Aduna eta Asteasu, zero zabor herri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 24a, 17:55

Tolosaldeko hamabost herri txikik zero zabor herri bihurtzeko asmoa azaldu dute eta horien artean daude Aduna eta Asteasu. Helburu hori lortzeko, hondakin organikoa herrian bertan kudeatuko dute.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian alkateek esan dute herri txikietakoak izan arren, bertan bizi diren herritarrak oso konsziente direla gaur egun hondakinen kudeaketa ez dela eraginkorra.

“Txikiak gara, gure kasa ibil gintezkeen, baina lehen esan bezala elkarrekin etorri gara Batzar Nagusietara. Auzolana zer den badakigulako, elkarlana zer den badakigulako dei egiten diegu gu baino handiago diren herrietako eta hirietako alkate zein bizilagunei denon artean Gipuzkoa zero zabor lurralderantz urratsak eman ditzagun. Gu biharko Gipuzkoa gaur bertatik eraikitzen hasiko gara” adierazi dute.

Hondakinen inguruan batzuk polemika sortzen saiatzen ari diren arren, azaldu dute oso harro daudela emango duten urratsaz. “Irrikitan gaude zero zabor herri bihurtzeko. Gauzak ondo egin nahi ditugu, ondo egitera goaz, ez dugu eskubiderik beste herri batek gure zaborra irentsi dezan, ez dugu nahi gure airea errauste planta batek pozoi dezan, gure soro eta baratzak garbi nahi ditugu”.

“Hemen eta orain, Tolosaldeko 15 herri txikiok konpromisoa hartzen dugu guk sortzen dugun hondakin organikoa, kanpora eraman gabe, gure herrietan konpostatzeko”. Azaldu dutenez, batzuk modu batez egingo dute, beste batzuk beste batez, baina sortzen duten hondakin organikoa beren herrietan kudeatuko dute. Herritarrekin batera, herri bakoitza bere erritmora egokituko da.

“Herri txikiak gara baina urrats handiak ematen dakiten herriak gara. Konpromiso handiak hartzen dakiten herriak. Harro diogu: zero zabor herri eredugarriak izango gara, lehenak, baina, ziur gaude, atzetik gehiago etorriko direla, beste alternatibarik ezpaitago Gipuzkoa garbi, jasangarri eta osasuntsu batean bizitzeko”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!