Pili Legarra alkateak eman ditu egunaren inguruko xehetasunak: “Gure eskualdeko herriek Segundo Montes komunitaterakin duten anaieratzea berritu eta ospatzea da jaiaren helburua. Jai horren harira, El Salvadorreko Meanguera herriko bi ordezkari etorriko dira egun batzuk pasatzera. Maria de la Paz Acevedo Ramirez eta Israel Aristides Romero Romero. Maiatzaren 23an etorri, eta ekainaren 5ean joango dira. Urtero etortzen da hango ordezkariren bat eta ekimen bereziren bat ekartzen dute eskuartean. Aurten, euren herriko zenbait gazteri, batxillergoa ikasteko aukera eskaintzea da helburu nagusia. Izan ere, lehen eta bigarren hezkuntzako zerbitzuak badituzte herrian, baina batxillergoa ikasi nahi dutenek kanpora joan beharra izaten dute, eta horrek, diru asko eskatzen du. Ikasten jarraitzeko gogoa azaltzen duten gazteei aukera hori bermatu nahi diete”.
Eskola, udaletxea eta gaztetxea
Senidetze egunaren bezperan, maiatzaren 25ean, Asteasu bisitatuko dute Meanguera herriko bi ordezkariek: “Herria ezagutzeko aukera eman nahi diegu; eskola ikustera joango gara eta udaletxea ere bisitatuko dugu. Horrez gain, badut asmo berezi bat; gaztetxera joan eta Asteasuko gazteekin hitz egiteko aukera izan dezatela nahi dut. Zer egin duten, zein asmo dituzten…, bisitaldia elkar ezagutzeko baliagarria izatea nahi dut”, azaldu du Pilik.
Festa giroa kalean
Maiatzaren 26an ospatuko da Senidetze eguna; goizetik hasi, eta arratsaldera bitarte izango da zertaz gozatua. Hala jakinarazi du Pili Legarra alkateak: “Ekitaldi ofiziala goizean egingo dugu. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udal ordezkariak izango gara bertan, El Salvadorretik etorritakoei ongi-etorria egiteko. Asteasuko Udalak opariren bat edo beste emango die; beti ere, erabilgarria izango zaien zerbait ematea izaten dugu helburu. Hori amaituta, festa kalera irtengo da. Herritarrek ere senditzearen berri izan dezatela nahi dugu eta horretarako, kalean izatea da modurik zuzenena. Eguerdian, gainera, elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango dugu. Bazkari horretatik ateratako dirua, beraiek eramango dute aurtengo ekimena martxan jarri ahal izateko”.
Senidetze eguna Asteasun egiten den lehendabiziko aldia da: “Zizurkilen hasi zen, Aduna eta Villabonak hartu zuten lekukoa, eta aurten, guri egokitu zaigu antolatzea. Datorren urtean zizurkildarrek errepikatu egingo dute antolaketa lanetan”, azaldu du Pilik.
Maiatzak 26, larunbata
Egitaraua
11:00. Meanguera herritik etorritako ordezkariei harrera ofiziala, Asteasuko udaletxean. Herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldian parte hartzera.
Ondoren, kalera zabalduko da festa giroa. Trikitilarien saioa eta taloak dastatzeko aukera, besteak beste.
13:00. Kale harrera herrikoia plazan. Herriko dantzariek eta bertsolariek saioa eskainiko dute. Haurrentzako jokoak ere antolatuko dituzte: lokots bilketa, sokatira…, Eguraldi txarra eginez gero, pilotalekuan egingo dira kaleko ekitaldi guztiak.
Ondoren, gizon froga.
14:00. Herri bazkaria. Txartelak salgai lau herrietako udaletxe eta tabernatan. Hemezortzi urte artekoentzat 10 euro eta adin horretatik gorakoentzat 15 euro.