Ontzerri koparen bila larunbatean Matigoxotegin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 25a, 14:01

Larunbatean arratsaldeko 17:15etan Donostiako Ategorrietan dagoen Matigoxotegi zelaian Ontzerrik kopako finala jokatu du Irungo Mariño B taldearen aurka.


Ontzerrik bere bi urteko ibilbidean jokatuko duen lehen finala izango da. Kopa Andoainera ekar dezaketela sinetsita daude jokalariak; konfiantza horren adierazgarri dira azken partidatan erakutsitako joko maila eta golak sartzeko erraztasuna. Urte osoan ondo-ondoan izan dituzten zaletuen animoak ere finalera iristeko ezinbestekotzat jo dituzte.

INKESTA
1. Finalaren atarian zein sentsazio dituzu?
2. Emaitza asmatzera ausartzen al zara?

Ekain Ormazabal
1. Futbolean, ohikoena, denboraldi amaierara nahiko erreta iristea izaten da, baina guri kontrakoa gertatu zaigu: oso aldarte onean iritsi gara finalera. Denak azaltzen ari gara entrenamendutara azken aldian, umore onean gainera, eta indartsu sentitzen gara. Aurkaria “jateko” moduan gaude oraintxe.
2. Matigoxotegiko zelaian jokatu nuen urtetan Kostkas taldearekin, eta oso zelaia ona da; han ez dago aitzakiarik futbolean dakienak jokatu ez dezan. Nik esango nuke partidak gainezka izango duela emozioa, eta 3-2 irabaziko dugula; golegileak, Beñat Oiartzun, David Bejarano eta hirurok. 

Alex de Lucas
1. Finala futbol ibilbideari amaiera emateko jaso nezakeen oparirik politena da. Kopa Andoainera ekartzea, hori bai izango litzatekela izugarria Ontzerri bezalako talde hasi berri batentzat.
2. Irabazi egingo dugu. Berdin zait nola eta zein emaitza lortu!
Alberto de Lucas
1. Borroka, indarra eta konfiantza norberarengan; horiengan oinarritu behar du gure jokoak, konfiantzarengan batez ere. Nik final batzuk jokatu izan ditut, eta eskarmentuak hori erakusten dit.
Halaxe ikusi zen Europako finalean, Chelseak irabazi zuenean.
2. Irabazi egingo dugu. Hala ere, finala jokatzea nahiko garaipena da guretzat. 
Iker Etxebeste
1. Mariñoren aurka inoiz ez dugu jokatu; hari buruzko datu askorik ez dugu, baina nik uste gure kirol ahalmenekin konfiantza edukita atera behar dugula zelaira. Kopan inoiz ez dugu burua makurtu, eta hori izan behar dugu iparra.
2. Gol ugari ikusi dute ikusleek, baina aurkarien atean! 4-1 irabaziko dugu eta lasai ibiliko gara partidan zehar, berehala sartuko ditugu eta.
Angel Markez
1.  Mariño B guk irabazteko moduko talde dela aipatu dit egunotan lantegiko lankide batek; haien aurka jokatutakoa baita bera. Hala ere, ezin gara fidatu, filiala baita Mariño; denboraldiaren bukaeran gaudenez,
A taldeko zenbait jokalari trebe har ditzake finalerako.
2.  4-3 irabaziko dugu. Gol ugari sartu ditut aurten, baina irudipena dut finalean ez dudala golik sartuko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!