Izaro Otaegi, Trikizio taldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:13

Askok eta askok Izaro Otaegi Amasa okindegiko langile bezala ezagutuko dute, baina horrez gain, Izarok Euskal Herriko makina bat plaza  alaitzen dihardu Trikizio musika taldearekin.

Txikitan afizioa zena ofizio bihurtu zaizu…
Zazpi urterekin nire osaba den Juan Tapiarekin panderoa ikasten hasi nintzen eta bi urte geroago, bederatzirekin, trikitixa ikasten. Hasiera oso gogorra egin zitzaidan arren, hamahiru urte geroago oraindik ere, herriz herri trikitixa astintzen jarraitzen dut. Panderoarekin batera, kantatzen hasi nintzen eta geroxeago Eresargi-Txiki abesbatzan ere hainbat urte egin nituen.

Orain arte “Kantuki”  taldeko partaide izan zara. Zer moduzko esperientzia bizi izan duzu?
2009ko abuztuan sortu genuen taldea eta egia esan ia hiru urte hauetan asko ikasi dut. Ordura arte lana bakarrik egiten ohitua nengoen eta taldean lan egitea zaila den arren, asko ikasten da. Taldea batera sortu genuenez, guztiok hutsetik hasi ginen. Argi geneukan zer nahi genuen eta erraza izan zen. Azken finean, bi urte hauek niganako konfiantza sortu didate.

Esperientzia pixka bat hartu duzu, beraz, oraindik ere urduri jartzen al zara jendaurrera irten aurretik?

Lehenengo abestietan beti egoten naiz urduri eta emanaldiak aurrera egin ahala lasaitzen joaten naiz, baina hala ere, nire ustez emanaldi baten aurretik beti eduki behar da urduritasun puntu hori.

Gaur egun Trikizio lau partaidez osatutako taldea da, zer moduzko esperientzia ari zara bizitzen?
Nire taldekideak profesionalak dira, guztiek karrera musikalak egin dituzte eta artista ezagunekin lanean ibili dira, tartean Kepa Junkerarekin, eta horrek diziplina handia eskatzen du; hasieran gogorra egiten den arren, asko ikasten da. Orain, abestiak sortzeko garaian erraztasun gehiago daukat eta entsegutik entsegura ziurtasun handiagoz jotzen dut. Egia esan, asko laguntzen didate eta oso gustura nago. Gainera, taldekide guztiak lehenagotik ere ezagutzen nituen eta horrek giroa hobea izan dadin laguntzen du.

Zergatik Trikizio, nola etorri zitzaizun aukera?
“Baga biga, musika ideiak” enpresatik deitu zidaten lan eskaintza hau eginez. Hasieran kikildu egin nintzen nire burua ez nuelako horretarako gai ikusten, baina etxean denek animatu ninduten eta osabak ere aurrera jarraitzeko esan zidan. Beraz, buruari pare bat buelta gehiago eman ondoren, aukera hori ezin nuela galdu pentsatu nuen eta aurrerapausoa ematea erabaki nuen. Trikiziok daukan izena eta gero, guk ere maila hori mantendu beharra daukagu. Niretzat erronka bat da, hasieran ezgai nintzela sentitzen nuen arren, pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartzen eta poliki-poliki erronka honi aurre egiten ari naiz. Momentu honetan, nire ametsa Villabonako festetan jotzea izango litzateke.

Emanaldiko zein momentu duzu gustukoen? Kantu bereziren bat…
Plaza betea egoteak musikaria asko motibatzen du, plaza bat dantzan ikustea edota jendea zurekin batera kantatzen ari dela konturatzea gauza ederra da, zure lana gustatzen zaien seinale da, beraz, zalantzarik gabe, publikoaren erantzuna oso garrantzitsua da. Errepertorioari dagokionez, denetik jotzen dugu eta zaila da abesti bat aukeratzea. 90. hamarkadako kantuek izugarrizko arrakasta dute, pare bat aipatzearren, “Sexu makina” eta “Bisai berriak” aipatuko nituzke.

Orain arteko kontzerturik onena?
Oraindik ezin dut esan Trikiziorekin kontzerturik onena zein izan den, orain arte bi bakarrik eskaini baititugu, baina joan zen asteburukoa, Gatikakoa, polita izan zen. Halere,  Kantukirekin emandako kontzertuen artetik bat aipatzearren, iaz, abuztuaren 16an Gernikan eskaini genuena azpimarratuko nuke. Jende andana zegoen eta horrek gu ere asko motibatu gintuen. Dena den, izugarrizko aldea dago probintzia batetik bestera. Bizkaian publikoa animatuagoa da Gipuzkoan baino. Hemen dantza gehiago egiten den arren, Bizkaian, orokorrean, erantzuna hobea izaten da.

Nola disfrutatzen duzu gehien, trikitixa jotzen edo abesten?
Biak batera doazenean aritzen naiz gustuen, beharbada txikitatik hala ohitu naizelako. Oso desberdinak dira trikitixarekin abesten diren kantuak eta biak ezkontzea erraza ez den arren, erosoen biak batera doazenean sentitzen naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!