Eskola Txikien inguruko dokumentala aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 29a, 15:10

Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak, Iñaki Alcalderen eskutik egindako dokumentala aurkeztu du. Ikusleek, ikasgela barnean sartzeko aukera izango dute eta horrez gain, eskola txikietako guraso, irakasle, ikasle ohi edota Udal ordezkarien testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak. Ostiralean egingo dute lehen emanaldia Tolosako Leidor aretoan, 19:00etan hasita. Ekainaren 3an, Larraulen ospatuko den Eskola Txikien festan ere eskainiko dute; 11:00etan eta 16:00etan.

Dokumentalaren trailerra ikusi

Iñaki Alcalde izan da dokumentalaren egilea eta hark eman ditu egindako lanaren inguruko azalpenak: "Ikasgela barnean gertatzen dena ikusteko aukera eman nahi genuen, eta horretarako, Berrobiko eskolako ikastalde batek egindako zientzia proiektua grabatu genuen. Ikasleen arteko eta irakaslearekiko duten elkartasuna eta interakzioa islatu nahi nuen. Horrez gain, eskolak herriko bizitzan duen eragina ere nabarmendu nahi genuen eta horretarako, ikasle talde horrek herriko plazan egindako erakustaldi bat grabatu nuen. Horrez guztiaz gain, Eskola txikien inguruko hainbat testigantza jaso ditugu. Dokumentala soinu banda osatu bat dela uste dut".

Dokumentalaren aurkezpenean izan da Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeko kide den Irati Aldazabal ere: "Dokumentalak 25 urteko ibilbidearen emaitza jasotzen du, bidean aurki ditzakegun oztopoen berri ere ematen du. Ausnarketarako bidea zabaltzen digu. Ikusleak bertan azaltzen direnekin identifikatuta sentituko dira". 

Dokumentala osatzeko,  espreski sortutako musika duela azaldu du Iñaki Alcaldek: "Aizarnazabalgo eskolako ikasle izandako Borja Rodriguezek egin du musika. Los Angelesen bizi da gaur egun eta ekimenaren berri eman genionean, berehala ulertu zuen zer nahi genuen. Oso hukitu berezia eman dio. Borjarekin, gainera, Eskola Txikietako ikasleen inguruan dagoen okerreko topikoa hautsi da; gure ikasleak ondo hezita ateratzen dira, bai akademikoki, baita pertsona bezala ere".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!