Zegama-Aizkorri, Jon Iturralde andoaindarraren kontakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 25a, 13:19

Aiurriko erredakzio batzordeak lasterketaren bezperan animoak bidali zizkion Iturralderi, itzuleran zerbait konta zezala eskatzearekin batera. Astelehenean kontakizun polita egin zuen Facebook bidez. Milesker Jon!

Jon Iturralde Barrutia, kontakizuna:

Maiatzak 19, larunbata
Arratsaldea, Zegaman zer giro dagoen ikustera joan behar dut. Dortsala hartu eta korrikalariei agur bana luzatu. Lasterketa nola prestatu dugun azaldu, gure hurrengo proiektuak adierazi eta, noski, igandeko eguraldiaz hitz egin. "Egia esan ez dut batere gogorik joateko", "dortsala igande goizean jasoko det", nire burua zeharo nahastuta dago. Egia esan, maiatzaren hasieran esan zidaten Zegaman korrika egiteko aukera neukala eta neu aurten nahiko lasai nenbilen; korrika egitearena zertxobait baztertuta. Urte hontan plan berriak atera zaizkit eta garrantzia gehiago eman diet horiei.
Eta hara non jaso nuen Zegamako deia, forma aldetik okerren nagoenean. Nere buruak ezin ezetz esan zioen, nere gorputzak berriz ez nuela horrelako astakeriarik egin behar. Azkenean larunbat arratsaldean, hiru aste entrenatu ostean, nere dortsalaren bila abiatu nintzen Zegamara. Euria goitik ari zuen. Lagun batzuk agurtu, kafe bat hartu, ezagunekin hitzalditxo labur bat..., denen kontua bakarra zen: eguraldia. “A ze lokatza bihar”, “ea atertzen duen korrika gabiltzan bitartean”,...
Etxean lasterketarako arropa txukun prestatu eta ohera.

Maiatzak 20, igandea
Seirak alde jaiki eta lehiotik begiratu orduko tristura sartu zitzaidan gorputzean. Euria eta haizea. Maleta eta arropa hartu eta Imanol Arrutiren bila. Bidean bakoitzaren nahiak errepasatu genituen. Azkenean ondorio berara iritsi ginen: eguraldia ikusirik helmugara iristearekin nahikoa egingo genuela. Autoa aparkatu, esnatzez bukatzeko kafe bat hartu eta beroketa batzu egin ondoren, irteerara gerturatu ginen.
Nere burua ez zegoen lasterketan. Bukatuko ez nuen beldurra banuen, egindako entrenoei errepaso bat egin eta ederki sufritu behar nuela esaten zidan buruak,...
Dortsala jarrita, azkeneko hileran kokatu nintzen, David Urtasunen parean. Elkarri urduritasuna adierazten genion bitartean, Zegama-Aizkorriri hasiera emango dion kanta jarri zuten.
Bi minutu irteera emateko.
Elkarri zorte ona opatu eta bakoitza berera irten zen.
Lasterketa motxilarekin egitea erabaki nuen, ez nekielako helmugara iritsiko ote nintzen. Badaezpaere aldatzeko arropa garbia hartu nuen: galtza luzeak, manga luzeko kamiseta, beste eskuzorro batzuk eta telefonoa.
Lasterketaren hasiera lasai hartu nuen. Giharrak zeharo lotuta sentitzen nituen eta nahiago lasai hartzea. Pixka bat oinez, pixka bat korrika. Otzaurtera iritsi nintzen.
Azken jaitsiera hori oso arriskutsu zegoen. Labainkor, lokatzez beteta. Baten bat ikusi nuen ipurdiz jaisten. Bihar gogoratuko da, nire artean.
Otzaurteko jendetza eta beraien animoak ikusita, ezin nuela lasterketa kaskarra egin eta aurrera begira jarri nintzen, Aratz noiz ikusiko zain. Euripean jarraitzen genuen eta giharretan nekea nabaritzen hasi nintzen. Aratzeko magalean, eskuin hankeko bikia igotzen hasi zitzaidan. Falta zitzaidana!
Nola edo ala Aratz tontorrera iristea lortu nuen. Euriak elurrari utzi zion lekua. Hotz egiten zuen eta haizeak gogor astitzen gintuen. Nere buruak berriro ere etxeratzeko esaten zidan, baina non geratu...
Behintzat Santi Spirituko ermitaraino joan behar nuela erabaki nuen. Familiakoak han izango ziren nere zain. Telefonoz deitu nahi nien ez nintzela bertatik pasako esateko, baina hotza zela eta nere behatzak zeharo gogortuta zeuden. Santi Spiritura iristea, beste erremediorik ez zegoen.
Santi Spirituko kontrolean ez nuen inor ezagunik ikusten. Ordea, nire gainean baleude bezala, milaka pertsonen ahotsak eta animoak entzuten nituen. Zerbait jan, edan, eta nere hankeko bikiei reflex pixka bat ematea eskatzen nuen laguntza postuan. Spraiak eragina egin bezain pronto aldapa gora abiatu nintzen.
Etxekoak han zeuden. Beraien ondora iristerako ahaztu nituen lasterketa utzi beharreko aitzakiak eta Aizkorri aldera abiatu nintzen. Aldapa erdian berriro ere burua lanean. Erotuta zaude!! Behean geratu behar zenuen eta etxera joan! Baina ez, bazegoen zerbait bukatzera animatzen ninduena, eta gora begira jarri nintzen berriro.
Reflexaren eragina pasa zen eta berriro nere bikiak dantzan. Ene, ezin hankak zuzen jaso!
Aizkorriko aterpera iritsi  eta segidan barrura, Reflex gehiagoren bila. Zerbait jan eta edan, eta berriro aurrera.
Segidan kontatuko dizuet igaro nuen unerik okerrena. Aizkorriko aterpetik atera eta hankak ezin jaso, harri tartean gora eta behera ibili behar nuen. Niretzat, lasterketako unerik zailena hura izan zen: Aizkorriko erpin guztiak pasa beharra eta gero Urbiara jaisteko aldapa gogor hori.
Pauso arraro bat eman orduko bikiak dantzan nituen, eta beraiekin batera ni. Ezin zuzen egon. Kostata bada ere Urbiara iritsi nintzen. Besoak eta eskuak izoztuta neuzkan, hankak zer esanik ez.
Hotz handia egiten zuen han goian eta elurrak ez zidan gorputza berotzen batere lagundu. Gustora hartuko nuen Urbiako fondan salda bero bat haragi eta txorixo egosiarekin. "Zeinek agindu ote dit niri gaur hemen ibiltzea!"
Horren ordez edari isotoniko bat hartu eta Reflex xorrotada berria bota nuen hankaran. Urbiako zelaietan gorputzeko giharrak askatu zitzaizkidan, jada ez nuen sentitzen giharretako lotura hori eta pixkanaka pixkanaka korri egiteko gai nintzela sumatu nuen. Gorputza gustora sentitu nuen eta aldi berean neu ere bai. Lasterketan sartzen hasi  eta Urbiatik aurrera lasterketaz gozatu nezakeela ulertu nuen. Andraitz gogoz igo nuen eta handik behera basurdeak lokatzetan bezala ibili nintzen –ia gerriraino sartuta–.
Azkeneko 13-14 kilometroetan gozatu nuen, disfrutatu, nahiz eta giharrak juxtu xamar eraman. Hankek korrika egiten ez dutela ahaztu sentitu nuen.
Igandeko lasterketan lagun berria egin nuen, ia lasterketa osoa nere ondoan egin zuena: Reflex du izena.
Hurrengo urterarte esanda agurtu ginen. Eskerrik asko Zegama-Aizkorri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!