AMARA BERRI 1–2 URNIETA
KRONIKA. Herriko zaletu ugariren babesarekin eta eguraldi petralarekin jokatu zuen Urnietako lehen erregional mailako taldeak larunbat arratsaldean Martuteneko futbol zelaian igoera faseari amaiera ematen zion partida. Aurrean izan zuen Amara berri taldea, talde sendoa eta zelaian ondo kokatua.
Igoera lortzeko garaipena behar zuen talde urnietarrak eta lehen minututik partidaren bila atera zen. Naiz eta, behin eta berriro saiatu, oso zail egiten zitzaien arerioaren ate ingurura iristea, gehienetan defentsarekin topo egiten baitzuten. Bazirudien golen bat ikustea zaila izango zela, baina 35. minutuan jokaldi erabakiorra izan zitekeena etorri zen, Aitor Aramendi kanporatu zuen arbitroak, bigarren txartel horia erakutsita, eta jokaldi berean iritsi zen talde donostiarraren gola.
Partida aldapan gora jarri zen Urnietako taldearentzeko, gola aurka eta hamar jokalarirekin aurre egin beharra partidari. Taldea hautsita geratu zen eta partidako minuturik txarrenak izan ziren, hala ere 45. minutuan etorri zen Nestor Orozcok lortutako berdinketaren gola. Gol horri esker. itxaropena piztu zen Urnietako jokalari eta zalegoen artean.
Bigarren zatiak kolore gorria izan zuen. Esfortzu fisiko handia eginez, hasieratik amaieraraino saiatu ziren alde guztietatik Amara berrikoen atea zulatzen, ez zen batere lan erraza izan, talde donostiarrak, atzean jokalari ugari pilatu baitzituen, behin eta berriro urnietarren ahaleginak ezerezean utziz. Hainbat aukera alferrik galdu ondoren, eta hainbat aldeketa egin ondoren, iritsi zen garaipenaren gola, 90. minutua ondo betea zenean, Dani Gomez zelairatu berriaren hanketatik. Besterako denborarik gabe amaitu zen partida.
Ez zen emozio faltarik izan. Urnietako taldeak garaipena lortzeaz gain Beran, puntu berdinekin bere aurretik (2. postuan) zuen Mutrikuarrak taldearen emaitzaren zain egon beharra baitzuen. Eta hauek ere ez zuten huts egin 0-1 irabaziz, eta zuzenean igoera lortuz.
Urnietako taldeak, hala ere, eta lortutako hirugarren postuari esker badu azken aukera bat mailaz igotzeko, horretarako datozen bi asteburuetan, beste multzoan hirugarren sailkatu den Ikasberri talde azpeitiarra baino hobea izan beharko du.