Eskaintza haur eta gazteei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 1a, 11:11

Herriko haur eta gazteei aisialdirako aukera berria eskaintzeko asmoa du Udalak eta asmo hori nola bideratu erabakitzeko, hausnarketa prozesua zabaldu dute.

Apirilaren amaieran hasi zituzten lehen bilerak. Hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: “Udalak bi etxabe ditu herriko plazan, eta bi egoitza horiek haur eta gazteen aisialdirako erabiltzea erabaki du. Erabilera hori nola kudeatu erabakitzeko, hainbat bilera deitu dira; herriko gazteekin alde batetik, eta haurren guraso eta eskolako ordezkariekin bestaldetik. Hausnarketa prozesuaren ardura hartu duen Ainhoa Plazaola eta Elhuyar Aholkularitza taldeko Juanjo Perez ari dira prozesu hori bideratzen. Udal ordezkariok ez dugu parte hartuko lehen bilera hauetan. Ateratzen diren ondorioak txosten batean bildu eta Udalari helaraziko dizkio Elhuyar taldeak eta ondoren, erabakiak hartu eta hitzarmenak sinatzeko garaia iritsiko da”.

Gazteak, prest
Herriko gazteekin egin zituzten lehen bilerak. Hamabi eta hamasei urte artekoek oso gustura hartu dute egoitza berria izateko aukera. Hala azaldu du Elhuyar taldeko Juanjo Perezek: “Gure lehen proposamenean hemezortzi urte artekoei luzatu genien deialdia, baina bileratara gaztexeagoak etorri dira; hamasei urte artekoak. Hamalau gazte etorri dira guztira eta oso gustura aritu gara.  Argi geratu da euren txokoa izateko gogoa dutela, eta zenbait muga jartzeko prest agertu dira; egoitza erabili ahal izateko ordutegiak, soinu eta zaratak murrizteko beharra... Gure lana hausnarketa prozesua bideratzea da, eta horretan aritu gara gazteekin”.
Euren egoitza margotu eta txukun atontzeko gogoa azaldu dute gazteek: “Oso gogotsu ageri dira eta hori ona da, egoitza eurena dela sentitzea garrantzitsua baita. Guztia eginda ematen bazaie zailagoa da hori lortzea, eta gazteek lanerako prest daudela adierazi dute; paretak margotu, altzariak lortu..., ideia asko sortu dira egindako bi bileretan”, azpimarratu du.

Beste herrietako adibideak
Ainhoa Plazaola gaztea Udalak kontratatu du hausnarketa prozesua bideratzeko lanetarako: “Bileretan egoteaz gain, inguruko herrietako esperientziak ezagutu eta biltzeko lana ere egin dut, Adunarako baliagarriak izan daitezkeelakoan. Gazteen egoitzak kudeatzeko modu ezberdin asko dago, baina guk, autogestioa oinarri dutenak hartu ditugu kontuan bereziki”.
Urte garai ona iritzi dio Juanjo Perezek hausnarketa prozesuari ekiteko: “Modu horretan, uda inguruan egoitza atontzeko denbora izango lukete gazteek, eta negua iritsi baino lehen martxan izango litzateke euren bilgunea”.

Umeen txokoa
Plazako etxabe berean, haurrei zuzendutako txoko bat martxan jartzeko hausnarketa prozesua ere zabalik dute Adunan. Hala azaldu du Juanjo Perezek: “Haur jaioberrietatik hasi eta hamaika urte artekoak hartuko lituzke. Kasu honetan, gurasoekin eta eskolako ordezkariekin ari gara azterketa prozesua egiten. Bi bilera egin ditugu eta gazteekin baino erantzun apalagoa jaso dugu. Hala ere, zenbait ideia bildu dugu dagoeneko: adin ezberdinetako haurrei zuzendutako txokoak sortzea, gurasoen parte hartzea bultzatzea...”.
Bina bilera egin dituzte gazteekin eta haurren gurasoekin: “Lehen bileran puntu nagusienak aipatu genituen, zer eta nola nahi duten zehazteko. Bigarren bileran xehetasun gehiagoz aztertu genituen puntu nagusi horiek”.
Ainhoa Plazaolak, beste herrietako haur txokoak bisitatu ditu; “Urnietako esperientzia hartu dugu adibide gisa. Oinarri hori hartuta, Adunako beharretara egokitzeko modua aztertu dugu gurasoekin egindako bileratan”.

Txostena Udalari
Bilerak amaituta, ateratako ondorio guztiak biltzen dituen txostena prestatuko du Elhuyar taldeak. Hala jakinarazi du Juanjok: “Txosten horretan bilduko dugu bilera horietan jasotako puntu nagusiak, bai gazteen bilguneari dagokionez, baita haurren txokoari dagokionez ere. Udalaren eskuetan jarriko dugu hori guztia eta ondoren, beste prozesu bat jarriko da martxan. Izan ere, gerta daiteke txostenean bildutakoa Udalak ez lehenestea edota ezin aurrera eraman izana. Horrek, negoziazio prozesu bat irekitzea eskatuko du. Guztia ondo badoa, ikasturte berriarekin batera jarriko dira martxan haurren eta gazteen egoitza berriak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!