"EAJko udal taldeak eta Bilduko gobernu taldeak 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko akordioa lotu dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 26a, 11:59

EAJ alderdiak oharra argitara eman zuen atzo Udal aurrekontuen harira. Datorren osteguneko Udal batzarraldian onartuko dira, beraz, alderdi abertzaleen botoekin.

Oharra bere osotasunean:

"Udal gobernu taldeak 2012 urterako aurrekontu proposamena egin orduko, EAJ ko kideok, gure ustez, andoaindarrentzat eta herriarentzat mesedegarri izan zitezkeen, eta gobernu taldearen proposamenean kontutan hartzen ez ziren partida zein inbertsioak bertan sartzeko ahalegina egin dugu. Ekarpen berri horiek, andoaindarren behar eta eskaerei erantzuna ematen diete, eta bide batez, bizi dugun egoera ekonomikora egokitzen dira.+

Gobernu taldearekin hainbat bilera egin ondoren, guk egindako ekarpen gehienak kontuan hartu dira eta aurrekontu proposamenean barneratu dira; horregatik EAJko udal taldeak eta Bilduko gobernu taldeak 2012.urteko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko akordioa lotu dugu.

Gobernu taldeari egin genizkion eskakizunen artean, gure hauteskunde programaren ildo nagusietako batzuk azpimarratuko genituzke:

  • Udal eraikinen birmoldaketa, herritarrei arreta hobetu eta oztopo arkitektonikoak ekidite asmoz.

  • Irigoienazpikoa proiektuaren aldeko apostu garbia egitea, euskarazko komunikazio munduan proiektu aitzindaria delako eta gure herria Europa zein mundu mailako hizkuntza ez-hegemonikoen erreferentzia bihurtuko bait da.
  • Bertxingo zentraleko instalakuntzak eraberritu, gaur egungo teknologia eguneratuaz doituz, eta ematen duen etekina areagotuz.
  • Etxeetako zaborren kudeaketari dagokionez, berriz ere, hondakin organikoaren bilketa sailkatua egitearen aldeko beharra azpimarratzen dugu; horretarako, bere garaian udalbatzak gehiengoz berretsi zuen bezala, bostgarren edukiontzia abian jartzeko partida bat adostuz.
  • Herriko landa eremuetako bideen hobekuntza bai argiteria, errepideak e.a.

Gai horiek guztiak 2012ko aurrekontu-akordioaz haratago doaz, aurrerantzean burutu beharreko urte anitzetako inbertsio plana suposatzen bait dute.

Ekarpen horiez gain, udal gobernu taldeak, aurrekontu honetan azaltzen diren partida ezberdinak gauzatzeko garaian, oposizioko gainerako taldeen iritzia kontutan izan eta bere kabuz erabakiak ez hartzeko kopromezua bermatzen du, hala nola, komunikazio, partehartze edo udal ludotekaren kudeaketa ereduetan.

EAJtik, aurrekontu arduratsuak direla deritzogu, egungo egoera sozio-ekonomikoa kontutan izanik, udaletxeko jarduera geldiarazten ez dutenak, eta herrigintzan aurrera jarraitzea ahalbidetzen dutenak".

 


EAJko UDAL ZINEGOTZI TALDEA

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!