Eskola Txikien festa igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 31a, 10:54

Eskola Txikien jaiak XXV. urteurrena ospatuko du igande honetan, Larraulen. Urte osoko antolaketa lanen ondoren, egun polita igarotzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Hiru mila lagun espero dituzte igandean Larraulen eta dagoeneko, guztia prest dute. Egunpasa ederra egiteko moduko egitaraua osatu dute. Festa berezia izango da aurtengoa, izan ere, XXV. urtemuga ospatuko baitute. Hori gogoan, eskola txiki guztietako ordezkariak izango dira ekitaldi nagusian.
Duela bost urte lortu zuten Larraulen hezkuntza zerbitzua berreskuratzea eta gaur egun, zortzi urte arteko haurrak dituzte euren geletan. Larrauldarren erronka, zerbitzua hamabi urte arte luzatu eta eskola txiki izaera lortzea da, izan ere, gaur egun Asteasuko Pello Errota ikastetxeko gelak baitira Larraulgoak.

Garitanoren babesa
Jaiaren atarian eta erronka hori gogoan, Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren bisita jaso zuten larrauldarrek. Udal ordezkariek plazan egindako harreraren ondoren, eskolara bisitaldia egin zuten guztiek elkarrekin. Prentsari egindako adierazpenetan, hala jakinarazi zuen: “Hezkuntza ez da gure eskuduntzen artean sartzen, baina Eusko Jaurlaritzari eskatuko genioke hamabi urte arte haurrek euren herrian ikasteko aukera izan dezatela. Bidelagun izango gara bide honetan”.
Larraulgo Udal ordezkariak, Eskola Txikietako koordinakundeko ordezkariak eta guraso elkarteko kideak bildu ziren Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin eta Zigor Etxeburua Euskara zuzendariarekin. Haur eskola eta eskola hartzen dituen eraikina bisitatu zuten lehenik, eskaintzen dituzten zerbitzuen berri emateko. Eskolako irakasleek Eskola Txikien ezaugarri pedagokikoak azaldu zizkieten Foru Aldundiko ordezkariei. Adin ezberdinetako haurrak ikasgela berean izatearen garrantzia eta aberastasuna aipatu zituzten irakasle eta gurasoek.
Udaletxera itzulita, herri txikien garapena hartu zuen ahotan Martin Garitano Ahaldun Nagusiak: “Garapen horretarako, erabat ezinbestekoa da Eskola Txikiak garatzea. Herriaren bihotza dira eta Larraul bezalako herriek merezi dute eta beharrezkoa dute eskola txikia garatzea”.

Eskola Txikiaren beharra
Xabier Mujika alkateak ere hartu zuen hitza udaletxean egindako prentsa agerraldian: “Hamabi urte arteko hezkuntza zerbitzua nahi dugu Larraulen. Herritarren eta Udalaren indarrarekin gure ekimenarekin aurrera jarraituko dugu. Legeak agintzen duena betetzen dugu eta lanean jarraituko dugu herrian eskola txikia izateko. Horrez gain, guztiak gonbidatzen zaituztegu ekainaren 3ko jaira etortzera”.
Guraso elkarteko ordezkariak buru-belarri aritu dira Eskola Txikien jaia antolatzen, eta Estitxu Eizagirrek eskerrak eman zizkien Foru Aldundiko ordezkariei guztien izenean: “Guretzat oso garrantzitsua izan da Foru Aldundiak emandako babesa. Ekainaren 3ko jaia antolatzen hasi ginenean, Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zigun urtero ematen duen dirulaguntza, eta gure asmoak kolokan geratu ziren. Foru Aldundiak, ordea, bere dirulaguntzari eutsi egin zion, baita beste zenbait erakundek ere; horri esker lortu dugu amesten genuen jaia antolatu ahal izatea”.

Dokumentala
Festaren XXV. urteurrena dela eta, eskola txikien inguruko dokumental berezia prestatu dute.
Dokumental honek zortzi eta hamaika urte bitarteko ikastalde baten hiru hilabeteko jarraipena egiten du. Horrez gain, Gipuzkoako hainbat herri eta auzoetako irakasle, guraso eta Udal ordezkarien bizipen, amets eta gogoetak jasotzen dira.

Estreinaldiak:
  • Ekainak 1, ostirala, Tolosako Leidor zinema aretoan, 19:00.
  • Ekainak 3, igandea, Eskola Txikien Festan, 11:00 eta 16:00.

Egitaraua
  • Egun osoan zehar: Puzgarriak, idiak gurdiekin, bolatokia eta Larraulgo Eskola Zaharraren inguruko erakusketa, museoan.
  • 10:00 Txupinazoa plazan. 10:00-12:00 Eskulanak eta tailerrak Hezkide eskolan.
  • 11:00 Eskola txikiei buruzko dokumentala.
  • 11:30 Pirritx eta Porrotx.
  • 13:00 Ekitaldi nagusia eta lekuko aldaketa, eskolako eraikinaren aurrean.
  • 14:00 Bazkaria pilotalekuan.
  • 15:00 Gorritiren animaliak.
  • 16:00 Eskola txikiei buruzko dokumentala.
  • 17:00 Kupela, erromeria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!