Senidetze egun polita, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 28a, 20:48

El Salvadorreko Segundo Montes Komunitateak Aiztondoko herriekin duen anaieratzea ospatu zuten pasa den larunbatean, Asteasun. Giro ederrean pasa zuten eguna bertaratu zirenek.

Argazkiak ikusi

Zizurkil, Amasa-Villabona, Aduna eta Asteasu dira Segundo Montes Komunitatearekin anaieratutako herriak. Herri guztietako udal ordezkariak Asteasun izan ziren El Salvadorretik etorritako ordezkariei ongi etorria egiteko. Ekitaldi ofizialaren ondoren, ordea, jai giroa herrira zabaldu zen.

Juan Tapiarekin aritzen diren trikitilariek saio ederra eskaini zuten plazan, Pello Mari Otaño ikastetxeko kideek taloak goxoak egiten zituzten bitartean. Bi dantzarik agurra dantzatu zieten El Salvadorreko ordezkariei eta ondoren, Aran eta Esti Mujika ahizpek eskainitako kantuak hunkitu egin zituen.

 

Esker-hitzak

Mikrofonoa eskuan, Aiztondotik jasotako laguntza eskertu zuten Segundo Monteseko kideek: “Oso pozik gaude hemen egotearekin. Egin diguzuen harrerak etxean bezala sentiarazi gaitu eta ez daukagu hitzik hori eskertzeko. Zuen laguntza eta elkartasunik gabe gure herria ez litzateke aurrera aterako. Gure herritik kanporatuak izan ginen eta itzultzea lortu genuenean, ez genuen etxerik ezta inolako azpiegiturarik ere. Arrazoi politikoa zirela medio, gobernuak bizkarra eman zigun. Horregatik diot jaso dugun laguntzari esker lortu dugula aurrera egitea, mila esker”, adierazi zuen Paz Acevedok.

Txalo artean hartu zituzten hitzok Asteasuko plazara gerturatutako herritarrek. Pili Legarra alkateak opari bana eman zien El Salvadorreko ordezkariei eta guztiek batera bazkalduz amaitu zuten eguneko egitaraua.

Zizurkilek hartuko du datorren urteko Senidetze eguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!