainaren 16a, lapurretei aurre egiteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:19

Maiatzaren 5ean, goizaldean, Amasa-Villabonako zenbait taldek lapurretak jasan zituzten, tartean, Lain musika taldeak. Bertako kide den Krisina Aranzabek hartu du hitza.

Hasiera batean udaletxe azpian dagoen gela batean entseatzen zuten arren, gaur egun, Sacem-en dute euren lokal ofiziala. Maiatzaren 4 eta 5aren arteko gauean, lapurreta egin zieten Lain taldekoei. Kristinak adierazi duenez, denetarik lapurtu zieten: baxua bere euskarri eta guzti, gitarra, anplifikadorea, panderetak, konpresorea, mikrofonoak, kamisetak, pedalak hamarretik gora, kableak, bertan zegoen ordenagailu eramangarri bat… denetarik. Lapurretaren berri, gainera, kasualitate hutsez izan omen zuten. Egun horretan taldekideak bilera egiteko biltzekotan ziren eta euretako bat, Javi Rivero, aurrez lokalera joan omen zen. Bertako panorama ikusi zuenean Kristinari deitu zion. Zur eta lur geratu nintzen. Lokala erabat hutsa zegoen”, gogoratu du Kristinak. “Goiz horretan bertan salaketa jarri genuen. Lapurtu ziguten guztiarekin zerrenda bat osatu genuen eta argazki eta guzti Ertzaintzari eman genion. Orain arte ez dugu erantzunik jaso”, esan du.
Gau horretan bertan, gaztetxera ere sartu omen ziren, eta bertan zeuden likore guztiak eraman zituzten. Horrez gain, Sacem-en entseatzen duten beste musika talde batzuei ere zenbait instrumentu lapurtu zizkieten.

Jendearen babesa aipatzekoa
Lain taldekoek, hala ere, ez dute etsi, eta kontzertuak eskaintzen jarraitzen dute. Taldekide batzuek dagoeneko material berria erosi duten arren, maiatzaren 19an Beasainen eskaini zuten kontzerturako behar zutena beste talde batzuek utzi omen zieten. Datozenetarako, ordea, erosi egin beharko dutela adierazi du Kristinak. Hala ere, jendearengandik jaso duten babesa azpimarratu du: “Indarrik handiena sare sozialek dutenez, informazio guztia jazoera gertatutako goiz horretan bertan zabaldu genuen eta orain arte, babes handia jaso dugu. Jendea arduratu dela ikusten duzu eta horrek babes handia ematen du, azkenean, arazo sozial bihurtu da eta bada neurriak hartzeko garaia”. Horrez gain, Udala ere lehen momentutik egoera honen aurrean zerbait egiteko prest agertu omen zen. Hori dela eta, ekainaren 16an dirua lortzeko eta materiala erosten izango dituzten gastuei aurre egiteko jaialdi bat antolatu dute.

Ekainaren 16ko egitaraua
Oraindik xehetasunen bat edo beste lotzea falta den arren, talde ezagunak izango dira  Villabonako Errebote plazan, besteak beste, Hesian, Ze esatek, Lauroba, Gugaz eta, nola ez, Lain. “Egia esan, talde guztiak hasiera-hasieratik egon dira guri laguntzeko prest. Ze esatek taldeak, adibidez, egun horretan bertan Bizkaian kontzertua du, baina arratsaldean Villabonan izango dira eta hori guretzat eskertzekoa da”, esan du Kristinak.
Egun horretan plazaren alde batean eszenatokia jarriko dute eta erdialdean, berriz, barra txiki bat: “Onddo Gazte Asanbladako kideak barran egoteko prest agertu dira”, azaldu du.
Ate-irekiera arratsaldeko 17:30etan izango den arren, kontzertuak 18:00etan hasiko dira. Sarrerak aldez aurretik herriko tabernetan jarriko dituzte salgai 5?ren truke, eta horrez gain, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira 8?ren truke. Bertan bildutako diru guztia Lain, Onddo eta lapurreta pairatu zuen beste taldearentzat izango da. “Gure aldetik, lagundu diguten taldeei eta animoak eman dizkiguten guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen”, azpimarratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!