Berrogeita zortzi ordu igarota, urnietarra zur eta lur zegoen egindako markarekin. Pozarren, baina azalpen egokiena bilatzen jarraitzen zuen. Hona, Aiurriri eskainitako elkarrizketa:
Zorionak Jokin! Emaitzari eta postuari ikustea besterik ez dago. Sekulako lasterketa egin zenuen
Jokin Lizeaga. Eskerrik asko. Ezusteko izugarria izan da niretzat eta nire ingurukoentzat. Aurtengo denboraldia nola zijoan ikusita, ez nuen inondik inora horrelakorik espero. Lasterketa bukatzera eta gehienez ere 4:40:00 denbora egiteko burutazioarekin irten nintzen. Eta helmugan postu ikusgarria eta denbora oso-oso ona egin nuen.
Hotza, euria, haizea... sufrikarioa izan zen askorentzat.
J.L. Korrika aritzeko zail zegoen, erpin asko arriskutsu eta jaitsierak oso zailak. Denbora egiteko zoruak ere ez zuen asko laguntzen.
Eguraldiari dagokionez, niretzat baldintzak aproposak ziren.
Eguraldiari dagokionez, niretzat baldintzak aproposak ziren. Batzuk hotzez aritu ziren, baina neuk egia esan oso gutxi sufritu nuen. Beharbada helburu handirik gabe atera nintzelako edo, probaren erdia lehen postuetatik urrun eman nuen. Lasterketa aurrera joan ahala lehian sartzeko moduan ikusi nuen nire burua, eta azken 5-6 kilometroak abiada bizian egin nituen. Nire kasuan, bitxia bada ere, nire sentsazioak gehiengoaren alderantzizkoa da.
Argazkia ikusita, Aizkorriko puntan udan bezala zaude!
J.L. Herrian 7-8 graduko tenperatura bazen, Aizkorrin 0 ingurukoa izango zen. Neuk argi nuen tiradun kamisetarekin aterako nintzela, horrela egin dudalako beti. Araudiak xira eramatera behartu gintuen, baina argi nuen ez nuela jantziko. Esparadrapoarekin ondo lotuta eraman nuen gerrian, ahalik eta enbarazu gutxien egiteko.
Bi kilo goitik nago nire pisuan eta beharbada gantz kopurua handiagoa dudalako edo, ez nuen hotzaren beldurrik izan. Eskuak hotz izan nituen une batzuetan, baina izoztuta ez.
Lastima Urnietako maratoi erdian lesionatuta zeundela.
J.L. Jende pilo batek gauza bera esan dit, neuk ordea ez dut halako penarik. Une bakoitzeko egoera onartzen dut. Lesionatuta nengoen, ez diot buelta gehiagorik eman. Gaizki nengoen eta hala tokatu zen. Ainhoari eta herrikideei lagunduz gozatu nuen.
Oso entrenamendu gutxirekin Zegaman ateratzea erabaki nuen. Hanketako mina ere banuen eta ez nuen oso argi izena eman edo ez. Proba bat egin nuen maiatzaren 13an Zegaman bertan. Irteeratik Santi Spirituraino lasterketako erritmoan aritu nintzen, eta minik ez nuen sentitu. Orduntxe erabaki nuen ateratzea.
Harrigarria da niretzat ere, ateratzea ere ez nuelako pentsatzen. Proba egin eta ondo pasatzeko asmoz atera nintzen. Bukatzea nuen buruan, ez inondik inora lehiarako borrokan aritzea.
Baten batek ez zuen nire jarrera ulertzen. Euskal Selekziokoa izanik presiok ez ote nuen galdetzen zidaten, edota ehungarren amaitzearekin ez ote nintzen lotsatuko galdetu ere. Bada, ez, ondo pasatzeko asmoa nuela erantzuten nien.
Gaur da eguna ez dudala ondo ulertzen egin dudan denbora. Logikari erreparatuz, askoz atzerago amaitu beharko nukeela. Ondo prestatuta ere, egin nuen denbora oso ona da. 4 ordu eta hamar minutuko denboratik jaistea oso gutxiren esku dago. Harridura handia nirea da. Prestatzailea naizen aldetik, gainera, gehiago. Bi ordutik gorako entrenamendurik ez dut egin eta apirilaren 17tik hona hamahiru aldiz bakarrik atera naiz korrika egitera... kontuak ez zaizkit ateratzen. Zergatik lortu dudan? Genetikoki maila bat badudala badakit, baina gakoa non dagoen ez dakit. Beharbada presiorik gabe ateratzea, lehen zatian mantso ateratzea, eguraldia,... buruhauste asko ditut nola lortu dudan jakiteko. Pentsatzen nabil agian gehiegi entrenatzen dugula, eta lasterketetara muskularki nekatuta iristen garela,... buruari bueltaka ari naiz.
Lesioa, beraz, erabat gaindituta daukazu.
J.L. Tarteka arazoren bat edo beste ematen dit. Zaintzen eta osaketa lanetan jarraitzen dut berriro lesio berean ez erortzeko.
Eta orain zer? Zer egingo duzu hurrengo hilabeteetan?
J.L. Asmoa Munduko kopako lasterketak egitea da. Uztailaren erdialdetik abuztuaren erdialdera 3-4 proba burutuko dira: Dolomitatan, Alpeetan eta Suitzan. Horri begira nabil, horiek ondo egitea buruan dut.
Aurretik, Sky games mendiko joku olinpikoetan parte hartzeko aukera sortu zait. Aurten Ribagorzan dira, hilabete barru. Horra joateko eskaini didate, eta beharbada animatu naiz.
Hemen inguruan Ereñotzuko lasterketan ateratzeko asmoa dut, hamabost egun barru.
Ederki, zorionak berriro!
J.L. Eskerrik asko zuei.